Boliviako Estatu plurinazionalaren prozesuak aurrera jarraitu behar du!
Irabazi behar, eta tarte nahikoarekin
Igande honetan, urriaren 20an, hauteskunde presidentzialak izango dira Boliviako Estatu plurinazionalean. Hautagai batzuk aurkezten badira ere, bik baino ez dute aukerarik presidentziara heltzeko, Evo Morales Movimiento al Socialismoaren hautagaiak eta Carlos Mesa Frente Revolucionario de Izquierda alderdiaren hautagaiak. Edozein kasutan, “iraultzaile” eta “ezkerra” terminoek ez gaitzatela engaina: EEBBetan ihes eginda dagoen Gonzalo Sanchez de Lozada presidente ohiaren presidente ordea izan zen, eta gero presidentea 2003 eta 2005 urteen artean, MAS botere politikora heldu arte. Boliviako burgesiaren hautagai indartsuena da, irabaztekotan eliteentzat gobernatuko lukeena, azken 13 urteetan eraikitako Estatu soziala deseraikiz. Inkesta guztiek lehenengo postua Evori ematen badiote ere, lehenengo bueltan irabazteko baliozko botoen %40a lortu behar du eta bigarren hautagaiari %10eko tartea atera behar dio. Ez bada horrela, bigarren buelta batera joango lirateke bi hautagai bozkatuenak. Kasu honetan, MASen garaipena bai egon zitekeela kolokan, eskuineko bozka guztia Mesaren alde batzen bada.
Egindako bidea ez erraza ezta nahikoa ere, baina bidea egin da eta egiten ari da
Inperialismo yankiak Boliviarako diseinatutako neurrien aurrean Boliviako herriak emandako borrokak (nagusiki uraren eta gasaren gerretan irudikatuta, 2000an eta 2003an) oinarriak jarri zituen 2005ean MASek hauteskundeak gehiengo osoz irabazteko. Momentu horretatik aurrera neurri asko jarri dira martxan Boliviako dependentzia eta herriaren gehiengo baten pobrezia gutxitzeko. Lau lerrotan laburtu ezin arren, ez dago zalantzarik aurrerapen handiak egon direla azken 13 urte hauetan. Kapitalismoarekin apurtu ez bada ere, etengabeko garapen ekonomiko handia lortu da Bolivian, baliabide naturalen kontrola Estatuaren eskuetara pasatzean. Honek ahalbidetu du transnazionalen eta bertoko eliteen poltsikora joaten zen etekinaren zati handiena Estatura heltzea, populazioari begirako programak eta pisuzko neurriak martxan jartzeko, oinarrizko azpiegituretan, hezkuntzan edo osasunean kasu. Horretaz gain, baliabide naturalen esportazioaz eta produktu askoren inportazioaz dependentzia handia izaten jarraitu arren, bertoko industria garatzeko eta ekonomia dibersifikatzeko aurrerapauso nabariak egin dira. Alderdi ekonomikoetatik haratago, asko dira emandako urratsak beste arlo askotan: jatorrizko herrien duintzea, deskolonizazio kulturalari ekitea, sistema parte-hartzaileagoa eraikitzea, mugimendu sozialekin batera aritzea…
Aurreikus zitekeenez, inperialismo eta bertoko burgesiaren interesen kontrako prozesu eraldatzaile honek erasoak eta sabotajeak jaso ditu hasieratik. Lehenengo urteak gora beheratsuak izan baziren ere, 2008tik aurrera, Boliviako ekialdeko oligarkia arrazistaren ofentsiba erraldoia garaitu ostean, MASen hegemonia politikoa ez da kolokan egon. Hala ere, gobernu-urteen higadurak, eskuinaren kanpaina mediatiko eraginkorrek (ikusi “El cártel de la mentira” dokumentala, web-ean ikusgarri), gazteriaren zati handi baten oroimen historikoaren faltak eta ikuspegi posmodernoak ahuldu dute MASen proiektua azken urte hauetan. Horrek eta barne akatsek eta kontraesanek, noski. Izan ere, MASeko ordezkari batzuen ustelkeria kasuek sinesgarritasuna kendu diote eraldatze kultural eta etikoari, batzuk, gutxi baina gobernu-egituretan kokatuta, aurreko gobernuen praktika berdinetan murgilduta. Esan behar bada ere, kargu batzuk gartzelan ari direla oraintzen egindakoa, Europako demokrazia burgesetan gertatzen ez dena.
