Venezuelako errepublika bolivartarraren egoeraren zertzelada batzuk, labur-labur (5-6/8)
5- Venezuelarren migrazioa: bere testuinguruan jarri beharreko errealitate gordina
Venezuelako krisi ekonomikoaren ondorioetako bat venezuelarren migrazioarena da. Izan ere, Venezuelako prozesu eraldatzailearen kontra burgesiaren komunikabideek erabilitako gai nagusietako bat migrazioa izan da, Venezuelatik Kolonbiara ateratzen ari ziren familien ilaren irudiak ugaritasunez erabilita. Izan ere, bertako oligarkiak, inperialismo yankiak eta, hedaduraz, gainerako burgesiak (hemengoak ere; PNVren Venezuelarekiko jarrera eta bere kontrolpeko komunikabideen joera ideologikoa ikusi besterik ez dago) prozesu bolivartar eraldatzailearen suntsiketa bilatzen dute. Venezuelako afera ez baita gobernu bat edo beste bat, presidente bat edo beste bat, baizik eta sistema kapitalistaren logikatik kanpo garatu nahi den prozesu herrikoi bat, eta, Kubarekin gertatzen den bezala, beste herriekiko eredu arriskutsua izan daitekeena.
Ez dugu ezer berria esaten Venezuelaren aurkako gerraren eremu garrantzitsuenetariko bat (des)informazioa dela azpimarratzean. Kanpora begira zein barrura begira. Zentzu horretan, Venezuelatik jendetza ateratzearen atzean arrazoi ekonomikoak daude nagusiki. Ziurtasun gabeko etorkizunak eta eguneroko estutasunek eta zailtasunek (herria “salbatu” nahi omen dituztenek eraginda, nagusiki…) erabaki zail hori hartzera bultzatu dituzte venezuelar asko. Baina ezin da saihestu Venezuelatik ateratzeko zergati horiek hedabideen gezur eta dei alarmistekin ere nahasten direla. Izan ere, migratzaile batzuk egoera sozioekonomiko txarrago batera abiatzen dira, kasu gehienetan jakin gabe. Ez dira gutxi izan alboko herrietatik (Peru, Ekuador, Txile, Kolonbia…) Venezuelara bueltatu direnak, bilatzen zuten paradisua errealitate gordinago bilakatuta edota errefusatze eta xenofobia pairatuta.
Azken urteetan Venezuelatik joandakoen datu ofizialak ez badaude ere, bi eta hiru milioiren artean izan direla kalkulatzen da, 28 milioiko populaziorako ia % 10 suposa zezakeena. Estimazioak nork ematen dituenaren arabera zifra horiek 4 milioietaraino heltzen dira. Zaila da jakitea. Migratzaileen artean familia osoak baita jende gazte asko dago. Azken hauen kasuan faktore ezberdinak nahasten dira: aipatutako estutasunak, etorkizun nahasia, gazteengan ohikoa den kanpora joateko eta beste bizipenak izateko grina baita kontsumismo-ametsa ere. Hain zuzen ere, joaten diren gazteen proportzio handi batek “mente Nutella” dauka: Venezuelatik atera eta beren norako berriaren zentro komertzial batera joan Nutella poto batekin argazkiak egiteko sare sozialetan konpartitzeko. Funtsezkoa ez denaren mirespena, merkantilismoarekiko itsukeria, kontsumismoaren idealizazioa azken finean. Venezuelaz gain, munduko herri gehienetan gertatzen den fenomeno alienatzaile bera, Venezuelako kasuan askatasun falta eta miseria bezala irudikatuta.
