Greziako brigadaren 2. kronika: Kreta ezagutzen
Astelehenean, uztailaren 2an, Kreta uhartera iritsi ginen, Greziako uharterik handienera. KOEko kideek harrera egin ziguten, Heraklion, eta ingurua ezagutzera joan ginen. Iluntzean, Tabya zentro sozialean, solasaldi bat antolatu ziguten. Euskal Herriko borrokaren historia eta gaur egungo egoera azaldu genuen, eta, ondoren, eztabaidarako tartea hartu genuen. Ikusi genuen interes handia dutela, denetarik galdetu baitzuten.
Hurrengo egunean, Chochilos elikadura arloko kooperatibako eta Be.Collective eragile komunaleko kide batek proiektu horiek azaldu zizkigun. Lehena tokiko produktuak saltzen dituen denda kooperatibo bat da, eta bigarrena lehen sektoreko produkzioan aritzen den taldea.
Tiganitis kirol kluba: kirolaren bidez komunitatea eraikitzen
Tiganitis Heraklioneko kirol klub bat da. 2015ean sortu zuten batez ere mugimendu anarkistatik zetozen hainbat lagunek. Haien helburu nagusiak futbol modernoari aurre egitea, komunitatea eraikitzea eta futbolak jendea mugiarazteko duen ahalmena baliatzea da. Oinarri nagusitzat antifaxismoa, antiarrazismoa eta antisexismoa dituzte.
Haien arabera, sistema kapitalistan, etekin ekonomikoa ateratzeko balio duten kirolak baizik ez dira bultzatzen, eta garrantzitsua da kirola merkatutik atera eta dituen eragin positiboak zabaltzea: komunitatea eraikitzea, osasuna, harremanak egitea…
Hasieran, nahiko talde itxia omen zen, baina, hainbat eztabaidaren ondoren, erabaki zuten irekiagoak izan nahi zutela, eta haiekin guztiz bat egiten ez zuen jendea sartzeko apustua egin zuten, betiere hiru baldintza betetzen bazituzten: antolakuntza autokudeatuarekin bat egitea, futbol modernoaren eta kirolaren merkantilizazioaren eta sexismoaren, arrazismoaren eta faxismoaren kontra egotea.
Garrantzia ematen diote guztiz ados egon gabe ere jendea elkartzeari, horrek aberastu egiten baititu eta, lan handiagoa ematen badu ere, merezi duela uste dute, mugimendua ez dadin sektario bihurtu, eta pixkanaka jendarteko esparru zabalago bat eraldatzeko.
Klubaren funtzionamenduari dagokionez, hainbat talde dituzte. Futbolarekin hasi baziren ere, saskibaloiko taldeak ere badituzte. Gaztetxoentzako taldeak sortu dituzte, garrantzitsua iruditzen zaielako kirolak, batez ere adin horretan, dituen eragin positiboak hedatzea. Besteak beste, Greziako langileen futbol-txapelketan parte hartzen dute. Ikusi zuten gizonek baizik ez zutela jokatzen, indarkeria handia eta jarrera desegokiak zeudela, eta talde misto bat osatu zuten txapelketa horretako joerak aldatzen saiatzeko. Horri esker, txapelketan beste emakume batzuek parte hartzea ere lortu zuten.
Beste gatazka batzuen artean, beraz, sexismoari erreparatzea erabaki zuten. Urtero lantzeko gai bat aukeratzen dutenez, iazkoa hori izan zen. Urte osoan, talde bat biltzen aritu zen, emakumezkoen taldeak zituzten Kretako futbol-talde guztiekin hitz egin zuten, jokalariekin, entrenatzaileekin... Gainera, feminismoen klasikoak irakurri zituzten. Ikasturte bukaeran, 30 bat orriko hausnarketa bat idatzi eta klubaren jaialdian eta Kretako beste hainbat lekutan zabaldu zuten.
Azken batean, kirola politizatu nahi dute, komunitatea eraiki eta arlo horretan nagusi diren jarrerak aldatu, sexismoaren, faxismoaren eta arrazismoaren kontrako borroka indartzearekin batera.
NATOren Xaniáko basea
Xaniá hiriko arazo nagusietako bat turistifikazioa eta haren ondorioak badira ere, NATOren base garrantzitsuenetako bat dago han, eta, beraz, NEKA plataforma antimilitarista eta antiinperialistako kide batekin elkartu ginen, base hori zertan den eta nazioartean, Grezian eta tokian bertan dituen ondorioen berri izateko.