Prozesuaren barruko kontraesan batzuek arrakalak sortu dituzte ere ezkerraren barruan. Esanguratsuenetariko bat estraktibismoaren eta Pachamama-ren defentsaren artekoa da (TIPNISen kasua ezagunena izanda), baina badaude beste batzuk, botere politiko instituzionalizatuaren eta mugimendu sozialen sektore batzuen arteko talkak edota, egonkortasun soziopolitikoa mantendu asmoz, beren negozioak egiten jarraitzeko bertoko burgesiari egindako kontzesioak.
Barrura begira ezinbestekoa prozesua jarraitzeak
Espainiar kolonizazioaren 3 mendeetako eta oligarkiek zuzendutako errepublikako mende luze baten ondorioei ezin zaie buelta eman 13 urteetan. Eta ez gara bakarrik ekonomia guztiz dependienteari buruz ari edo azpiegituren eta zerbitzuen faltari buruz. Mendeetako sistema hierarkala, arrazista, heteropatriarkala eta supremazistaren ondarea oso presente dago gaur egungo Bolivian, American eta, munduaren herri askotan. Presente dago, txertatuta dago populazioaren kontzeptu mentaletan, indibiduoaren jomugetan eta eguneroko jarreretan. MAS botere politikora heltzeak eredu kultural baten aldaketan pausu sendoak ematen hastea suposatzen zuen, eta lan erraldoi horretan lehenengo pausuak baino ez badira ere, alor askotan ikus daitezke irabazten ari diren esparruak, arlo publikoan edota hezkuntzan adibidez.
Prozesuak hautestontzian porrot egitekotan, egindakoaren suntsitze lanari emango lioke bidea. Urte hauetan eraikitakoak eta herri boliviarraren sektore batzuek (nagusiki jatorrizko herriena) daukaten antolatze-maila altua ikusita erresistentzia gogorra egongo litzatekeela antzeman daiteke, baina Estatu aparatua elite kapitalistetan egoteak herriaren nahien eta ahalduntze-prozesuaren zapalkuntza suposatuko luke. Borroka, min eta lan askorekin eraikitako aukera galdu bat suposatuko litzateke. Edozein kasutan, MASek hauteskundeak irabaztekotan, apaltze eta konformismoan erori ordez, autokritika egiteko eta prozesua erradikalizatzeko parada suposatu beharko luke. Bolivian jokatzen ari dena klase borroka da, eta alde batek aurreratzen ez duenak, beste aldeak aurreratuko du. Tarteko terminoak porrotaren aurretikoak dira eta eraldatze prozesu bat erlojuaren kontrako prozesu bat da aldi berean.
eta kanpora begira ere…
Venezuelako Errepublika Bolivartarra prozesu bolivartarraren motorea izan da eta izaten jarraitzen du. Hala ere, irabazitako hamarkadaren ostean prozesuaren oso ahultze larrian gaude, non Venezuelak zutik mantentzen bada ere, egoera defentsibo batera pasatzera behartu duten, alboko gobernu askoren kidetasuna eta konplizitatea galduta (Ecuador, Brasil, Paraguay, Argentina…). Azken urteetako testuinguru ezengonkor honetan, non inperialismoak, besteak beste OEA-rekin eta Grupo de Lima-ren bidez, bere atzeko patioa berrezkuratzeko ofentsiba gogortzen ari den, Boliviaren prozesuak ez du kolpe larririk jaso. Zalantzarik gabe, ekonomiaren eta jendarte garapenaren indize positiboek asko lagundu dute horretan, baita eredu ekonomikoa oligarkiarentzat ere probetxugarri izateak ere. Zentzu horretan, Bolivia da gaur egun Venezuelak eta prozesu bolivartarrak (nahi badugu, ALBAn irudika dezakeguna) daukan sostengu nagusietako bat. Ereduaren aldaketa, herrien subirautza, duintasuna inperialismoaren aurrean, deskolonizazioa, jatorrizko herrien eta Pachamamaren defentsa daude jokoan gaur egungo Bolivian. Bolivar, Sucre, Che, Juana Azurduy, Tupak Katari eta Bartolina Sisaren borrokak eta ametsak prozesu eraldatzailean daude presente. Zamalkatzen jarrai dadila kementsu.