Palestinako bigarren brigadaren kronika!
Palestinara heldu bezain laster atentzioa deitzen duen lehendabiziko gauza harresiak duen garrantzia da, bai errepidetik joan bai herri zein errefuxiatu zelaian egon beti presente dagoena. Honakoa "segurtasuna" mantentzeko duten obsesioaren adibide argi edo bisualena izan badaiteke ere, ez dugu ahaztu behar horixe dela: adibide bat. Izan ere, check pointak, poliziaren presentzia, kolonoak babesteko kaletik dabiltzan sekretak, ahotsa ezagutzen duten kamerak eta abar egunerokotasunaren parte dira Jerusalemen.
Jerusalemek jasaten duen kontrola ulertzeko, testuinguru politiko zein historikoa ulertzen saiatu beharko ginateke aurrena. Historiari dagokionez, bere sorrera erromatarren garaikoa da eta zibilizazio ezberdinak pasa izan dira bertatik, palestinarrak beti bertan presente egonik. Horrela izanik ere, I. MG-ren ondoren Britainiar erresumaren eskuetan egotera igaro zenean palestinarren arteko bereizketa etniko zein erlijiosoak indartzeko saiakerak hasi ziren. 1917ko Balfourteko deklarazioaren bidez, 1948an sortuko den Estatu Sionistak zilegitasuna lortuko du eta palestinarrak diren lurrak zein higiezinak era masiboan bereganatzeari ekingo dio. Horri jarraiki, 1948an eragin zuten Nakba dela eta, palestinar askok haien etxeak utzi zituzten gerra amaitutakoan bertara bueltatzeko ideiarekin. Bueltatu zirenean ordea, haien etxeak sionistengatik okupatuak izan zirela ikusi zuten, sionistek egindako lege multzo baten ondorioz aurreko urteetan bertan bizi izan zirela frogatzeko aukerarik eduki ezean honakoak sionisten eskukoak izatera igaroko baitziren. Horrela, 1967ko sei eguneko gudaren ostean palestinar asko jordaniar errefuxiatuak izatera igaroko dira, haien lurretan ibiltzeko askatasuna bera ere ukatua izango zaielarik.
Gaur egun, prozesu horrek aurrera jarraitzen du. Adibide bezala, "Damascus gate" izenaz ezagutzen den Jerusalemeko alde zaharrera sartzeko ate garrantzitsuenetik igarotzeko zailtasunak ipini nahia dago, palestinarrak ekonomikoki itotzea helburu duena, turismoa Jaffako atera bideratuz, honakoak auzo judutarretik baino ez daitezen igaro. Era berean, ikuspuntu hori zabaltzeak Jerusalemeko biztanleria osoa judutarrak direla pentsatzera eramateko estrategiari ere jarraitzen dio, gida turistikoek ideia hori zabaltzeko funtzioa betez. Honez gain, palestinarrek jazarpen bortitza jasaten dute, sufritu ditzaketen erasoen beldur horrek gauez kalera ez irtetzea dakarrelarik, besteak beste. Gainera, israeldarrek buruturiko erasoek erantzukizunik ez izateak segurtasun ezaren sentsazioa areagotzea dakar, sionistek eramaten dituzten bizkarzainak identifikatu ezinak direlarik. Ikusitako nahiz entzundakotik abiatuz, ukatu ezina zaigu palestinarrek egun Apartheid egoera bizi dutela eta haietako baten aburuz, Hego Afrikak bere garaian sufritutakoa baino lazgarriagoa kontsidera genezakeena. Aipatutakoaz gain, bereiztutako bi unibertsitate daudela ipini genezake adibidetzat, palestinarren unibertsitateko tituloei balio gutxiago aitortzen zaielarik eta palestinarrek sionisten unibertsitatera joatekotan ikasleen arteko bereizketak jasango dituztelarik. Azkenik, aipatzea Jerusalem hiri turistiko bilakatu nahi dutela eta ahal beste entretenimendu sortzen ari direla palestinarren kaltetan, esaterako, "tolerantzia judutarraren museoa" sortuz mila urte inguru zituen hilerri palestinar baten gainean, edo zentro komertziala sortuz lehenago palestinarren etxeak zeuden lekuan. Jerusalemeko turismo saldoa etengabea izan dadin Jerusalemen nazioarteko aireportu bat, tren sare handia eta metropoliarekin lotuko duen tranbia proiektuak aurrera eraman nahi ditu estatu sionistak. Azpimarratzekoa da Gipuzkoako CAF enpresak tranbia hau egiteko lizitazioan jarraitzea, langileek lehiaketa honetatik behin eta berriro irteteko eskatu dioten arren.
