Greziako brigadaren lehen kronika! Etsipenaren aurkako borroka

Kokiniá, auzo gorria

Igande goizaldean iritsi ginen Atenasera, eta KOEko kide batek bere etxean hartu gintuen. Atseden hartu eta gero, Kokiniá auzora joan ginen. Kokiniá langile auzo bat da. 20. hamarkadan Turkiako kostaldetik kanporatutak izan ziren greziarrek sorturiko auzoa da. Atenaseko kanpoaldean dago, eta garai horretan ez zegoen inongo egiturarik; hortaz, bizi-baldintzak txarrak ziren eta elkarren arteko laguntzan oinarrituta aurrera egitea lortu zuten; horrexegatik, komunitate handiko auzoa da. Bertan, KOEren gune sozial batera eraman gintuzten, eta hango jendearekin, Euskal Herriko eta Greziako borroka-esperientziak trukatu genituen. Ondoren, ibilaldi historikoa egin genuen. Azaldu zigutenez,  II. Mundu Gerran naziek Grezia okupatu zuten. Kokinián ordea, erresistentzia indartsuarekin egin zuten topo. 1944ko martxoan naziak auzoa bereganatzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten auzoko gerrilla garaitu. Zoritxarrez, abuztuan, ospakizun egun baten biharamunean denak lo zeudela baliatuz naziak auzoaz jabetu ziren. Ehunka pertsona fusilatu zituzten, gerrillakoak eta senideak izateagatik. Memoria ezabatu nahian, hori gertatu zen plazan eliza ortodoxo bat eta bestelako erakinak egin zituzten baina, aldaketak aldaketa, erresistentzia-sinbolo da oraindik.

 

Exarchia

Arratsaldean, Exarchia ingurura joan ginen. Han dago unibertsitate politeknikoa. 1973ko azaroan, yankiek sostengatutako diktadura militarraren azken garaian, ikasleek hiru egunez okupatu zuten, eta, azkenean, tankeek atea bota eta militarki esku hartu zuten. Ordutik, manifestazio jendetsuak antolatzen dira urtero, unibetsitatetik Estatu Batuetako enbaxadara, gertakari horiek gogoratzeko.

Exarchia oso ospetsua da, batez ere joera libertarioko hainbat borroka eta ekimenen gertaleku delako, baina bestelako prozesuak ere gertatzen ari dira. Alde batetik, arazo handia dago drogarekin, eta bertako mugimenduen arteko istilu-iturri izaten ari da horren aurrean hartu beharreko jarrera. Bestetik, munduko beste hainbat hiri handitako auzoetan gertatzen ari den moduan, gentrifikazio-prozesu bat ari da gertatzen: alokairuen prezioa igotzen ari da, auzoa taberna eta kafe modernoz betetzen, polizia berriro sartzen hasi da…

 

Menderakuntza baten historia

Hurrengo egunean, astelehenean, KOEko kideek beren bulego nagusietara eraman gintuzten. Han editatzen dute “Ezkerraren Bidea” astekaria. Argitalpen horretan, KOEko kideek eta bestelakoek hartzen dute parte. Oro har, prentsa idatzia gainbeheran dago, eta hori, nolabait, greziarren etsipenaren isla moduan uler daiteke; dena den, ezkerreko alderdi eta talde guztiek dute ohitura beren egunkari eta aldizkariak argitaratzeko, beren ideiak zabaltzeko asmoz.

