Argentina/Uruguaiko brigadaren kronika berri bat: Cordoba eta Buenos Aires artean herri boterea eraikitzen

Gure Argentinako bidai honetan Organizaciones Libres del Puebloko kideak ezagutu ditugu (aurrerantzean OLP). Talde hau 1980an sortu zen. Buenos Aireseko “conurbanoaren” iparraldean hasi zuten euren jarduna eta urteak aurrera egin ahala, hirian zehar zabalduz joan zen.

 

2001eko krisialdia eta kaleko mobilizazio erraldoiak eta gero, De la Rua presidentea kargutik botatzea lortu zuen argentinako herriak. Ondoren, lau presidente izan zituzten oso denbora gutxian eta ezin izan zuten euren lana bete. Horrela, 2003an Kichnerrek hartu zuen kargua eta bertako hainbat organizazio mahai batera deitu zituen, bere asmoa herriko antolakunde guztiak kichnerismoaren barruan sartzea zelarik. OLPk ez zuen hau babestu eta kanpoan gelditu zen. Ondorioz, indarra galdu zuen eta ia desagertzekotan egon zen urte batzuetan zehar. Hala ere, gazte batzuk hezkuntzari lotutako dagoen Simon Bolivar erakundean militatzen hasi ziren eta poliki-poliki, nagusiagoak ziren kideekin batera, OLP berrantolatzen hasi ziren, berriro ere indarra irabaziz. Horrela, Buenos Aireseko mendebaldean lanean hasi ziren, merendero bat zabalduz. Gaur egun, auzo honetaz gain, beste auzo zein hiri batzutara ere zabaldu dute euren jarduna: Mendoza, Cordoba eta San Juan hiriak.

 

OLPk emakumearen figurari garrantzi handia ematen dio. Izan ere, historikoki antolakunde ezberdinetako arduradun nagusiak gizonak izan dira, egunerokoan auzoetan lanean dihardunetak emakumeak* badira ere. OLP berrantolaketa prozesuaren baitan, honetaz jabetu eta egoera honi buelta ematen hasi ziren, adibidez: formakuntza espazio ez mixtoak sortuz. Kideetako batek azpimarratu du espazio hauekiko errespetua handia dela eta posible dela pixkanaka aldaketa hau gauzatu eta emakumeek ere geroz eta ardura gehiago izatea.

 

Bestalde, OLPko hiru ardatz nagusiak Formakuntza, Lana eta Mobilizazioa dira. Konprobatu ahal izan dugu bertako kide guztiek formakuntza politiko handia dutela, praktikara eramaten dutena argudiatuz eta filosofia berdinaren baitan kokatuz. Lanari dagokionez, kontutan hartu behar dugu Argentinan gaur egun dagoen langabezia tasa ikaragarria, milaka familia diru sarrerarik gabe utziz eta pobreziara kondenatuz. Gaur egungo Macriren gobernuarekin areagotu egin da egoera, eta, hau ikurisik, Gobernuak Ley de Emergencia Social deritzona sartu zuen indarrean. Honekin diru sarrera nahikorik ez dutenei lansari osagarri bat ematen diete. Hala ere, OLPk diru sarrera hau gogor salatzen du, ez baita diru sarrera osagarri bat, familia askorentzat duten diru sarrera bakarra baizik. Egoera honen aurrean, argi dute ezin dela horrelako mekanismoekin fidatu eta herriari boterea eta autonomia emango dien eredu bat sortzea ezinbestekoa dela.

 

Horrela OLParen lanaren muina den horretara heltzen gara: auzo eta herriek euren beharrei so eginez, komunitatean benetako alternatibak eraikitzea. Honetarako, txikitik handirako bidea egiten dute: merendero bat sortzetik kooperatibak sortzera. Merenderoa auzoaren topagunea izango den espazioa da. Bertan, estatuak ematen dituen laguntzen barnean banatzen duen janaria eta behar nagusietarako produktuak bildu eta egoera larrienean dauden auzokidei banatzen zaie (janari poltsak, botikak…) Hau biztanleen topaleku eta eztabaidagune bihurtuta, bestelako proiektuak martxan jartzeko aukera ematen da: haur eta gazteentzako laguntza klaseak, txikienen zaintza-gunea (ez haurtzaindegia),  serigrafia tailerrak, arropa josteko guneak, baratzeak…. Denborarekin hauetako asko kooperatiba bihurtu eta auzokideentzat lan eta diru iturri bilakatu dira. Honekin OLPak defendatzen duen bezala, etorkizuna modu autonomoan aurrera ateratzeko modua sortzen du herriak berak, pixkanaka estatu, enpresa eta “patroia”rekiko menpekotasuna ezabatzea lortuz. Gainera, herria boteretzeko bide honetan batak besteari egiten dakiena erakusten dio eta tresna berriak ematen dizkiote elkarri. Adibidez: jostea, eraikuntza lanak, zurgintza…

Guzti hau bertatik bertara ikusteko aukera izaten ari gara hainbat esperientzia eta eredu desberdin ezagutuz.

