Libanoko brigadaren lehen kronika Shatilatik!

Hirugarren eguna daramagu Shatila eremuan eta dagoeneko berora ohitzen hasi gara. Shatila Beirut hiriko eremu metropolitanoko esparruan dagoen palestinar errefuxiatu kanpamentu bat da,  hemengo errealitatea beste mundu batekoa dela dirudi,  kablez jositako adreiluzko hiri bat, kale-bizitza kaotiko baten baitan. Hasieran, 50.etako hamarkadan, denda-etxebizitzak ziren, gaur zementu ta adreiluzko etxeak dira zeinak  gorantz eraikitzen diren espazio faltarengatik.  Are gehiago, eguzki izpiak nekez sartzen dira Shatilako txoko askotara. Elektrizitateari dagokionez,  argindar publikotik elikatzen dira eta kanpamendu osorako bost generadore dituzte, askotan argindarraren joan etorriak ematen dira baina hauen bizitzak “normaltasunez” jarraitzen dute. Etxeetako ura itsasotik hartzen dute, beraz egunero ur botilak erosten egon behar dira, kaleak plastiko hondakinez josiz.


Shatila esparruan, ez dago datu zehatzik baina 13.000 errefuxiatu erroldatuta daude baina 35.000 errefuxiatu bizi dira non hauetatik %60 palestinar errefuxiatu diren. Gainontzekoak siriarrak eta libanoarrak direlarik”. FPLPko kide batekin elkartzean helarazi zizkigun datuak dira,  jakin badakigu ere, irakiarrak, kurduak,  ipar Afrikako eta Bangladesheko biztanleria ere daudela. Ideia bat egiteko,  2Km2tan 40.000-45.000 pertsona bizi dira.


Kanpamentuan bertan,  pertsona ezberdin asko ezagutzeko parada izan dugu, 1982. urtean Shatilako sarraskia (Israeldar armada eta Libanoko Falangeek burututa) bizi zuten hamaika pertsona, mediku diren beste batzuk, baita ere Kubara medikuntza ikastera joan ziren beste profesional batzuk. Haien bizipenak eskuzabaltasun guztiz partekatu dituzte, horrela, jakin izan dugu 1982an kanpamentuan bertan sarrerak blokeatu eta israeldarrak sartu zirela aurrean topatzen zituzten eraikinak suntsituz bertan bizi ziren palestinarrak gorpuak eskonbroekin nahastuz. Ondoren, atxiloketak gauzatu zituzten jakin gabe oraindik ze gertatu zitzaien atxilotuei.


Kuban ikasteko aukera eduki zuten emakume-gizonekin ere elkarrizketetan murgildu gara, Fidel eta Che-ren irudia hitz politez josi dute eta hamaika aldiz azpimarratu dute kubatar herriak eman dien elkartasuna, gainera han ikasketak gauzatu dituztenak lanpostu duinenak betetzen dituzte kanpamenduan. Guri dagokigunez, bereziki haien laguntza eta babesa ezinbestekoa izan da kanpamenduaren kale kantoi umeletan mugitzeko eta biztanleekin komunikatzeko, itzultzaile lanak gauzatu baitute haiek.


Horrela, palestinarrek sufritzen duten arazo sakonena lanaren afera dela ohartu gara. Errefuxiatu palestinarrak Libanon ez dute eskubiderik 72 lanpostutan lana egiteko, ondorioz, ez dute baliabide ekonomikorik euren bizitza duintasunez gauzatzeko. Azken egunotan, Libanoko Lan Ministroak sua hauspotu du, errefuxiatuak lana egiteko beharkizun berezi bat beharko zutela helaraziz, kanpamenduak eguneroko protestekin erantzun diete hitz probokatzaile hauei.


Azkenik, hiru egun eskas hauetan zehar frente ezberdinekin egoteko aukera izan dugu hauen errealitate eta ikuspuntu ezberdinak jasoz. Kontatutako perspektiba ezberdin hauek nahiko anitzak izan dira ezen 1948a baino lehen zegoen eskenatokira itzuli eta Israeli inongo zilegitasunik ez eman edo 1967ko mugak hartuz bi estatuen arteko elkarbizitza eta negoziaketa parekide bat emateko bi taktiken arteko pentsamoldearekin topa baikara, Palestina Okupatu osoa askatzeko estrategian guztiek bat egiten badute ere. Halabeharrez gaur egun ez dute horretarako indarrik ezta haien herrira itzultzeko eskubiderik ezta ere, herrialdeek mugak itxi dituztelako palestinarrentzat, horregatik frente eta erakunde guztien batasunarekin eta dituzten baliabide guztiekin haien herrialdera borrokara batzeko ahaleginetan jarraituko dute.