Munduko preso politikoak askatu!

Gaur, Preso Politikoen Nazioarteko egunean, geure besarkada estu eta iraultzaileena helarazi nahi diegu munduan zehar espetxean diren askatasunaren aldeko borrokalari guztiei.


2004an Euskal Herriak jaso zuen Preso Politikoen Nazioarteko Konferentzian adostu zen apirilaren 17a izendatzea Preso Politikoen Nazioarteko Egun gisa. Konferentzia horretako hasierako manifestuan esaten zen moduan, preso politikoen jatorri eta izaera politikoa da, aitortza hau ezinbestekoa da beraiek ondorio diren gatazken gainditze bideari ekitekotan. Horregatik, agiri honen bidez, geure errekonozimendua adierazi nahi dugu munduko preso politikoekiko, honela munduko herrien askapen borrokak geure egiten ditugulako, eta preso politiko guztien askatasuna exijituz, herrien askatasunaren aldeko oihua lau haizetara zabaldu nahi dugulako.


Manifestu Internazionalistan adierazten genuen moduan, nekez bizi gara jendarte eredu honetan, non soldatapeko esplotazioak eta zapalkuntza heteropatriarkalak herritar gehienak injustizia eta miseriara kondenatzen gaituzten. Nekez bizi gara, plusbalia pilaketak eta irabazien arteko konpetentziak arautzen dutelako, bidegabeki eta irrazionalki, ekinbide produktibo eta soziala; eta beharrizan sozial, politiko edo ekologikoen gainetik errentagarritasunaren irizpideak nagusitzen direlako. Nekez bizi gara, kapitalismoaren biziraupenerako, jazarpen ekonomiko, politiko-ideologiko eta militarraren bitartez, merkatuari eremu sozial eta geografiko berriak bidegabeki oparitzen dizkion sisteman.
Menderakuntza kapitalista, matxista, xenofobo, bortitz eta hedakorraren emaitza da inperialismoa, estrukturalki estatuek mantendua eta mundu mailan ezarria, klase eta herrien arteko banaketaren bidez. Ondorioz, herrien burujabetza, klase independentzia eta independentzia nazionalean oinarritua, herri langileon premia da, hain zuzen ere, menpekotasun ekonomiko, politiko eta kulturaletik aska gaitezen. Borroka hau zilegi zaigu erabat gurean bezala estaturik ez dugunon kasuan edo estatua burgesia lokal, nazional edo transnazionalen eskuetan duten herrienean.


Horrela, herrien arteko desberdintasun soziokulturalen edo tradizio politikoen gainetik, helburu estrategiko bera dugu: geure askapen nazional eta soziala, alegia. Eta tamalez, ez da askapen borrokarik errepresiorik gabe, ez da askapen borrokarik errepresaliaturik gabe, kontziente gara honetaz: Helin Bolek, Txileko herri altxamenduko kide espetxeratuak, herri zapalduaren askatasun grinari espetxean ere gogor eusten dioten palestinar presoak, gose grebaren determinazio erabatekoa duintasunez erakusten duten preso kurduak, espetxetik ere elkartasuna helarazten jarraitzen duten preso saharauiarrak... Hamaika izen abizen askatasunaren aldeko borroka anonimoan etsaiaren atzaparretan eroriak eta bere erraietan tinko eta duin dirautenak, euren herrien moduan.


Eta Euskal Herriaren moduan, horrexegatik ere doakizue lerro hauetatik Askapenako kideon partez geure besarkada internazionalista iraultzaile eta maitasunez bete betea espetxe frantses zein espainoletan zaudeten euskal preso politiko guztiei, banan bana.


Internazionalismoak ez du inongo zentzurik gure herriaren eraikuntza nazional eta sozialaren proiektutik kanpo. Euskal Herri sozialista, euskaldun eta feminista lortzea ez da soilik euskal herri langilearen interes estrategikoa, baita sistema kapitalista-inperialista-patriarkala gainditzeko borrokan diharduten gainerako herri langileena ere. Horrela, gure helburu estrategikoak gauzatzeak (zazpi herrialdeendako estatu sozialista bat), aukera paregabea eskainiko lioke herri honi gainerakoekin benetako politika internazionalistak garatzeko. Hauxe izango da, hartara, gainerako herriei euskal herri langileak egin diezaioken elkartasun ekarpen handiena.


Borrokaren alderdi guztiak zeharkatu eta bustiko dituen osagai internazionalista sendo bat behar dugu, eraikuntza nazional eta sozialeko parte-hartze alor guztietan eta borroka sektorial bakoitzean jardungo duena.


Horrexegatik guztiagatik, internazionalismoa giltzarri askatzaile guztiz beharrezkoa da gure askapen prozesuan; eta zer esanik ez, egiturazko krisi kapitalista honen barruan. Kapitalak eta estatuek sortutako eraso ekonomiko, politiko eta militar honen aurrean, herri langileon arteko batasunean eta elkartasunean sakondu beharko genuke, aterabide antikapitalista, feminista, antiarrazista, antifaxista eta antiinperialista eraiki dezagun. Orain arte herri honek egindako bidetik jarraiki, zuen eredua aintzat hartuz, ezinbestekoa dugu.


2004ko Preso Politikoen Nazioarteko Konferentzian adierazi moduan, gatazken jatorrian diren eskubide eta errealitate ukatuak errespetatuz, borroka egiteko arrazoiak gaindituz, preso politikoen egoerak ere bideratuko dira askatasunerantz. Eta horrexegatik borrokatzen gara munduko preso politiko guztien askatasuna lortzeko, munduko herrien askatasunaren alde borrokatzen baikara; betiko moduan, lehen pausoa Euskal Herrian emanaz.


Gora munduko preso politikoak!!!