Venezuelako errepublika bolivartarraren egoeraren zertzelada batzuk, labur-labur (3-4/8)
3- Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba
Amerika, Afrika edo Asiako beste herrialde batzuekin gertatzen den bezala, Venezuelako ekonomia dependientea izan da historikoki. Kolonialistek lur horiek inbaditu eta konkistatu zituzten baliabide naturalak ustiatzeko (zilarra, urrea…) eta, monokultiboa inposatuz, produktu zehatz batzuen ekoizpenarekin aberasteko (azukre-kanabera, kafea, tea, arroza, tabakoa…). Mendetan zehar luzatu zen ekonomiaren eredu horren inposizioak baldintzatu zuen guztiz herri horien ekonomia eta egitura soziala. Geroago, Erta eta Hegoamerikako herri gehienak kolonialismo europearretik EEBBetako “atzeko patioa” izatera pasatu ziren. Modu honetan, beren ekonomia konpainia yankien interesen menpe geratu zen neurri handi batean, bertoko herrien beharrak alboratuz eta ekonomia propioa dibersifikatzeko estrategiak saboteatuz edo, zuzenki, interbentzio eta kolpe militarren bidez eragotziz. Oraindik XXI. mendean herri hauen dependentzia argi ikus daiteke, beren ekonomia baliabide naturalen erauzketan eta lehen-gaien ekoizpenean eta esportazioan oinarrituta. Ebidentea bada ere, ezinbestekoa da elementu hau azpimarratzea, zeren eta sistemaren komunikabideetatik herri horietako egoeraz eta ekonomiaz ari direnean desitxuratze iraingarria egiten baitute, intentzio okerrez baita, maiz, ezjakintasun larderiatzailez ere. Ezin da alderatu Europako edo EEBBetako ekonomiaren dibertsifikazioa eta populazioaren kontsumo-maila beste kontinenteetako herri askok daukatenekin, eta era naturalean herri atzeratu eta trakets bezala irudikatu. Beste alderdi batzuk tartean badaude ere (Sobietar Batasunaren influentzia gutxitzeko Europan garatutako “ongi-izatearen gizartea” kasu), ustiatutako herriei lapurtutako plusbalia erraldoiari esker beren kontsumo maila handitu duten estatu kolonizatzaileen esplotatutako populazioak ezin dira alderatu herri horien populazio esplotatuekin. Garapen historiko ez-natural hau argi utzi behar da, gainontzeko analisietan eta azalpenetan sartu baino lehen.
Arroz-ekoizpena, Páez udalaren ospitaleko eremuetan
Venezuelako kasuan badago beste faktore zehatz bat, bere azken hamarkadetako garapen ekonomikoa guztiz baldintzatu duena: petrolio-erreserba erraldoiak. 1920ko hamarkadatik aurrera, petrolioaren ustiaketa eta esportazioarekin dirutza hasi zen sartzen Venezuelan. XX. mendean zehar petrolio-industriaren kudeaketan Estatuak gero eta eskuhartze handiago izan badu ere, etekin gehienak elite baten eskuetan geratzen ziren. Edozein kasutan, diru-sarrerak hain handiak ziren (venezuela saudí terminoa erabiltzen hasi zen momentu batean) dirua populazio sektore zabal batera ere heltzen zela (bai soldataren bidez bai era ez-zuzenean, petrolioz ongarritutako ustelkeriaren bidez). Venezuelako ekonomia petrolioaren atzean lerrokatu zen guztiz. Horrek areagotu zuen erabat Venezuelako dependentzia, Estatu rentista bihurtuz. Kalkulatzen da 2010. hamarkadan diru sarreren % 95 petrolioari lotuta zegoela. Irudia sinplifikatuz, Venezuela petrolioa esportatzen zuen eta lortutako diruarekin dena inportatzen zuen kanpotik, dirudunen luxuzko produktu asko barne. Eskema horretan kaltetutako eremu garrantzitsuenetariko bat nekazaritza eta elikagaien-eraldatze industriarena izan zen. Elikagaiak ekoiztu ordez, inportatzen ziren, eta hamaika nekazarik atzean utzi zuten beren lanbidea, baita landak, jakintza eta nekazal-kultura ere. Nekazari horietako asko hiri handietara