Bolibiako brigadaren lehen kronika!

Santa Cruzen igarotzeakoa zen kontzentrazio handian parte hartuko dugu, dei eta ordu askoren ostean lortu dugu bidaia egitea. Gurekin batera, Letty Columna Surreko kidea dugu, berarekin joango gara bidaian, 18 orduko bidaia dugu aurretik. Busean ez goaz bakarrik, bertan daude osasungintzako langileak eta hauek ere konzentraziora doaz.


Lettyrekin hizketan, honek, Boliviako egoera sozialaz zein politikoaz hitz egin digu. Evo Morales, MAS-IPSP alderdiko buruzagiak hamahiru urtetan gobernuan egindako aurrerapenei buruz aritu gara hizketan. Baina oraindik, egiteko dauden borroken inguruan ere. Urrian, hauteskundeak dira Bolivian eta denak burubelarri lanean ari direla azaldu digu Lettyk.  


La Pazetik irten eta 5 ordura geldialdi bat egin dugu zerbait jan eta komunera joateko. Hemen arratsaldeko 19:00tan jada gaua da, beraz, busera berriro sartu eta bakoitza berera. Abuztuaren bigarrena da gaur, goizeko 9ak dira. Atzoko ordu bietan autobusa hartu genuenetik 19 ordu pasa dira —hemen distantzia beste era batera ulertzen dute...— eta Santa Cruzera heldu berriak gara. Oso nekatuta gaude baina egun handia da gaur eta ilusio handiarekin gaude egunak zer ekarriko. Dirudienez, gaurkoa egun handia izango da eta brigadak hauteskunde kanpianaren lekuko izateko aukera izango du.


Columna Surrekoekin elkartzekoak gara. Gaurko ekitaldira beraiek gonbidatu gaituzte eta euren begietatik biziko dugu eguna. Ondoan Letty dugu, kideetako bat. La Pazetik gurekin izan dugu, bere ardura da gu besteengana eramatea. Gure busa lehenago iritsi denez, beste kideen zain geratu gara bus geltokian. Hauek iritsi direnean, hostal batera joan dira, gauzak uztera bertan pasako baitute gaua.


Gure lehen kontaktua beraz, hostal horretan izan da. Kide batzuen zain geunden bitartean, elkarrekin hizketan hasi gara, ea nor garen, nongoak, zergatik iritsi garen Santa Cruzera... Oso egoera erosoan hizketan aritu gara eta ez zekiten Euskal Herriaren eta gure borroken inguruko ezagutzarik. Presoen banderolarekin, Euskal Herria non dagoen, nola dagoen zatituta... azaltzen aritu gara.


Gero gure txanda heldu da eta gu hasi gara beraiei galderak egiten, Columna Sur zer den, zergatik sortu den, gaurko kontzentrazioaren inguruan... Harrera beroa egin digute, lagunartean gaudela sentiarazi gaituzte. Azken kidea hostaleko rezepziora jaitsi denean, taxia hartzea erabaki dugu, Santa Cruzeko Columna Surreko kide batu behar garelako batukadako gauzak utzi behar dugulako.

14:00ak inguruan bi taxitan Santa Cruzeko Columna Surreko kide baten etxera iritsi gara. Bertan, batukadako tanborrak utzi eta beste kide batzuk ezagutzeko aukera izan dugu. Ondoren, guztiok batera inguruko tabernara joan gara bazkaltzera.

Bazkaldu ondoren, kide honen etxera bueltatu gara, kontzentraziorako materiala prestatu behar baitugu. Bertan, banderola batzuk egiten aritu gara, Columna Surreko banderak beltz eta gorri kolorekoak dira. Kide batzuk, tiratxo gorriak egiten aritu dira, beste batzuk, tela zatiak makiletan itsasten... Orduantxe ezagutu dugu Adriana Salvatierra MAS-IPSP alderdiko kidea eta senatuko presidentea.