Jarraian, militante historiko batzuekin elkartu, eta Grezia modernoaren historia azaldu ziguten. Bereziki nabarmentzekoa da Grezia beti egon dela, bere historia modernoan behintzat, garaian garaiko indar inperialisten menpe. Kokapen geopolitiko estrategikoa duenez, interes handia izan dute haren jabe egiten, era batera edo bestera: Otomandar Inperioa, naziak, britainiarrak, yankiek sostengatutako diktadura… Eta, gaur egun ere, bestelako menpekotasun-egoera bat du: azken urteetan aplikatu diren erreskateen (memorandumak) eta ondoriozko neurrien bidez, estatu, multinazional eta banketxe boteretsuak Greziako azpiegitura estrategikoez jabetu dira, eta, gainera, esku-hartze zuzena dute parlamentuan eta gainerako erakundeetan hartzen diren erabakietan. Greziaren burujabetza hutsaren hurrengoa da. Are gehiago, arriskua dago Greziako estatua eta bere lurraldetasuna bera desegiteko, aipatu ditugun interes horiek eta Turkiako politika espantsionista dela medio.

 

Galatsi: harreman sozialak eraldatzen

 Arratsaldean, Galatsi auzora abiatu ginen. Auzo hori klase ertain-baxuko jendeak osatzen zuen; ordea, krisiaren eraginez, bizi-maila nabarmen okertu da, Grezia osoan bezala (biztanleriaren % 50 pobrezian dago eta %33, pobrezia-atalasearen azpitik). Auzo honetan, estrategia integral bat abiatu du mugimendu antolatuak. Oraingoz, hiru ildo nagusi ditu: lehena auzo osoaren topagune bilakatu nahi duten gune politiko-soziala, elkarren arteko harremanak sustatzeko eta auzo problematikak identifikatzeko; bigarrena proposamen munizipalista bat da, eta auzoa eraldatzeko plan integral bat aurkeztu dute. Hirugarrena kontsumo-kooperatiba da.

 

Kooperatiba horrek bi helburu nagusi ditu: egoera okerrenean daudenen premiazko beharrei erantzutea eta auzotarren arteko harreman sozialak eraldatzea. Izan ere, aipatu dugun bezala, pobrezia asko zabaldu da auzo horretan, eta jende askok zailtasunak ditu elikagaiak eskuratzeko. Harremanei dagokienez, kapitalismoaren eta azken urteetako krisiak sortutako gabezia larrien eraginez, jendea deshumanizatu egin da nolabait: etsipena da nagusi, nork bere burua salbatzea beste aukerarik ez du ikusten, joera indibidualistak eta etsaitasuna zabaldu dira, eta proposamen horren bidez, kolektibotasunean oinarritutako harremanak bultzatu nahi dituzte, egoera irauliko duten borrokak martxan jartzeko asmoz.

Funtzionamenduari dagokionez, bi lerro ditu: bata, kontsumoarekin lotuta dago. Denda txiki bat dute, eta kalitate handiko produktuak eta ahal den neurrian Grezian ekoitziak prezio baxuetan saltzen dituzte. Denetarik saltzen dute, oinarri-oinarrizko elikagaiekin hasi ziren, baina, gerora, bestelako produktuak ere eskaintzen hasi dira. Horrek aukera ematen die, alde batetik, ateratako etekinen bidez oinarrizko produktuak merkeago jartzeko, eta, bestetik, gazteak erakartzeko. Esaten dutenez, ez dira guztiz ateratzen merkatuaren logikatik, baina baliagarri zaie jendea erakartzeko. Bigarren lerroa klase elkartasuna da, berdinen arteko elkar-laguntza. Kooperatibatik ateratzen dituzten etekin guztiak bi langileren soldata duinak, lokalaren gastuak ordaintzeko eta behar handiena dutenei elikagaiak emateko erabiltzen dituzte. Nahiz eta bi pertsona dituzten soldatapean, auzolanean ateratzen da aurrera: 50-100 bat pertsonak parte hartzen dute proiektuan.

Ikusi dugunaren arabera, herri mugimendua asko apaldu da azken urteotan, etsipena da nagusi, baina badaude etsipen hori indar iraultzaile bihurtzeko lanean ari diren mugimenduak. Datozen egunetan, Kretan, horrelako beste batzuk ezagutuko ditugu, bestelako testuinguru batean, eta Euskal Herriaren berri emango dugu. Adi ibili!