abiatu ziren lanaren bila (lan informaletan mugitzera kasu gehienetan) eta hirietako kanpoaldeko zonaldeetan pilatu ziren, hirigintza-planik gabe eraikitako auzoetan. Caracas inguratzen duten ranchito-z beteriko mendi-maldak fenomeno honen argazki ikusgarriena dira. Prozesu desordenatu honen aurrean Estatuak historikoki izandako utzikeriak arazoa hazten utzi zuen, lotutako fenomenoak areagotuz: bartertzea, familia-desegituraketa, deseskolatzea, delinkuentzia, indarkeria, droga-trafikoa… Errealitate horren gainean hasi behar izan zuen Chávez-ek bere proiektua eraikitzen; sistema kapitalistaren komunikabideetan sahiesten den elementu gakoa… Marjinazioak, “biharko egunera begira”-ko errealitateak, formazio politiko eta kontzientzia faltak eta jendartearen maila guztiak zeharkatzen dituen amarru-kulturak zaila jarri zioten Chávezi. Populazioa auzo osasungaitzetatik ateratzeko eta landeetara mugitzeko gobernuaren planek ez zuten emaitz handirik izan, nahiz eta lurrak, etxe berriak eta lurra lantzeko baliabideak (traktoreak barne) eman. Etxebizitza duinak bermatzeko ahalegin horren segidatzat har daiteke, neurri handi batean, 2011an Chávezek berak abian jarritako Gran misión vivienda Venezuela programa, Maduroren gobernuak jarraitu duena (http://www.vicepresidencia.gob.ve/tag/gran-mision-vivienda-venezuela/). 2019ko urrira arte, eta arazo ekonomikoak direla medio, 2.800.000 etxebizitza eman zaie baliabide gutxiko hainbeste familiari, etxebizitzaren prezioaren % 80 Estatuak ordainduta. Ez da erraza halako ekimenak Munduko beste leku batean topatzea. Edozein kasutan, aipatutako praktika okertuak eta kontrol eta zigor faltak ahalbidetu dute onuradun batzuek etxea jaso, ilegalki saldu eta aurreko etxebizitza ezegokira bueltatzea. Hori jendartean publikoa da, eta jende askok halako kasuren bat ezagutzen du.
Arto-irinaren paketatzea,Barinas estatuko kooperatiba batean.
Produktu hau oinarrizkoa da venezuelarren bizitzan.
Herriak benetako subirautza izateko elikatzeko autosufiziente izatearen beharrean arreta eta ahalegina jarri zituen Chávezek, baita herriari antolatzeko eta ekoizteko erraztasunak eta baliabideak emateko ere. Hala ere, ekonomia dibersifikatzeko, produktuen ekoizpena handitzeko eta elikagaien eraldatze-industria garatzeko ahalegina ikuspegi estrategiko batekin abiatuta bazegoen ere, aipatutako ohitura hondagarriekin topatu zen. Aurrerapen batzuk lortu arren, besteak beste kooperatiba batzuen bidez, egindako inbertsioak ez zuen izan bilatutako ondorioa. Zarrastelkeria, antolaketan ganora eskasa eta kontrol falta errotuegi daude eta, hein handi batean, aukera ederra galdu zen autosufizienteagoak izateko eta geroago etorriko zen eraso ekonomikoari egoera hobean erantzun ahal izateko. Chávez fisikoki desagertu ostean, Maduroren gobernuaren aurkako erasoa indartzean, populazio osoaren elikadura bermatzea benetako erronka bihurtu da. Gaur egun Venezuelan garatzen ari den borroka garrantzitsuenetariko eta gakoetako bat. Izan ere, 2016tik hona sekulako ahalegina egiten ari da, gobernutik komunetaraino. Apure Estatuan dagoen Páez udala, esfortzu honen adibide argia da. PSUVek alkatetza lortu zuenetik, mugimendu sozialetik heldutako alkate berriak erabili gabeko udal-lur guztiak era kolektiboan ereitea bultzatu zuen. Hiria zeharkatzean arto-landareak ikusgarriak dira leku ezberdinetan, eta ospitala inguratzen zuten lurguneak arroz-soroak dira orain. Hiriko paisaje bisualaren aldaketaz gain, harreman sozialetan eta herritarren parte-hartzean ere aldaketa garatzen ari dira.
