Bolibiako brigadaren 2. kronika: Merecedes Marquez diputatua ezagutzen

Goizeko 8ak dira La Pazen. Egun bete-betea dugu gaurkoa eta goiz mugitzen hasi behar dugu. 9etan Mercedes Marquez diputatuarekin elkartuko gara El Alton. Badakigu emakume indartsua eta berezia dela baina oraindik ez dakigu zenbateraino eragingo digun harekin dugun hitzorduak.
 
Pozik abiatu gara El Altorantz; eta urduri. Azken urteetan garraiobideek izugarrizko aldaketa izan dute eta teleferiko sareari esker hiria airetik gurutzatuko dugu. Geltokian sartu orduko berritasuna agerikoa da. Hiru linea beharko ditugu, 7 boliviano (0,90€) eta 30 minutu inguru. Autobusean edo taxian egin genezake baina ordu bete luze beharko genuke gutxienez, eta garestiago ordaindu.

Teleferikoan, emakume “pollera” bat ezagutu dugu. Oso adeitsua eta jatorra da gurekin, elkarrekiko jakinmina dugula ezagun-ezagun da eta luze gabe elkarrizketa atsegina sortu dugu. Bere janzkera elegantea goraipatu dugu eta harrotasunez azaldu dizkigu bere gona, txal eta txapelaren nondik norakoak; itxuroso jantzita joatea atsegin du baina garestia da, antza. Hiriak jasandako aldaketak nabarmendu dizkigu, oso pozik dago gaur bezalako egun korapilatsu batean hiria gainetik zeharka dezakeelako; izan ere, independentzia egunaren bueltan desfile, kalejira eta erakustaldiak daude non nahi eta berak dionez, ordu eta erdi beharko luke bidaia errepidetik egiteko.

 

Boliviari buruz galdetu diogunean aurrera egin duela adierazten digu baina politikariek lapurtzen jarraitzen dutela sinetsita dago. Ez diogu kontra egin; atsegina da pentsamendu kritikoa duen jendearekin topo egitea. Bidaia amaitzera doa eta argazkia nahi du gurekin, seme-alabei erakusteko. Nagusiena Mexikon dago ikasketa beka batekin medikuntzako espezialitatea egiten, alaba gazteenak ere bide beretik jarraitu nahi du eta Espainian zirujau espezialitatea egingo du. Komunitate indigenak horren baztertuak izan diren Bolivia honetan, bereziki “pollera” emakumeek pairatu dituztenak gogoan izanik, ezin dugu susmatu ere egin ama honek sentituko duen harrotasuna seme eta alabarekiko.

 

El Alton gaude dagoeneko. Libertad geltokian geratu gara Mercedesekin, gure bila etortzekoa da eta bertan gaude inguruari so. Kaleak jendez lepo daude eskola-umeen desfileei esker, ospakizun giroa da nagusi. Gaurkoan, eguneroko azokara hurbildu diren herritarrek entretenimendu berezia izango dute: musika bandak, eskola-banderak, gazteak serio prozesioan, haurrak jai giroan...

 

Halako baten Mercedes agertu da, arnasestuka. Emakume indartsua izanagatik ere, 65 urte ditu dagoeneko eta urrunetik dator gure bila. Bere etxera gonbidatu gaitu elkarrizketa egiteko, oinez joango gara kaleko giroaz gozatzeko. Mercedesek sentsibilizazio kanpainak egiten ditu bigarren hezkuntzako ikasleekin eta egindako lanagatik ikastetxe askok amabitxi izendatzen dute, beraz, desfile hau ilusioz bizi du; horregatik, berarekin eta desfilean dauden ikasleekin argazkiak egiteko eskatzen digu. Badu arrazoirik harro sentitzeko: hezkuntzak aurrera egin du, bera aldaketa horren eragileetako bat izan da eta oraindik ere lanean dihardu.

 

Kalea berea da, berea eta herriarena. Boteretsu sentitzen da bertan eta berehala konturatu gara zergatik; herriak borrokatu eta irabazi egin zuen kalea 2003ko gerran. Zapaltzen ari garen kalean 68 herritar hil zituen gobernuak eta 400 lagunetik gora zauritu zituzten. Horrelakoak entzutean, hiri gaztea baina historiaz betea dela hausnartu dugu hunkituta eta Mercedesen erantzunak mutu utzi gaitu: “ez ginen El Altorengatik bakarrik borrokatu, Bolivia osoaren alde egin genuen”.

 

Mercedes Marquezen etxean gaude. Elkarrizketarekin hasteko irrikaz, galdera asko dugu aurreko emakumeari egiteko. Hala ere, segituan konturatu gara hitz egiteko gogoz dagoela eta ez dugula galdera gehiegirik beharko, lekuko izan nahi du indarra geratzen zaion artean eta bere borroka munduari zabaldu. Eta hala aditu dugu zirrara bizian liburuetan agertuko ez den historia: “inon ez da ageri baina guk parlamentua hartu genuen! Hitza eskatu nuen eta ordezkari politikoen erdia emakumeak izan arte ez ginela mugituko aldarrikatu genuen. Handik indarrez bota eta gaseatu gintuzten. Evok arrazoia eman zigun eta orain harrotasunez esan dezakegu gobernuaren erdia emakumezkoa dela.”

Emakume handia da Mercedes. Aitak langileen eskubideen alde egin zuen eta bera izan zuen eredu gerora emakumeen eskubideen aldeko borrokarekin hasteko. Ondo gogoratzen du bera haur txikia baino ez zela aitaren bila etxean sartu zirenean, berak aitaren atzetik ihes egin zuela eta inork ez ziela babesik eman; laguntza eske ate bat jotzen zuten bakoitzeko “zertarako sartzen zara arazotan?” jasotzen zuten erantzun. Gure negargura izugarriarekin, momentu batzuetan malkoei eutsi ezinik, Mercedesen begiei garra darie. Horrelako gertaerekin bere borrokalari sena eta gobernuarekiko amorrua handituz joan zen eta indarra eman zion senarraren tratu txarrengandik ihes egiteko, feminismo komunitarioari ekiteko eta herriaren borroketan parte hartzeko. Gaur egun, gaztetxoekin egiten du lan berdintasunaren alde.

 

Ordu bete bada Mercedesen etxean gaudela. Horrela, negar eta barre artean entzun dugu kontatzeko zuen guztia lagun batek hamaiketakoa ekarri digun arte. Berriketa arinean Euskal Herriari buruz galdetu digute eta borrokan jarraitzeko eskatu digute: “egin beti aurrera, eta baten batek atzera egiten badu, heldu eta egin tira!”. Ikasbide honekin eta zer pentsatu handiarekin Askatasun geltokian esan diogu agur elkarri.

 

Emakume indartsu bezain borrokalaria ezagutzeko aukera izugarria izan dugu, memoria historikoaren garrantziari helduz, gaur egungo gazteak kontzientziatuz lanean diharduena. Ez dugu ahaztuko gaurko egun hau, milesker Mercedes emandako irakaspenarengatik.