Arestian esan bezala, jatorriko herri edo hiritik kanporatutako biztanle asko du Palestinak. Hauetako batzuk Palestinan bertan sortutako errefuxiatu guneetan bizi dira. Gune horietako bi ezagutzeko aukera izan dugu Bethlehemen kanpoaldean, Aida eta Dheisheh, zeintzuek Betlehem inguruan bizi ziren errefuxiatuak jasotzen dituzten. Goraipatzekoa da bertako biztanleek duten antolakuntza gaitasun zein formakuntza politikoa, jasaten duten zapalkuntzari eraginkorki aurre egiteko balio zaiena. Auzo hauek izan dira, hain zuzen ere, palestinarren erresistentziaren indargune garrantzitsuenetako batzuk. Esan beharra dago, espazio hauetan Palestinaren Askapenerako Fronte Popularraren (PFLP) presentzia nabarmena dela, era berean, gune ezkertiarra izateak jomugan egotea dakarrelarik. Honez gain, ume nahiz gazteei etorkizun hobea eskaintzeko asmoz espazio ezberdinak antolatu dituzte, Amaleko eta Laylaceko zentroak horren erakusle izanik. Bertan umeek jolasteko jostailuak dituzte, haien sentimenduak azaleratzeko jarduera ezberdinak burutzen dituzte eta ikasketekin laguntza jasotzen dute gaztaro aberasgarriagoa eduki dezaten.
Errefuxiatuen egoera ezagutzeaz gain, Hebroneko egoeraren berri izateko aukera ere izan dugu. Bertan sionisten okupazioa are agerikoagoa da, alde zaharreko zentroan dauden koloniek sorturiko egoera jasangaitzarengatik. Beste hiri batzutan ez bezala, bertan ez dute palestinarrak kanporatzea lortu eta hori dela eta, kolonia horretan palestinar nahiz sionistak auzo berean bizi dira eguneroko erresistentzian. Leku berdinean bizi diren heinean, palestinar horiek etengabeko eraso eta umiliazioak jasaten dituzte, bai uniformatutako militar edo polizien eskutik eta baita, eta batez ere, mentalitate militarra duten kolonoen eskutik. Azken hauen zigorgabetasuna soldaduek beraiek bermatzen dute.
Pertsonek zuzenan jasaten duten kalteei dagokionez, ez dugu ahaztu behar, kolonia bat den heinean, bertara check point bat igaroz baino ezin dela sartu. Turistek horra sartzeko askatasuna duten arren, palestinar egoiliarrak baino ezin dira igaro, haien senide edo lagunei bisitatzeko aukera ukatuz eta, are gehiago, check point horretan ordu luzez egotera ere behartzen dituztelarik. Gainera, eskolara joaterakoan ume palestinarrek harrikadak jaso izan dituzte noizbehinka, irainduak izateaz gain. Bizi duten tentsioaren adibide esanguratsua da atsedenalditik bueltan patioko burdinezko atea kandaduz ixteko beharra, aurretik jasan izan dituzten erasoetatik babesteko. Helduak ere izaten dira erasotuak, adibide bezala emakume batek jasandako kolpeen ondorioz abortu bi izan zituela ipin genezakeelarik. Are gehiago, haienak diren zuhaitzetatik fruituak jasotzeko Israeldar gobernuaren baimena behar dute, normalean lortzen ez dutena, eta lorturik ere, honakoa ekiditzeko kolonoek burutzen dituzten erasoei aurre egin behar izaten diete.
Kalte materialei dagokienez, ur hodiak puxkatzen dizkiete eta landatzen duten oro moztu edo su ematen diote. Gainera, leihoak etengabe hausten dizkiete, honakoak babesteko burdinezko barrote edo estalkiak ipintzen dituztelarik, argiari berari ere uko eginez. Honez gain, ez dute kolonia barnean kotxerik erabiltzeko eskubiderik eta etxera heltzeko euren burua bide kaskarretatik joatera behartua ikusten dute, kolonoek sarrera nagusia blokeatzearen ondorioz. Äzkenik, deigarria zaigu palestinar etxe guztiek sionistek goitik botatzen dizkieten zakarren aurrean sareak ipini behar izana.
Laburbilduz, palestinarrek bizi duten Apartheid egoera jasanda ere, edukitako abegi beroa azpimarratzekoak direla uste dugu, etxekotzat hartu gaituztelarik. Era berean, borrokan jarraitzeko duten indar eta determinazioa goraipatzekoa zaigu eta sentimenduen gorabehera honetan bidaiarekin jarraitzeko gogotsu gaude.