Nazio mailan endemiko bihurtu den arazo bat lurraren jabetasunarena da. Chávezek erabili gabeko lurrak berrezkuratzeko neurri batzuk martxan jarri arren, ekoizteko baliagarriak diren lurren zati handia lur-jabe eta abeltzain handien eskuetan mantentzen da oraindik, nekazal-ekonomia baldintzatzeko ahalmen handiarekin. Beste aldean, kooperatibetan antolatu eta ondo doakien nekazariak egon badaude ere, faktore askorekin topo egin duten nekazari asko daude. Izan ere, lurraz gain, ezinbesteko beste elementu batzuk lortzeko zailtasun handiak daude, bai agortuta dauden lurretarako ongarriak, bai lurra lantzeko tresneria eta ordezko piezak, bai ekoiztutakoa merkaturatzeko baliabideak. Beharren artean haziak daude, nola ez. Nekazal-industriaren multinazionalen hegemoniaren menpean, haziak lortzeko enpresa handiei erosi behar zaizkie; garestiak diren eta uzta bakar baterako balio duten hazi transgenikoak, hain zuzen ere. Aipatutako ekonomiaren kanpoko dependentzia biderkatzen da sektore honetan. Horren aurrean, negozio hutsaren espiraletik at dauden hazi kriolloak berreskuratzen saiatzen ari dira nekazari kolektibo batzuk, baina erronka ez da erraza, behin hazi “moderno” hauen abantailen magalean erorita (ekoizpen handia, homogeneotasun komertziala, izurri eta gaixotasunei erresistentzia…).
Nekazari askok daukaten beste kontrako faktore bat jazarpena da. Zonalde batzuetan lurrak berreskuratzeko borrokak sektore oligarkikoen indarkeria jasotzen jarraitzen du. 2000. urtetik hona 300 nekazari baino gehiago hil dituzte Venezuelan, horietako gehienak (ez badira guztiak) lur-jabe eta abeltzain handien sikarioen tiropean. Testuinguru horretan, aipatzekoa da 2019ko uztailaren 27an Brigadas de Autodefensa Hugo Chávez-en sei militanteen hilketa, Barinas Estatuaren Ticoporo herrian, non lurrarekiko gatazka eta eremua kontrolatzeko mugimendu chavista antolatuen eta trafikante eta paramilitarren arteko borroka nahasten diren. Hala ere, nekazari eta militante chavisten hilketen egile zuzenak eta agindua eman dutenak identifikatzeko eta zigortzeko emandako pausoak eta izandako emaitzak oso eskasak dira. Kasu gehienak argitu gabe geratzen dira. Nekazarien mugimendua nagusiki chavista bada ere, dagoen inpunitateak gobernuarekiko eta justizia sistemarekiko haserrea eta mesfidantza handitu baino ez du egiten.
Nekazarien hilketagatik justizia eskatzeko protesta Caracasen,
2019ko abuztuan.
Hau guztia gertatzen den aldi berean, nekazal-enpresa handiak erraztasun gehiago topatzen ari dira azken urte hauetan gobernuaren partetik. Elikagaien ekoizpena handitzea premiazkoa da eta behar horrek eraman du gobernua Venezuelako inportatzaile eta ekoizle pribatuei erraztasunak ematera, barne merkatua asetze aldera. Gobernua egoera kontraesankorrean dago, alde batetik populazioari oinarrizko produktuak ziurtatzeko premian eta, beste aldetik, sektore pribatuari lehentasuna emanez herri ekimen antolatuen aurretik (komunak batez ere). Egoera larrialdizkoa izan arre, Estatutik baliabide ekonomiko asko negozio pribatuetara bideratzen ari dira, burgesiaren familia batzuk indartuz (kasu batzuetan, gobernu egituretako kargu batzuekin harremanak dituztenak). Epe motzeko neurri hauek hartzen diren bitartean, ez dago bultzada nahikorik elikagaien hornidura Estatuaren enpresen edota kooperatiben bidez egiteko. Era berean, ez dira inondik ere nahikoak elikagaiak ekoizten dituzten komunen eskuetan jarritako baliabideak. Batzuek iniziatiba pribatuaren efizientzia argudio bezala erabili arren, gobernuaren sinesgarritasuna higatuta geratzen da lurrak lantzeko saiakeretan ari diren nekazari apal chavista askoren artean.
4- Bachaqueo-a: ustelkeria sistemikoaren adierazpena eskasia garaietan
Ustelkeriak eta batzuen pribilejioak mantentzeak jendarte venezuelarra ahultzen dute barrutik eta sektore iraultzaileen etsipena areagotzen dute. Venezuelan ustelkeria endemikoa da. Hedabideetan erakusten diguten kaleko inseguritatea bezala (benetakoa dena), ustelkeria ez zen Chávezekin heldu. Are gehiago, komandantearekin ustelkeria jaitsi zen asko gobernu mailan, nahiz eta guztiz ez desagertu. Kontu honetan ere, astuna zen IV Errepublikaren herentzia, Estatu aparatu erraldoiaren bazter guztietan, baita harreman sozialetan ere, hedatuta zegoena.
