Argentina/Uruguaiko brigadaren 4. kronika: Buenos Airesen auzo boterea ezagutzen
Berriro ere Buenos Airesera itzuli eta bertan gure Argentinako egonaldiko azken egunak pasa ditugu. Egun hauetan, Cordobako esperientziari jarraituta, OLPk zein beste eragile batzuk antolatuta dauden auzo eta esperientzietara hurbildu gara. Tartean, hauteskundeen lehenengo itzulia bizitzeko aukera izan dugu. Hurrengo lerroetan ekimen desberdin hauek azalduko ditugu.
Auzo boteretik estatua ordezkatzen
Cordoban ikusi genuen bezala, Buenos Airesen ere, OLPk antolatu eta biztanleei bizi alternatiba bat eraikitzeko tresnak ematen dizkie: merenderoak, asanbladak, nagusientzako bigarren hezkuntzako klaseak, joste eta bordatze kooperatibak, okindegia etabar.
Ezer baino lehenago garrantzitsua da Buenos Aireseko antolamendua azaltzea: zentruan hiriburua dago. Erdikalde garbi, ondo zaindu eta zerbitzuz betea du honek. Inguruan maila sozioekonomiko desberdinetako auzoak zabaltzen dira, batzuetan, diru askoko zonaldeak hormaz banatutako “villa” txiroen alboan eraiki direlarik. Kanporantza egiten dugun heinean, orokorrean, auzoak pobretzen doaz, baina, errepide batek markatzen du benetako diferentzia, horrela zehazten baita hiriburua eta probintziaren arteko muga fisiko eta administratiboa. Hemendik aurrerako lurrak azaleran oso handiak diren herrietan banatuta daude, eta hauen baitan, auzoak sortzen dira, eta gehienetan, hor bertan, auzoa eta “villa” txiroagoak ere desberdintzen dira.
Gure kasuan, bi egun probintziako La Matanza udalerrian eman ditugu. Bigarren eta hirugarren gerrikoa deritzen zonaldeen inguruan zabaltzen dena. Bi auzo desberdinetako milintateekin egon gara: Villa Celina eta Gonzalez Catan.
Lehenengoa “Mercado Central”aren albo batean eraikitzen joan da. Bertakoek azaltzen zigutenagatik “google mapsen ere agertzen ez den milaka pertsonen bizilekua” da hau.
Aipamen berezia egin nahi diogu Gonzalez Catani. Hau izan da zentrutik urrunen ezagutu izan dugun zonalde hiritarra, alegia, landa eremua ez dena. Hemen biz baldintzak benetan gogorrak dira: ura, elektrizitatea eta estolderiarik gabe, euria eginda gerriraino ureztatzen diren kale bihurtutako pasabideekin, etxea urez ez betetzeko herritarrek beraiek lurra harriekin altxatu eta etxeak berreraiki behar izan dituzte… Eta guzti hau estatuak eskua ahartu nahi ez duen zonalde bat izatearen ondorio da. OLPk martxan jarri zuen merenderoko emakumeek azaldu ziguten bezala, bertan estatua ez da ezertarako ere agertzen: anbulantzia eta autobusak ez dira heltzen, suhiltzaileak ere ez, eta polizia soilik drogaren harira gazteak beldurtu eta presionatzera sartzen da, tiroka gainera. Hala ere, haiek hemen lurrak erosi eta euren etxeak duintasunez altxatu dituzte. Erosketa horren inguruan galdetzean, batek ere ez zuen inonogo paperik lur hori haiena zela erakutsiko zuenik. Azpimarratzekoa da, Perú, Bolivia eta Paraguayko migranteak direla bertako biztanleak. Berriro ere, emakume inmigrantearen aurpegia dauka pobrezia, kapitalismoak eragindakoa beste behin ere. Eta berriro ere, hunkitu gaitu ama langile hauen duintasun eta eskuzabaltasunak.
Bi auzo hauetan drogaren mafiekin dituzten arazoak erraz nabaritu ditugu kale pare batetik ibiltze soilarekin: poliziak onartu eta antolatuta dauden mafiek beste etorkizun posible baten faltan dauden gazteak erabiltzen dituzte narkotrafikorako.
Hiriburura bueltan, OLPkoak ez diren, baina, hauekin batera CTEPen barruan (www.ctepargentina.org) dauden bi mugimendu ezagutu ditugu euren zonaldeetan bertan.
Lehenik, futbola eta turismoa dela eta, hain famatua den La Boca auzora hurbildu eta “Los Pibes” elkarteko kideekin bilera eta bisita alternatibo bat bizi izan dugu. Haien espazioa nagusia den eraikinera hurbildu eta bertan haien jatorri eta nondik-norakoak azaldu zizkiguten. Erakunde hau 1995etik martxan dago. Izan ere, hainbat kide beste auzo batean okupatuta zuten etxebizitzetatik bota eta La Bocara etorri ziren kaleratzearen ondoren. Horrela, poliki-poliki auzoan egonkortzen hasi ziren eta handik aurrera nola antolatuko ziren eztabaidatzeari ekin zioten. Kide hauek ikusi zuten lehenengo beharra jantoki bat sortzea izan zen, auzoan gosea baitzen nagusi. Eta horrela, urteak aurrera egin ahala beste ekimen batzuk sortzen joan ziren, bai auzoan, baita Argentina osoan ere. La Bocan antolatuta dituzten esperientzia ezberdinak ikusteko aukera izan genuen: irratia, serigrafia, etxebizitza kooperatiba, boxeo klaseak… (info gehiago: http://centrocomunitariolospibes.blogspot.com). Irratian saio berezi baterako hizketaldia izan genuen Manuel kidearekin.
