Parisko maiatzaren lehena
2016ko Lan Kodearen erreformatik, gero eta jendetsuagoak izan dira Parisen Maiatzaren Leheneko manifestazioak. Jendeak Macron polizien (eta aberatsen) presidente izendatzeraino gogortu du errepresioa gobernuak. Jaka Horien mugimedua piztu ondorengo Maiatzaren Lehenean, izugarria izan da Poliziaren biolentzia. Manifestatzeko eskubidea bera mugatzen ari da etengabe Frantziako Estatua: legeak gogortuz edo berriak eginez, mobilizazioetara Polizia gehiago bidaliz, aspaldi erabili gabeko teknikak erabiliz eta langileengan beldurra zabalduz.
Etxean hartu gaituzten kideekin CNTren lokalean prestaketa lanak egin, eta manifestazio libertarioan izan ginen goizean: furgoneta, ura eta bokatak, propaganda... Ordena zerbitzu bat ere antolatu ohi dute, dena ondo doala ziurtatu eta manifestariak elkar zaindu eta babesteko. Sekretak, poliziak kamera handiekin… Ezer larririk gertatu ez arren, tentsioa nabaria zen. Montparnassera joan ginen ondoren, manifestazio nagusira.
Hedabide nagusien arabera, 80tik gora lagun atxiki zituzten “prebentiboki” maiatzaren 1ean, manifestazio bateratuaren aurretik. Ondoren, 300 baino gehiago atxilotu. 7.400 jendarmetik gora mobilizatu zituzten, eta lehen aldiz, suhiltzaileak erabili zituzten inguruko kaleetan trafikoa bideratzeko. Propio jarritako kamerak, droneak, motorrak, ura botatzeko tankeak, montaje polizial-mediatikoak… Frantziako Estatua ere urteotako gatazkak laboratorio errepresibo gisa erabili eta salbuespenezko neurriak normalizatzen ari da etengabe; ezagun zaigu hori guztia eta, ezinbestean, Euskal Herria datorkigu gogora.
Metrotik irten bezain laster, Poliziaren kontrola, jende guztia miatzeko. Manifestazioan sartu bezain pronto, gasa eta kargak milaka manifestari zeuden lekuan. Kale gehienak hartuta zeuzkaten, eta noiznahi pasatzen ziren edozein lekutatik modu bortitzean, porra, gas eta flashball eskopetekin. Azken hiru urteetan bezala, aurrealdean izan ziren kargarik eta liskarrik bortitzenak. Manifestazio burua hartu, eta beltzez jantzitako ehunka gaztek erantzun zieten poliziei, tartean bankuen eta espekulatzaile handien aurka eginez.
Aurrera egin eta sindikatuen furgonetekin bat egin genuen. Bakoitzak bereak eraman ohi ditu, musika eta aldarri ugarirekin. Bandera eta pankarta ugari, jaka horiz jantzitako jendea, margoketak nonahai, greba orokorrerako deiak, Vive La Commune banderan hizki gorriz, kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako oihuak, Macronen eta Poliziaren aurkakoak… Munduko herri langile ugariren aldarriak ikus zitezkeen tarteka: palestinarrak, sahararrak, Yemengo gerraren aurkakoak, kurduak, ikurrinaren bat.
Errepresioa gogorra izan arren, langileria batu eta antolatzeko zailtasunak eta erronkak handiak izan arren, azken urteotako mugimenduek estuasunean jarri dute Europako gobernu handietako bat. Astez aste, kapitalaren morroiak zilegitasuna galduz doaz herritarren artean, aurtengo Maiatzaren Lehenak argi erakutsi duenez. Eta ezin ahaztu, egoera horretan, udan gure herrian egitekoa duten G7a. Munduko zapaltzaileen ordezkari gorenen bisitak Euskal Herrian jarriko du fokua, eta tamainako erantzuna ematea ez da erronka makala.
Patriarkatu kapitalistaren, inperialismoaren, G7aren eta bere munduaren aurka, bizitzea merezi duten bizitza duinen alde, gora herri langileon borroka!