Edozein kasutan, maila pertsonal eta familiarrean suposatzen duen traumaz gain, migrazio ugari honek arazo handi bat suposatu du Venezuelako herriarentzat. Izan ere, joandako gazte asko, bereziki, kualifikatuta edo oso kualifikatuta daude, kasu gehienetan unibertsitate publikoetan formatuta. Heziketa maila altua izanda Venezuelako soldatak ez dira batere erakargarriak gazteentzat eta, Gobernuak maiz soldatak nabari handitu arren, merkatu librearen produktuen prezioen igoerak berehalako uzten dituzte ezertan soldata-hobekuntzak. Honek erraztu du asko prozesu bolivarianoarekiko atxikimendu baxuko gazte andana kanpora joatea, hondatutako ekonomiarentzat beharrezkoak diren profesionalen kopurua nabarmenki afektatuz. Adibide zehatz bat jartzeagatik, Apure Estatuko Guasdualitoko ospitalean zeuden 60 medikuetatik 17 joan dira atzerrira (haien artean 5 anestesista) baita 47 erizain, ia guztiak ospitalean bertan formatutakoak. Joandako gehienak gazteak dira, etorkizun batean erreleboa eman beharko lituzkeenak. Honi gehitzen badiogu medizina eta medikuntza-ekipamenduekin dauden eskasiak, imajina dezakegu zein lan erraldoi eramaten duten aurrera geratu diren profesionalek; kasu zehatz honetan, 2019ko maiatza eta abuztua bitartean 14.000 laguni osasun-harrera emateko.
Blokeoak osasun arloan eragindako arazo larriez gain, profesionalen migrazioak
osasun‐arreta larriki eragin du. Farmazia komunitarioa, Páez udalean.
Venezuelarrekin izandako solasaldietan sarritan azaleratzen da langile kualifikatuen atzerriratzeagatik dagoen kezka. Ekonomiaren eta herriaren egituraketaren kontrako eraso hau agian ez da hain agerikoa baina oso eraginkorra da, enpresa askoren funtzionamendu normala oztopatzen baitu eta pertsona horien formazioan inbertitutakoa galarazten baitu. Kubatarrek badakite zerbait, higadura mota honi buruz…
Hala ere, era berean, goraipatu behar dira estutasunei eta zailtasunei aurre egiten dieten gazte chavista asko, sektore politizatu eta kontzienteenen parte, beren herrietan eta beren lanpostuetan mantendu direnak. Gobernuarekiko atxikimendu hurbilago edo urrunagotik, baina Chávezek markatutako proiektuaren defentsan, gazte askok lanean diraute kontsumismo-ereduaren itsaslaminaren kantuen aurrean, beste milioi herritarrekin batera.
Fenomeno mingarria bada ere, Venezuelako Errepublika Bolivarianoaren migrazioaz aritzen garenean, bere testuinguruan jartzea ezinbestekoa da. Alde batetik, bultzatutako ondorio bezala kokatu behar da, hau da, gerra hibrido baten ondorio bezala; Kubak izan ezik, Abya Yala / Latinoamerika osoan beste herri batek pairatzen ez duen kanpoko eraso baten ondorio bezala. Bestetik, Latinoamerikako estatuen migrazio ekonomikoaren fenomenotik ezin da guztiz aldendu. EEBBetara, baita Latinoamerikako beste herri batzuetara, etengabeko migrazioa konstante bat izan da azken hamarkadetan. Oraindik gertu geratzen zaigu EEBBetara heltzeko asmoz Hondurasetik atera zen karabana jendetsua. Izan ere, adibide bat jartzeagatik, hedabideetan Venezuelako “exodoaz” mintzatzen bada ere, gutxitan aipatzen da salvadortarren laurden bat kanpoan dagoela (nagusiki EEBBetan).
Horrez gain, saihetsezina da Venezuelarekin muga konpartitzen duen herri baten egoera berezia aipatzea: Kolonbia. Izan ere, Kolonbian milioi bat eta erdi eta 2 milioi arteko venezuelar egon daitezkeela kalkulatzen bada estraofizialki, Venezuelan 2 milioi pertsona baino gehiago Kolonbian jaiotakoak dira edo Venezuelara joandakoen ondorengoak. Venezuelarako migrazio hau aurreko hamarkadetan garatu da eta bi jatorri nagusi izan ditu: ekonomikoa eta jazarpen politiko-militarra. Kolonbiar asko joan ziren Venezuelara baldintza ekonomiko hobearen bila, eta beste asko Kolonbiako gerratik ihesi, batez ere paramilitarren sarrasketatik. Venezuelara heldutako horietako asko ez zeuden Venezuelan erregistratuta. Egoera irregular horri buelta emateko eta ofizialki herritartzat aitortuak izateko, Chávezek Misión Identidad deritzona martxan jarri zuen 2003an. Programa horren onuradunen artean milioi bat kolonbiar baino gehiago zeuden, Venezuelako nazionalitatea (identitate-zedula) jaso zutenak. Halako datuak ez dira hedabide pribatu handien propagandan aipatzen.
