Urriak 12: atzo, gaur eta beti espainiar inperialismoaren aurrean, herriok erresistentzia!
Aurtengoan, bolo-bolo dabil askoren ahotan Elkano euskaldunaren handitasuna. Eta handitasun horren neurriko erakustaldi militar eta omenaldiak bizi ditugu Euskal Herrian, espainiar inperialismoaren sinboloei gorazarre egiten eta ospakizuna nahiz historia aldarrikatuz. Inperialismoaren morroi, espainiar erreinu zatiezinaren defentsarako armadaren babesean, munduari bira eman eta, kasualitatez, Amerikak “aurkitu” zituztenei apologia egiten zaie, urteurren hauetan. Hala ospatzen dute Hispanitatearen eguna, hain zuzen ere, torturatzaileak goraipatzen eta genozidak babesten dituzten berberek, espainiar inperialismoa justifikatzen jarraitu behar baidute herriok bizi izan dugun zapalkuntza ezkutatuz.
Ondo dakigu, ordea, urte haiek sarraski eta hondamendi urteak izan zirela, kolonialismoaren urterik zitalenetakoak. Hargatik, gure omenaldia duela bost mende baino gehiago espainiar inperialisten aurrean etsi gabe borroka egin zutenei; eta gure omenaldia, gaur, lurrak eta gorputzak lapurtzen dizkieten transnazionalen aurka borroka egiten dutenei. Eta bereziki, Ekuadorko herri langileari, nazioarteko burgesia krudelenaren erasoen aurrean kalera atera direnei. Kapital transnazional horiek dira, hain zuzen ere, Amazoniaren erreketaren erantzule; haiek dira kolonbiar buruzagiak erail dituzten paramilitarrak finantzatzen dituztenak; haiek, kapitalaren mesedetan, estatu-kolpeak sustatzen dituztenak; haiek, eredu ditugun emakume militanteen erailketen erantzule. Eta, argi dagoena da, erresistentziak eta herri borroka antolatuak soilik garaituko duela inperialismoa.
Euskal Herrian, omenaldiez harago, denbora daramagu urriaren 12a jaiegun arrotza dela aldarrikatzen, herri eskolak antolatzen, indar polizial okupatzaileen kanporatzea exijitzen, eta baita inperialismoaren aurkako erresistentziak feminista behar duela izan ziurtatzen ere. Finean, 78ko erregimenaren aurkako eguna da gurean urriaren 12a. Eta, internazionalismotik, urteak daramatzagu urriaren 12a, jai egun arrotz bat izatetik harago, herrion erresistentzia eguna ere badela aldarrikatzen. Gure herritik begirada apur bat altxatzeak ematen digu horretaz jabetzeko beharrezkoa den perspektiba.
Tokian tokiko klase-borrokek eta aliantza internazionalistek soilik sortuko dituzte arrakalak sisteman; hala erakutsi digute munduko herri langileen hainbat garaipenek. Burgesia transnazionala jomugan, haien interesen defendatzaileei aurre eginez, herri boterea antolatu, eraiki eta desobeditu. Hori da inperialismoa garaitzeko giltza. Jarrai dezagun borrokan, Hispanitate eguna Herrion erresistentzia egun bihurtu arte!
Atzo, gaur eta beti, espainiar inperialismoaren aurrean, herriok erresistentzia!
Hamaika herri borroka bakarra!