Azpimarratzekoa da etxebizitza kooperatiba. Izan ere, La Bocako etxe tipikoak “conventilloak” dira: kanpotik koloretan margotuta, turisten argazkietan hain ondo geratzen direnak, baina, barrura sartuta beste errealitate bat erakusten dutenak. Betidanik horrelako batean bizi izan den Pablok azaldu digun bezala, eraikin horietako bakoitzean logela haina familia bizi dira, alegia, 5, 6 edo 7, komuna edota patioa guztien artean partekatu behar izanez. Gainera, argi naturala pasatzen utziko duten lehioak txikiak eta eskasak izaten dira, hezetasun arazoak sortuz. Guzti honen aurrean, eta langile arruntentzat etxebizitzaren prezio altuak ikusita, Orain dela hamar bat urte Los Pibeseko hainbat kidek kooperatiba bat martxan jarri zuten, 0tik euren etxebizitza eraikitzeko. Izugarria da lortu dutena: bi logela, komuna, sukalde, sala eta balkoia duten etxebizitzak, gobernuaren arautegi eta babes neurri guztiak betetzen dituztenak. Pablok behin eta berriz azpimarratu digu kanporatze arriskua egiazkoa dela, errepide handi baten gertutasuna, turismoaren gorakada eta hiriguneko zonalde garestiena den Puerto Maderoren zabalpena euren lurra oso preziatua bihurtzen baitute. Honetarako ere prestatuta daude, adibidez, etxebizitza batera iristeko bost ate gurutzatu behar dira. Eurena defendatzeko prest daude!
Azkenik, Pompeya eta Barracas auzoetan dauden Villa 21-24 Zavaletan 100 urte baino gehiago dituen Movimiento Popular La Dignidad egiten duen lana azaldu digute bertako kideek. Hartzen duten zonaldean 80.000 pertsona inguru bizi dira eta lan kooperatibetan 200 pertsona baino gehiago antolatuta daude. Hemen ere populazioaren zatirik handiena migranteak dira. Aurreko kasuetan bezala, hemen ere, estatua ez da auzoetatik agertzen edo oso zonalde eta lan zehatzetarako baino ez. Adibidez, koooperatibetako bat hondakinen kudeaketaz arduratzen da. Alde batetik, gobernuko langileak sartzen ez diren zonaldetan haiek jasotzen dituzte hondakinak, eta, jasotze orokorra egiten den puntuetara hurbiltzen dituzte. Bestalde, birziklatze eta berrerabilpena sustatuko duen kanpaina bat abiatzekotan dira. Beste ekimen oso garrantzitsu bat anbulantziarena da. Asistentzia medikua bermatzeko plan integral baten barnean, anbulantzia propioa dute. Izan ere, auzo hauetara ere, beste askoren antzera, estatua ez da sartzen eta, beraz, anbulantziak ez dira iristen. Auzotarrek hori ikusirik anbulantzia bat lortu eta auzotarrei asistentzia medikua bermatzea ezinbestekoa zela iritzi zuten eta 53 eguneko gose grebaren ondoren anbulantzia lortu zuten.
Hauteskundeak – Las PASO
Abuztuaren 11an hauteskundeetako lehenengo ronda izan da Argentinan. Bereziki garrantzitsua izan da aurtengoa, izan ere, Macri eta Fernandezen artean zegoen aldea neurtzeko balio zuten hauteskunde hauek. Eta, inork espero ez zituen emaitzak izan ziren: Fernandezek 15 puntuko aldea atera zion Macriri. Guk baino hobeto Ezequiel Moskovichek (OLPko kidea) azalduko dizkigu hauteskunde hauen gora beherak eta ondorioak:
Youtubeko linka: https://www.youtube.com/watch?v=9t_c9x-9Jx8&t=2s
IMPA – Fabrika rekuperatua
Gure Argentinako egonaldia amaitzeko IMPA fabrika rekuperatua ezagutu genuen. Hau Argentinako lehenengo fabrika rekuperatua da eta Movimiento Nacional de Empresas Recuperadas-en barruan dago hau ere. Garai batean 500 pertsonentzako lana zegoen enpresan eta 90. hamarkada bukaeran egoera kaskartu eta enpresa itxiko zutela adierazi zien zuzendaritzak langileei. Honen aurrean, kooperatiba sortu eta enpresarekin aurrera egitea erabaki zuten hainbat langilek. Gaur egun 40 pertsona daude lanean eta guztiak dira kooperatibistak.
Hortaz gain, zentro sozial bat ere badute fabrika barnean eta baita Unibertsitate herrikoia ere. Unibertsitatean Batxilergoko titulua eskaintzeaz gain, beste gradu batzuk ere ematen dituzte. Gradu hauen balioztatzea era unilateralean egiten dute hasieran eta horrela, estatua gradu hauen baliozkotasuna ematera derrigortzen dute. Zentro sozialean, aldiz, hainbat tailer antolatzen dituzte kurtso osoan zehar eta ekimen bereziak ere egiten dituzte: musika emanaldiak, ikastaroak, antzerkiak…
Honekin gure Argentinako egonaldiari amaiera eman genion eta bertako kideei agur esateko ordua iritsi zitzaigun, Uruguai gure zain bait genuen. Eskerrak ematea soilik geratzen zaigu, ederki zaintzeaz gain, asko ikasteko aukera eman digutelako!