 

Creer Kooperatiba

Hilaren 4an, igandean, Buenos Aireseko probintzian kokatzen den Maximo Paz hiriko  San Eduardo auzora hurbildu ginen eta bertako kide diren Marta eta Alejandrok harrera ederra egin ziguten. Bi hauek hirian bizi eta jubilazio lasaiago baten bila joan ziren auzo honetara. Baina, bertako errealitatea ezagutu eta auzotarrekin harremanak egin ostean, kooperatiba hau martxan jartzea erabaki zuten. Auzo hauek hirian tokirik ez zutenek sortuak izan dira, lurrak okupatuz, alegia, Tierra Tomada deitzen dioten ekimenaren bidez. Gu baino hobeto Martak azalduko digu zer den bertan egiten dutena.

Mahai baten bueltan, Matea hartuz eta kooperatibako kideek egindako pasta goxoak janez, hemengo eta hango egoera politikoari buruz jardun ginen. Eskerrik asko bikote!

 

Cordoba:

Villa La Tela eta Villa Adela

Cordobarako bidaia Buenos Aireseko OLPko Belen, Malena eta Ezequielekin batera egin dugu. Bertara iritsi eta hurrengo lau egunetan gure gidak izango diren German eta Mari ezagutu ostean, bazkaltzera joan gara arratsalderako indarrak hartzeko.

Lehenik eta behin, Villa La Tela ezagutu dugu. Auzo honetan, besteen antzera zera aurkitu dugu: etxe txikiak, asfaltorik gabeko kaleak, auto gutxikoak, komertzio gabekoak… Etxe horietako batean hasi berria den OLPko talde baten asanbladako lekuko izan gara. Bertan azaldu digute orain dela hilabete hasi zirela lanean eta gehienak 19-50 urte bitartean dituztela, hemen ere gehiengoa emakumeak* izanik. Denbora honetan, behetik hasita eta parte-hartzea sustatuz taldearen oinarriak definitu dituzte: zertarako elkartzen diren, delegatuen perfila eta lana zein izango den, delegatuak aukeratzea… Horrela, Creando Sueños merenderoa zabaldu dute. Bilera honetan aste honetan egingo den martxari buruzko hainbat ohar komentatzeaz gain, hurrengo hilabeteetan burutuko dituzten ekimenei buruz jardun dira, batez ere, merenderoan eraikiko duten labeaz eta komunitatea sendotzeko ekimen ezberdinez (adibidez: gure bazkari herrikoien antzeko olla popular).

Asanblada hau amaitzean, gure lagunek beste auzo batera eraman gintuzten: Villa Adela. Hemen orain dela urte eta erdi jarri zuten merenderoa martxan. Horren adierazgarri da zenbateraino dagoen aurreratua proiektua: serigrafia tailerra, haur eta gazteentzako laguntza klaseak, karate klaseak kooperatibako haurrentzat… Bereziki deigarria egin zitzagun martxan jarri nahi duten ekimen bat, alegia, kooperatibako kide den ileapantzaile batek beste kide batzuei bere jarduna irakastea eta ofiziala den organismo batek titulu gisa onartzea.

 

 

Angelleni eta Piedras Blancas

Hurrengo egunean, Trabajadores del Sur Organizados taldeko Damian, Celina eta euren seme Simon ezagutu ditugu. Bazkari gozo batera gonbidatu gaituzte eta euren proiektuen berri eman ziguten. Hauen lana lurrari lotuago dago, haien ustetan Argentina bezalako herrialde batean non lehenengo sektoreak indarra handia duen, lurralde fisikoan boterea izateak aberatsenen aurka egiteko modua eskaintzen du. Horrela, aspaldi martxan jarritako kontaktuei tiraka hainbat auzotara hurbildu dira eta auzokideekin banan-banan elkartuz, hitz eginez, matea hartuz… hainbat proiektu jarri dituzte martxan. Guk horietako bi ezagutu ditugu: Angelleniko ortua eta Piedras Blancaseko oilategia.

Angellinin astean hiru aldiz batzen dira proiektu honen kide diren auzokideak. Hauek ortu eder bat jarri dute martxan eta, batez ere, bertan parte hartzen dutenen artean banatzen dituzte baratzeko produktuak. Proiektu honetan ere emakumeak* dira nagusi eta erabiltzen duten materiala gobernutik lortzen dute. Euren hurrengo proiektua tantakako ureztatze sistema ezartzea da.

Piedras Blancasekoa, aldiz, ibilbide luzeko proiektua da. Gallo Rojo deitzen den kooperatiba eratu dute bertan: 15 familiek 10 oilategi kudeatezen dituzte. Produktuak inguruko merkatuetan saltzen dituzte, salmenta kopuru garrantzitsuak lortuz. Euren hurrengo erronkak bi dira: euri ura haiek eraiki dituzte putzuen bidez jasotzea eta oiloei jaten emateko euren pentsu propioa egin eta saldu ahal izatea.

 

Eguna amaitzeko, Diego, Pablo eta honen aitarekin bildu gara, eraikuntza lanetarako sortu duten kooperatibako gora-beherak azaltzeko. Hauek beste kooperatiba batzuetan lan egindakoak dira, baina, ideologikoki hauekin bat ez zetozela ikusirik, euren kooperatiba propioa sortzea erabaki zuten. Honen inguruan gremio ezberdinetako kideak hasi dira batzen eta horri esker eraikuntza lan integralak egin ditzakete. Euren filosofia honela laburbildu zuen Pablok: “azken helburua gobernuaren proiektu handiak horrelako kooperatiben esku geratzea da, horrela herriko aberastasuna berriro ere herrian gera dadin.”