Ez dira aipatzen ere Kolonbian bertan indarrez lekualdatutakoak ere. ACNURek jasotzen duenez, 2018an 7.816.500 pertsona barne desplazatuak ziren Kolonbian, munduko lehen postuan hain zuzen ere. Venezuelari aipu eginez, hedabide nagusietan migrazioa, giza eskubideen urraketa eta hondamendi humanitarioa entzutean, lazgarrien eta lotsagarrien egiten dena Kolonbiako triskantza ezkutatzea da. Izan ere, demokrazia bezala saltzen digute terrorista bezala kalifikatu daitekeen Estatu bat, non 82.998 pertsonak desagertuta jarraitzen duten (http://www.centrodememoriahistorica.gov.co/micrositios/balances-jep/desaparicion.html), non gerra irekia edo zikina eguneroko ogia den, non Fiskaltza Orokorrak berak 2.248 “positibo faltsu” aitortu dituen (Ejerzitoak hildako gazteak gerrilari bezala aurkeztea, igoerak edota ordainsariak jasotzeko), eta non FARC-EP-rekin bake-akordioa sinatzetik 158 gerrilari ohi eta 780 militante sozial erail dituzten, inpunitate osoz kasu gehienetan. Kolonbiako gobernua lasai dago, jakin badaki joku-taula honetan “demokraziaren eta giza-eskubideen Munduko zaindari”-engandik neurririk edota blokeorik ez duela jasoko. Aldi berean, Venezuelaren kontrako erasoaren eragile latinoamerikar oldarkorren bilakatu da aspaldidanik Estatu kolonbiarra.
Chavez gogoratzeko muralak Caracaseko ia bazter guztietan topa daitezke.
6- Hala eta guztiz ere, Chávezen herria badoa
Chávez bizirik zegoenean bere figurarekiko atxikimendua sekulakoa zen herri venezuelarraren sektore oso zabal batean. Chavismo hegemonikoa zen, ikuspegi soziopolitiko batetik zein emozionaletik ere. Venezuelako sektore apalen artean, baita ekonomikoki hobeto zeuden beste langile askoren artean ere (Venezuelan clase media en positivo deiturikoa), Chávezekiko benetako maitasuna zegoen. Milioika venezuelarrentzat aita bat bezala zela esan daiteke. Chávezek herria maite zuen eta herriarekin konektatzen zekien, bi norabideko elkarrizketa zintzo eta oparoan. Chávez maite zuten pobrezian, aukera-gabezian eta ezjakintasunean hondoratuta zegoen sektore erraldoi bati begiak ireki zizkiolako, herriari itxaropena eta duintasuna bueltatu ziolako, bartertutako milioika herritarren alfabetizazioa ahalbidetu zuelako, jendarte osoaren beharrak asetzeko baliabideak jarri zituelako eta herria protagonista bilakatzeko ahalegin erraldoia egin zuelako. Bere izaera eta estiloari buruz alde edo kontra egindako milaka adierazpenez haratago, Chávez benetakoa zen. Horretan ez dago zalantzarik.
