Azaroak 25, indarkeria matxistaren aurrean autodefentsa feminista!
Indarkeria matxistak baditu milaka aurpegi. Patriarkatua birsortzen ari da nonahi, eta bortxaren eta heriotzaren sistemaren aurrean autodefentsa mekanismoak martxan jartzeaz gain, logika patriarkala iraultzeko prest ditugu gorputzak, bizitza dugu arnas eta argi, eta elkartasun internazionalistaz eta feministaz eraikitzen ari garenak egingo gaitu aske.
Ohi baino azkarrago ilundu du aurten Sao Paulon eta Kobanen, Amazoniatik iritsitako kea eta bonbak Rojavako eskola eta ospitaleetan. Ilun dago mediterranear itsas hondoa. Gas negar-eragileak Hendaian eta La Pazen. Bakea nahi baduzu, presta zaitez gerrarako. Izebergaren puntan agertzen zaizkigun sarraski eta genozidioak, diskurtso xenofoboak, mass media faxista eta abar luze bat.
Gerran gaude, ez gaudela sinestarazi nahi diguten arren, eta ondo dakigu aurrera egiten. Ondo dakigu eraikitzen. Ari gara sare feministak sendotzen, zaintza eta elkartasuna erdigunean jartzen, justizia burges patriarkala borrokatzen, gerrak salatzen eta gerren erantzuleak seinalatzen, erasotzaileak kanporatzen, auzoak altxatzen, etxe hutsak okupatzen, apurtzen, eraikitzen, desegiten, egiten.
Kolektibotasun eta sare internazionalistaren bitartez soilik lortuko dugu sistema kapitalista patriarkalaren gainbehera eta bestelako harreman sozialen eraikuntza. Logika osoa apurtzeko ezinbestekoa dugu munduko emakume zapaldu guztion arteko aliantza. Elkarlan eta elkartasun internazionalistaz bagoaz aurrera. Indarkeria kapitalista heteropatriarkalaren aurka antolatzen eta kalera ateratzen jarraitzeko deia egin nahi dugu Askapenatik. Itzaletik argitara, gaurkoa ere zuentzat: Berta Cáceres, Sakine Cansiz, Marielle Franco, Begoña García “Alba”, Florentina Jimenez, Magouette Mbeugou, Roxane, Sophia Losche… zuekin memoria osatzen jarraituko dugu.