Adriana, Columna Surreko sortzailea da eta honek esperientzia handia du antolakunde honetan. Hauteskundeak direla eta ez dugu tarte handirik izan berarekin egoteko, agurtzeko etorri baita etxe honetara. Oso pertsona interesgarria da Boliviako aldaketa prozesuan, senatuko presidentea, emakumea eta gaztea. Hori horrela, Santa Cruzera gozeanean berarekin biltzeko konpromisoa hartu du.

Kontzentraziorako materiala prestatzen ari gara eta beste kide batzuk iristen ari dira. Behin, materiala prestatuta, bertan mahai baten inguruan eseri eta kideak guri buruz galdetzen hasi dira. Batzuk, aurreko brigadetakoak ezagutzen dituzte, beraz, brigadaren nondik norakoak ere ezagutzen dituzte. Baina beste batzuk ez dakite ezer, eta beraz, galderak hasi dira.

Euskal Herria Espainia dela galdetzen diguten bakoitzean, guk elkarri begiratu eta barre egiten dugu. Boliviara iritsi garenetik, denei; hostalean, autobusean... azaldu behar izan diegulako Euskal Herria ez dela Ez Frantzia ez Espainia. Gure egoeraren inguruan hausnartzen hasi gara eta Boliviako egoerarekin konparatzen. Elkarrizketa luze baten ostean, harremanak sendotu ditugu, borroka bera dugulako amankomunean.

Elkarrizketa luzearen ondoren iritsi da kontzentraziora joateko unea. Kotxeetan banatu eta gu laurok Columna Surreko mediku batekin joan gara. Kotxean ere, hausnarketak jarraitu du, gehiago sakondu nahi du gure borroken inguruan.

15:30 aldera, kotxea aparkatu eta eguraldia txarra dagoela nabaritu dugu, hotza eta haizea. Guztiok bildu garenean, banderolak banatu eta gutariko bik banderola horiek hartu ditugu beste kideen antzera eta kontzentrazio gunera abiatu gara. Batukadaren laguntzarekin ekitaldiko eszenatoki aurrera joan gara, nahiz eta eguraldia ona ez izan, giroa ezinhobea da.

Ekitaldia hasi da eta musika ezberdin asko entzuten da. Jende anitza dago bertan, pollerak, indigenak, helduak, gazteak eta haurrak. Jendea pozik eta indartsu dagoela nabari da, baina baita urduri ere, Evo Morales presidentea iristeko zain daude. Aldarrikapen asko daude, banderolak... bakoitzak berea. Kontzentrazioan, musika dagoenez kideak dantzatzen hasi dira eta gu ere bertan murgildurik gaude beraiekin batera.     Denok ari gara argazkiak zein bideoak grabatzen jendetza baitago bilduta.

Ekitaldiak aurrera egin ahala, ordezkari eta hautagai ezberdinek mikrofonotik beraien mezuak botatzen ari dira. Guk bitartean, eszenatoki behean; “¿Quien se rinde? Nadie se rinde!”, ¿Que queremos? Evo de nuevo!”... esaldiak oihukatzen ditugu. Oso gustura gaude, babesturik eta giroan sartuta. Hemen, kontzentrazio bat burutzeko beste modu bat dute, musikarekin eta aldarrikapenez beteta.

18:30 aldera Evo Morales presidentea eta Alvaro Garcia Linera vicepresidentea eszenatoki gainera igo dira. Bertan, Evok aldeketa prozesuan egindako aurrerapenei buruz hitz egin du, osasunari, hezkuntzari, ekonomiari... buruz. Baina baita, datozen urteetarako dituzten erronkei buruz ere aritu da. Honen ondotik, himmnoa abestu eta musikak jarraitu du, hau da, festak jarraitu du.

Baina guri festa bukatu zaigu, La Pazera bueltatzeko ordua iritsi da, penaz, giro ezinhobea atzean utzita busera joan behar izan dugu. Egun luze eta intentso bezain polita bizi izan dugu, jendea ezagutu dugu eta  kontaktu asko egiteko aukera izan dugu. Jendea oso jatorra eta zabala izan da, oso ondo zaidu gaituzte, beste kide bat gehigoa izango bagina bezala.