Hori hautematen zen kaleetan Chávezen garaian; Chávezen presentzia, Chávezen indarra. Urte batzuk beranduago Venezuelara bueltatzean, egoera ez da berdina. Eraikitze-garai horren gogoberotasuna asko apaldu da, chavismoaren aldetik tentsioa mantentzen bada ere. Orain, Chávezen presentzia fisikoa ez dagoenean, garai horietara begirada bueltatzen denean, azken bi hamarkadak aztertzen direnean, Chávezen figuraren tamaina hobeto ulertzen da. Chávez erraldoi bat zen. Inperialismoaren eta bere tokiko kolaboratzaileen erasoa erresistitzen denean, jokoan dagoena aditzen denean, eraiki dena eta, barne zein kanpoko faktore askoren ondorioz, eraikitzeke geratu dena aztertzen denean, Chávezen neurriez jabetzen zara, bai, begitaziodun eta estratega bezala. Chávez ez zen heldu egoera edo Estatu bat kudeatzeko. Chávezek programa bat garatu zuen Venezuelako egiturak aldatzeko eta beste sistema bat eraikitzeko, bere ekarpen adoretsuena Estatu komunalaren proiektua izanda, Estatuaren izaeraren eraldaketan eta herria boteretzean oinarrituta. Ia hamarkada eta erdian zehar proiektu asko jaio eta martxan jarri ziren, era progresiboan, bere akats eta ezintasunekin ere, baina herriari ahalik eta poztasun gehien emateko asmoarekin, Bolivarrek berak 1819ko Angosturako diskurtsoan aipatu zuen moduan.
Chávezen proiektuaren originaltasuna eta ausardia ez zen mugatzen Venezuelako herrira. Aberri handira (La Patria Grande) begiratzen zuen, bere aurreko askatzaile ospetsu askok bezala (Bolívar, Sucre, San Martín, Martí, Sandino, Che, Fidel…). Izan ere, Latinoamerikako herrien integrazioaren motor bihurtu zuen Venezuela. Besteak beste, ALBA, Unasur, Petrocaribe eta Telesur-ren atzean Chávezen bultzada dago. Edozein kasutan, bere proiekzioa Abya Yala / Amerikatik haratago doa, munduko herri zapaldu askorentzako erreferente bihurtzeraino.
Berebizikoa izan da bere legatua, eta bizirik mantentzen da gaur egungo Venezuelan. Ezkerreko alderdi, mugimendu eta erakundeetan, komunetan, auzo herrikoietan konstanteak dira Chávezi eta proiektuari egiten zaizkien aipamenak.
Proiektu eraldatzaile honen errotze sakonak ahalbidetu du proiektu bolivarianoak bizirik irautea eta gobernu chavistarekiko atxikimen maila altua mantentzea, sektore chavista askotan gobernuarekiko egon daitezkeen desadostasunez harago. Venezuelako egoerak eztanda egin ez izana horren adierazle da. Venezuelarrak pairatzen ari direna baino gutxiagorengatik herria haserre atera da kalera beste kasu batzuetan, baita beste Estatu askotan ere. "Gutxiagotik Caracazok eztanda egin zuen 1989an" entzun daiteke venezuelar batzuen ahotan. Duela gutxi Ekuadorren, Txilen edota Kolonbian ikusitakoa ez da gertatu Venezuelan. Herri hauetan, adibidearekin jarraitzeko, herri apalak moztu ditu kaleak (langileak, jatorrizko herriak, ikasleak…). Azken urte hauetan Venezuelan egon diren kale-indarkeriaren gertakariak (guarimbak) eskuinak elikatu eta finantzatu ditu, eta, atsekabe osagai bat izan bazezakeen ere, osagai kriminala eta marjinala oso handia zen. Aberatsek ez zuten kale borroketan parte hartzen, baizik eta klase ertaina deritzonaren gazteak eta, batez ere, lumpen asko, istiluak sortzeko ordainduta. Guarimba horietan, batez ere 2017koan, pertsona asko hil zituzten, horietako 27 bizirik erreta, itxura chavista izateagatik. Polizia batzuk ere hil zituzten. Zentzu horretan, aipatu behar da errepresio poliziala beste Estatu askotan aplikatzen dena baino askoz epelagoa izan dela, Gobernuak berak murriztu zuelako eta, ziur aski, indarkeria-uholdea piztu zutenenei nahi zuten argazkia ez emateko.
Chavezen hilobia Mendiko kuartelean (Cuartel de la Montaña), Caracaseko 23 de enero auzoan.
