AEBk Ekialde Hurbilean egindako azken erasoaren harira
Yemenen miseria eta deskonposizio totala, Afganistan nahiz Irakeko okupazio militarra eta jazarpena urte luzez, Siriako gerra inperialistak utzitako hondamendia, Iranen demonizazioa, Libano etengabeko tentsioan eta sionismoaren begiradapean, Palestinako sarraskia… Ekialde Hurbilean inperialismoak eragindako gerrek 6 milioi pertsonatik gora eraildako utzi dituzte. Aipatutako guztiek dute kanpo interbentziotik, eta ez, ez dira gerra edota ondorio sektarioak, barne-talkek sortutakoak. Inperialismoak ezegonkor nahi du Ekialde Hurbila, dardarti, hark ezar dezan egonkortasun asimilatzaile eta sakeatzailea: demokrazia, segurtasuna eta aurrerapena haien hitzetan; pobrezia, kapitalismoa eta gerra, geureetan.
Bada astebete zerrenda luze horri beste kapitulu bat gehitu ziola Trumpek, eta erasoaren larritasunaz jabe den galdetzen du jendeak. Qasem Suleimani Irango Iraultzaren Zaindarien buruzagia erail du AEBk, misil jaurtiketaz. Israelen eta Pentagonoaren jomuga historikoa izan da, hain zuzen ere, Erresistentzia Ardatzeko ikurrik ezagunenetakoa, Ekialde Hurbileko hainbat borroka eremutan presente egona, AEBk Irak inbaditu zuenean edota DAESHen kanporaketan Iraken nahiz Sirian, adibidez. Esanahi handia du, beraz, eskualdean, bitarteko eta laguntza leiala eman baitu inperialismoaren eta, bereziki, sionismoaren aurkako mugimendu zein herrialdeetan. Eta ez ditu edonolako ondorioak utziko, Iran lurrikara bat ari da izaten egunotan, eta erantzuna prestatzen dabil, “AEBk bere historian ahaztuko ez duen erantzuna, jakituriaz eta ondo pentsatuta”. Badirudi, ordea, AEBak urduri jartzen hasia dela, eta jarrera oldarkorrarekin jarraitzen du; ez du besterik, kolpatzen jarraitu behar du, erailketak eta gorrotoa pilatzen.
Erasoa Trumpen botere markaje saiakera bat izan da, boterea nork duen nabarmentzeko. Baina saiakera hutsa da. Denbora da AEBen eragina ahula dela Ekialde Hurbilean, edo ahula ez bada ere, ahultzen doala. Eta azken eraso honekin, alderantziz, inperialismoaren aurkako Erresistentzia Ardatza ahuldu baino indartu egin dute, lehendik indartzen zihoan eskualde mailako erresistentzia biziagotu. Urteetan eragindako gerretatik ez dute etekinik atera, ez Afganistanen, ez Iraken, ez Sirian eta eskualdea gero eta Iranzaleagoa da; hau da, AEB eta Israel eskualdetik kanpo nahi dituzte herritarrek. Izan ere, gutxi eta gutxitan aipatzen da Israelgo Estatua Ekialde Hurbileko gerrez edo gatazkez hitz egiterakoan, baina Israel da AEBekin batera eskualdea eskean ikusi nahi duena. Inteligentzia lan zorrotzena egin duen Estatua da, eta zaila da sinestea eraso honen atzean ere ez dagoenik, are gehiago kontuan hartzen badugu Iranek posizio geografiko estrategiko nabarmena duela eta Estatu sionista izan dela interes gehien izan duena hain sustraitutako kultura bat duen eta eskualde nahiz nazio mailan hainbesteko eragina duen nazioa suntsitzeko. Ekintzaren ondorioak neurriz gaindikoak izan daitezke. Eta une honetan, Iran eta AEBetako agintarien adierazpenak aintzat hartuta, gerra baztertuko dela dirudien arren tentsioak bere horretan jarraituko duela aurreikus daiteke.
Urteari hasiera konplexua eman zaio, zalantzarik gabe. Gordintzen ari da munduko langileriaren eta klase agintarien arteko gerra, eta internazionalismoan oinarritutako antolakuntzak eta borrokak soilik lortuko du gerra honetan garaipena.
Euskal Herriak zeresan handia du honetan guztian, geurean eraikitako jendarte ereduak Ekialde Hurbilaren sakeoan baitu oinarri. Geurea da ardura, baita ere, bestelako jendarte eredua eraikitzekoa eta Euskal Herrian eragin zuzena duten arduradun politiko eta ekonomikoak seinalatu eta interpelatzekoa, era berean. Internazionalistak garelako, hain justu ere, lehen pausua Euskal Herrian.