Venezuelako brigadaren lehen kronika Caracastik!

Abuztuaren 3an Corriente Revolucionaria Bolivar y Zamorako (CRBZ) 6 kideen hilketa dela eta beren omenez egindako ekimenean parte hartu genuen Venezuelan dagoen Askapenaren brigadakideok.


Manuel Cordero Benitez, Milagdi Olidey Garrido Navas, Alexis Ontiveros, Endis Jhoncley Rojas Peña, José Gerardo Rojas eta Kevin Alirio Navas Rodríguez CRBZko militanteak baita Brigadas de Defensa Popular Hugo Chavez-eko kideak pasa den uztailaren 27an erahil zituzten Ticoporoko baso-erreserban (Barinaseko departamentua). Kideak motor bat konpontzen ari zirela janari-kamioi batetik ezezagun talde bat tiroka hasi zen, lagunen bizitzarekin amaituz. Alde batetik, euren ekiteko era eta bestalde, azentu kolonbiarra zeukan emakume bat operazioaren buru izatea, taldeak entrenamendu militarra zeukala pentsatzera eramaten du, taldea polizia-ohi venezuelar eta paramilitar kolonbiarrez osatuta zegoelarik. Kontuan hartu beharra dago, azkeneko egunetan Autodefentsa Kolonbo-Venezuelarra talde paramilitarrak FANBeko kideak (Fuerza Armada Nacional Bolivariana) erasotu dituela eta militante chavistei mehatxu konstantea egin die.


Hala eta guztiz ere, eraso koldarra gertatu eta aste batera, alegia, abuztuaren 3an, kide guztion elkartasuna euren erasoak baino askoz indartsuagoa dela erakutsi dugu. Hori dela eta, Caracaseko zinema batean, CRBZ erakundeak antolatutako omenaldi batean organizazio desberdinetako lagun asko, hala nola, ¡Alexis Vive!, La otra escuela edo Askapenako brigada honetako kideok, ausardiaz eta duintasunez beteriko ekitaldi batean parte hartu dugu borrokan jarraituko dugula eta Venezuelako prozesu iraultzaile eta bolivarianoa defendatuko dugula argi utziz.


Indarrez beteriko mezuak zabaldu dira, baita bideo baten Sao Pauloko foroan parte hartu zuten taldeen eta pertsonen dolu eta elkartasun adierazpenak. Arras interesgarria eta aipagarria izan da Juan Carlos Loyoren (nekazaritza eta lurren ministro ohia) agerraldia, zeinek guda hibridoa zertan datzan esplikatu digun. Herri zoragarri honek pairatzen duena ez da egun gerra bat non bonbek eta tiroek herritarren bizitzekin bukatzen duten. Venezuelako lurralde desberdinak kontrolatzeko eta prozesu iraultzailearekin bukatzeko saiakeran, AEB eta EB bezalako herrialde eta erakunde inperialistek guda ekonomiko eta mediatikoan, baita beste edozein frontean, erasotzeko kapazak direla erakutsi dute, heriotzera arte ere helduz, sei kamaradekin gertatu den bezala.


Hori dela eta, egungo borrokan ezker mugimenduen artean egon daitezkeen ezberdintasunak alde batera utziz, etsai komunaren kontra, hau da, inperialismoa eta kapitalismoaren kontra, batasunaren garrantzia azpimarratu dute, batera indartsuagoak baikara.


Amaitzeko, Argentinatik etorritako lagun batek adierazitako esamoldearekin bukatzea gustatuko litzaiguke: Kondaira azteca baten arabera, gudari bat hiltzen denean, honen arima tximeleta bilakatzen da. Horregatik, ar kapitalisten mundu batean, tximeleta izateko ausardia eduki behar dugu.