Batez ere, kokapen geopolitikoagatik jotzen dute estrategikotzat hiri hori. Besteak beste, base horren zeregina gerran dabiltzan militarrak hornitzea da. Horrez gain, zerbitzu berezi bat ere martxan jarri da: Mediterranoa zaintzen dute, errefuxiatuak kontrolatzeko, piratak geldiarazteko eta multinazionalen ontziak babesteko. Azken batean, botere inperialista nagusien interesak defendatzeko itsasoko kontrola da.
Gerran ibilitako militarrek atseden hartzeko ere erabiltzen da, eta horrek arazo ugari dakartza hirira: alkoholaz abusatzen dute, gehiegikeriaz aritzen dira, emakumeei etengabe eraso egiten diete... Gainera, Greziako Gobernuarekin egindako akordio bati esker, ezin dira Grezian epaitu, Estatu Batuetan baizik, eta, ondorioz, inpunitate osoa dute.
Dena dela, badaude NATOren base horren aldeko ahotsak. Besteak beste, Turkiaren joera espantsionistatik babesten omen dituztelako eta irlan dirua uzten dutelako. Halere, diru hori ez da herritarren poltsikoetara iristen, turismoaren sektorean aritzen diren kate transnazionalen eta tokiko enpresarien poltsikoetara baizik. Beraz, garai batean oposizio indartsua izanagatik ere, gaur egun normalizatu egin da; gerra-garaietan izan du oihartzunik handiena, NATOren ardura ikusgarriago egin ahala kontrako erreakzioa ere indartzen baita.
Grezian beste arlo askotan ikusten den moduan, borroka honetan ere etsipena da nagusi: asko kontra egonik ere, ez dute uste ezer egin daitekeenik, eta horren erantzule, neurri handi batean, alderdi politikoak (batez ere ezkertiarrak) omen dira, kontrako diskurtsoa zabaldu arren, finean basea babesten dutelako. Hain zuzen ere, aipagarria da azken urteotakoa izan dela Greziaren eta AEBen arteko harremanen arteko garairik oparoena.
KETHEA Mosaic: terapia kolektiboa
Kretatik Tesalonikara bidean, Atenasen geldialditxo bat egin genuen, KETHEA menpekotasunak dituztenentzako terapia zentroko langileen sindikatuko kideekin hitz egiteko. KETHEA Mosaic zentro horrek herrialde osoan dituen lokaletako bat da, eta, batez ere, etorkinekin eta errefuxiatuekin egiten du lan, beste herrialde batzuetako jatorria duen jende asko bizi den auzo batean dagoelako.
Haien apustua terapia-komunitateak dira. Uste dute menpekotasunen kontrako lanean, komunitatea giltzarri dela, eta horri jartzen diote arreta. 80. hamarkada hasieran hasi ziren lan horrekin, eta oraindik ere jarraitzen dute.
Grezian era kolektiboan bizitzeko kultura errotuta dagoenez, hori bultzatu nahi izan zuten. Drogei ordezkoak jarri beharrean (metadona edo bestelako botikak), terapia kolektiboa da tresna, nahiz eta buruko gaixotasunak dituztenekin botikak erabiltzen dituzten. Beraz, nolabait esateko, erdigunea ez da terapia bera, komunitatea baizik. Horretarako, auzoan, senideekin eta abar ere lan egiten dute.
90. hamarkadatik aurrera, terapiatik bizirik irautearen politikara aldatzeko joera nagusitzen hasi zen, arreta pertsonengan jartzetik, gorputzean jartzera, eta paradigma aldaketa bat ekarri zuen, menpekoek zerbitzuak eskura izateko eskubidea aldeztea bihurtu baitzen garrantzitsuen, eta ez komunitatea, joera neoliberalekin bat etorriz.
Haiek beren lanarekin jarraitzen badute ere, joera hori mundu osoan nagusitzen ari dela ikusten dute, kapitalismoaren azken urteetako ofentsibarekin batera: kolektibotasunaren eta komunitatearen kontrakoa eta norbanakoen erabakitzeko aukeren aldekoa. Lehen, menpekotasunak gaixotasun sozialak ziren, eta gero, berriz, gaixotasun mentalak.
Azken batean, eredu psikosoziala defendatzen dute biologizistaren aldean, eskubide kolektiboak norbanakoen eskubideen aldean eta komunitatea atomizazioaren aldean.
Atenasen geldialditxoa egin ondoren, Tesalonikara abiatu ginen, iparralderantz.