Herri venezuelarraren sektore apalak, hala ere, ez dira orokorrean atera kalera gobernuaren kontra. Sektore hauek dira inperialismoaren gerra hibridoaren jomuga nagusia. Egoera jasanezina bihurtuz, itxaropenik eza hedatzen saiatuz, chavismoa errenditu nahi izan dute, historian zehar beste herri batzuekin egin duten bezala. Alabaina, Venezuelan pairatzen den egoera oso zaila bada ere, etsipena sektore handi batean zabaldu bada ere, inperialismoak ez du lortu chavismo soziologikoa garaitzea. Hedabide masiboetatik kontrakoa saldu arren, Venezuelan dagoen krisia ez da heldu soziala izatera. Zailtasunen aurrean venezuelarren izaera berezia eta pazientzia, herri sektore esanguratsu batek daukan kontzientzia politikoarekin konbinatuta, gakoa izan dira erresistitzeko. Izorratuta daude, baina kontziente dira zergatik, eta harro daude beren subiranotasunaz. Chávezek erabilitako “Hemen herri duin bat dago, carajo!” esamoldea, goiburu hutsa baino zerbait gehiago dela erakusten ari dira duintasun handiz. Izan ere, lelo hori materializatzen da eguneroko borrokan, herriaren antolakuntzan, lan ideologiko eta formatiboan, kaleko erakustaldietan baita defentsarako prestakuntzan. Defentsarako formazio politikoa zein militarra berme bakarra dira munduko etsaia boteretsuaren aurrean eta eskrupulurik gabeko ultraeskuina venezuelarraren aurrean. Horregatik, ezinbestekoa da erantzuteko prest egotea balizko interbentzio militar irekiaren kontra baita chavismoaren aurkako gerra irregularraren kontra (talde paramilitarrak, hanpa eta delinkuentzia). Horregatik, Fuerza Armada Nacional Bolivariana (FANB) ondo prestatu eta ekipatzeaz gain (Chávezen kezketako bat), herria antolatzen da milizietan eta autodefentsa taldeetan (auzoetan, entitate eta enpresa publikoetan, komunetan, kolektibo eta erakundeetan…). Herriak berak hartzen du protagonismoa prozesuan, Venezuelako subirautza baita bizitza bera ere defendatzeko.
Urritasun materialez haratago, chavismoaren sektore askotan haserrea sumatzen dela ere agerikoa da. Chavismo garaiaren hasieratik bizio eta praktika oker batzuk txertatuak egon dira gobernuaren zein Estatuaren esparru batzuetan, baita prozesua aurrera joatea oztopatu duten joerak, chavismoaren inguruko sektore erreformista, sozialdemokrata eta arribistetan irudikatuta. Ustelkeriak eta zigor faltak, baliabideen zarrastelkeriak eta kontrolik ezak, influentzia-trafikoak, kargu batzuen praktika ez ereduzkoek, baita behin baino gehiagotan PSUVek (Partido Socialista Unido de Venezuela) erakutsitako bertikalismoak pitzadurak sortu dituzte chavismoaren barruan, batez ere oinarrizko erakunde eta militante eta goiko egiturazko politikari profesional batzuen artean. Aurrera egiteko bere beharraz ohartuta, chavismoak batasuna mantentzen du etsaiaren aurrean. Hala ere, sektore kritikoen eta ofizialisten arteko urruntzea baita herriaren aurrean sinesgarritasuna galtzea kanpoko erasoa baino kaltegarriak izan daitezke. Klase-etsaiak hautsaz ez aprobetxatzeko kontu handiz aritu behar bada ere, mugimendu chavistak ezinbestekoa dauka etxe barruan erratza pasatzea. Garaiak ez dira agian errezenak halakoak egiteko, baina hausnarketa, autokritika, erradikaltasuna berreskuratzea eta beharrezko neurriak aplikatzeko ausardia ezinbestekoak dira Chávezen proiektu sozialista indartzeko, herria protagonista izan behar duen prozesu original honi beste bultzada bat emateko. Venezuelako prozesu askatzaileak behar du, eta munduko herriok Venezuelako prozesu askatzailea behar dugu.
Chavezen monumentua Sabaneta herrian, bere jaiotze‐lekua.