Egoera okertzen denean, benetako beharra dagoenean, pikarokeria naturaltasun gehiagorekin azaleratzen da, gehiengoaren onespenarekin edo, behintzat, gaitsezpenik gabe. Alemaniar ideologia idazkian, Marx-ek eta Engels-ek adierazi zuten sozialismoak ekoizpen-indarraren garapen handia behar duela, garapen hori gabe gabezia orokortuko zelako eta, pobreziarekin, ezinbestekoagatiko borroka hasiko zen berriz, aurreko zikinkeriara bueltatuz.
Besteak beste, petrolioaren prezioaren jaitsierak, estrategia ekonomiko argi baten faltak, barne akatsak eta, bereziki, inperialismoaren gerra hibridoak ekonomia venezuelarra egoera larri batera eraman dute, venezuelar gehienen eguneroko bizitza kolpatzen duena. Testuinguru horretan, praktika batzuk areagotu dira. Hala ere, ezberdindu behar da oinarrizko produktuak lortzeko pertsona askok, haien ideologiatik haratago, praktika irregular batzuk erabiltzea (resolver) eta negozioa egiteko besteen beharrez aprobetxatzea. Eta azken mota honetan kokatu behar da bachaqueo-a, populaziora bideratutako produktuak bereganatzea, bidean atzematea, hartzaile berari edo kanpoko populazio bati askoz prezio handiagotan saltzeko. Bachaqueo-a ez da berria baina azken urteetako krisi ekonomikoarekin hazi da asko eta benetako minbizi bilakatu da.
Elikagaien ekoizpena handitzea gakoa da bachaqueroen
efektuak ahultzeko. Hazitegia El Maizal komunan.
Bachaqueo-a, auzokideei produktuak lapurtzeaz gain, Estatuari lapurreta da ere. Izan ere, sektore guztiek eskuratu ahal izateko Estatuak diruz lagundutako produktu horiek askoz garestiago saltzen dituzte bachaquero-ek, etekin handi bat lortuz Estatuaren kontura eta populazioa horniduraz gabetzearen kontura.
Bachaqueo-ren adibide argienak CLAP-en (Comités Locales de Abastecimiento y Producción) kutxak dira, non auzoetaraino heltzen den banaketa-katearen puntu ilunetan produktuak desagertzen diren. Produktu horiek ager daitezke gero kaleetako postuetan salmenta librean edo Kolonbiako herrietan (beti askoz prezio handiagotan). Disfuntzio hau latza da, sabela begiraz gain, populazio orokorraren eta, bereziki, prozesu eraldatzailearekin lerrokatuta daudenen adorean. Gogorra egiten da ikustea 23 de enero auzora CLAPen bidez esne-hautsa ez dela heltzen eta, handik kale gutxietara, Catia auzoan, CLAP-eko esne-hautsa kalean prezio librean saltzen dela. CLAPeko produktuez gain, dendetan saltzen diren elikagaien eta beste oinarrizko produktuen (higieneari lotutakoak adibidez) prezioak oso altuak dira. Batzuek badakite nola probestu eskaintza-eskarien legeaz, herriaren pairamenaren kontura bada ere.
Herriaren oinarrizko beharretan oinarrituta, farmakoak ezin ziren libratu praktika honetaz. Izan ere, bachaqueo-aren beste lehentasunezko jomuga dira. Kasu honetan, gainera, farmaziek ere erantzukizun handia izan dute, askok produktuekin espekulatu baitute, urritasuna egon ala ez egon. Farmako eta beste produktu batzuk farmaziako biltegietan gorde eta apaletara gutxika atera, urritasuna irudikatuz eta prezioak igoz, praktika ohikoa izan da. Eta apal huts horien irudiez gainezkatu gaituzte hedabide masiboetatik Venezuelan zein gaizki dauden azaltzeko...
Baina, janari eta sendagaiz gain, praktika maltzur honetan diru gehien mugitzen duen produktua erregaia da. Gasolina Venezuelan ia dohainik da baina Kolonbian dolar batean edo gehiagotan saltzen da litroa, negozio biribila bihurtuz. Muga zeharkatzeko bideak anitzak dira, mendian zeharreko bideak (trochas), errepide asfaltatu arruntak (gaur egun batzuk itxita eta gainontzekoak askoz kontrolatuago) baita kostaldeko itsasbideak ere, motordun txalupen bidez. Mafia-egiturak aberasteaz gain, badaude familia asko kontrabando praktika hauetaz bizi direnak. Batzuek “kontrabando langileak” terminoa erabiltzen dute, praktika hori normaltzat hartuz.
Gobernuak eta Estatuaren egiturak ezagutzen dituzte ondo bachaqueo praktikak, baina arazoari aurre egitea ez da batere erraza. Gobernuak inspektoreak dauzka elikagaien edota farmakoen prezioak aztertzeko saltokietara doazenak, edo garraio publikoan bidaiariei biletea zenbat kostatu zaien galdetzeko igotzen direnak. Honek espekulazioa oztopatu du, baina ez du inolaz ere arazoa konpondu. Erregaien kasuan, Kolonbiatik gertu dauden zonaldeetan, eros daitekeen bolumena mugatua dago auto bakoitzerako, kotxea muga zeharkatu, tanga ustu eta betetzera bueltatzea ekiditeko. Neurri honen irudi grafikoena Barinas eta Apure estatuetako gasolindegietako kotxe ilarak dira.
Prezioak eta kontsumo-ondasunen kantitateak kontrolatzea baino zailagoa da bachaqueo katean eroskeriak jasotzen dituztenak kontrolatzen saiatzea. Izan ere, hainbat poliziak eta militarrek (eta ez bakarrik errepideko kontrol ugarietan daudenek) onartzen dute dirua salgaia pasatzen uzteagatik. Kasu batzuetan, trafiko-talde kriminal antolatuak tartean daudenean, diru eskaintza hutsetik mehatxu zuzenetara hel daiteke, agentearen kontra edo bere senitartekoen kontra. Diru eskaintzak lortzen ez duena heriotz-mehatxuak lor dezake. Herri sektoreetatik, praktika hauek prozesua nabari ahultzen dutela kontziente izanda, praktika mafioso hauekin guztiekin bukatzeko jarrera irmoa izatea eskatzen zaio gobernuari. Ez da erraza, hala ere, Venezuelako herria eta ekonomia kolpatzen dituen izurri honekin bukatzea. Ez da erraza jakitea ere zein puntutaraino Gobernua bera ezindua dagoen Estatuaren egitura polizial eta militarretan piezak mugitzeko.
Edozein kasutan, eta beste Estatuekiko mugetatik urrun, Caracasen bertan adibidez, ez litzateke hain zaila izan behar kontrolatzea zer ateratzen den, katearen puntu bakoitzetik zer pasatzen den eta auzo, kale eta familia bakoitzera zer heltzen den. Teorian behintzat, zeren eta praktikan, ustelkeria kulturarekin batera, kaosaren kultura nahiko erratua dago Venezuelan (Latinoamerikan venezuelarrena soilik ez bada ere). Venezuelarrek bideratzen dakiten kaos zertxobait surrealista, hain zuzen ere.
Praktika hauek guztiak era hain irekian irauteak urritasun-arazoak areagotzen dituzte, baina agian efektu kaltegarriena prozesuaren eta gobernuaren beraren sinesgarritasunean dago. Izan ere, chavista asko ari dira prozesua defendatzen, lan egiten, eskasiari eusten eta, aldi berean, ikusten ari dira nola beste batzuk aberasten diren halako praktikekin eta inpunitate osoz. Diskurtso iraultzaileen artean, chavismoaren izenean eraso inperialistari aurre egiteko eta ez errenditzeko mezuak entzuten direnean, gobernutik kontrol- eta zigor-neurri eraginkorragoak ez hartzeak higadura sozial handia ekartzen dio prozesuari. Kide iraultzaile batek esaten zuenez, “gure akatsen gainean zamalkatzen ari dira”, kapitalistek eta inperioak barne ahulezi eta akats hauetaz aprobetxatzen ari direla irudikatuz. Batzuek negozioa egiteaz gain, bachaqueo-ak beste funtzio horiek dauzka: herriaren sufrimendua eta desmoralizazioa areagotu, eta prozesuarekiko atxikimendua ahuldu.
Profesionalen migrazioak eragin handia izan du ekonomia sektore
guztietan. Arto-aleen kalitate-kontrola, Barinasko fabrika batean.