Venezuelako errepublika bolivartarraren egoeraren zertzelada batzuk, labur-labur (7-8/8)

7- Komunak, garatze oztopatua testuinguru zailean

 

Behetik eraikitako Estatu komunal bat sortzeak kolokan jartzen du guztiz Estatu kapitalistaren egitura. Aurretik esperientzia batzuk bazeuden ere, Chávezi aitortu behar zaio epe luzerako ikuspegi eraldatzaile eta ausarti honen aldeko apustu estrategikoa, Estatu burgesaren egiturak erabiliz Estatu hori bera gainditzea ezinezkoa dela egiaztatuta. Hasieratik marxismoak Estatuaren aferari arreta jarri badio ere, ez dago esperientzia arrakastatsurik sozialismoa eraikitzeko behin Estatu burgesaren aginte politikoa lortuta bere eremu eta logiketan arituz. Kontrakoa bai. Izan ere, Estatu burgesak eskaintzen dituen bideak erabiliz sozialismoa eraikitze-saiakera gehiegi odolez ito dituzte. Horregatik, Venezuelan irekitzeko bide berri honek, Estatu komunalaren eraikuntzak, erronka originala suposatzen zuen.

 

Chávezek 2006an planteatu zuen Estatu komunalaren eraikitzeko beharra, txikitik handira, eta handik gutxira komunetarako ministerio bat sortu zen eta oinarrizko egiturak hasi ziren sortzen. Antolaketari dagokionez, auzo eta herri mailan kontseilu komunalak daude, gutxienez 150 familiaz osatuta egon behar direnak. Bigarren maila batean komunak daude, gutxienez 5 kontseilu komunal barnebiltzen dutenak. Gaur egun, Venezuelan 3.000 bat komuna daude erregistratuta, batzuk oso aktiboak eta beste batzuk nahiko “nominalak” (erregistratuta bai, baina benetako funtzionamendurik gabe), haien presentzia oso heterogenea izanda Venezuelako lurraldean. Komunen elkartzetik hiri komunalak sortzen dira, hiri klasikoaren eredutik askoz haratago doazenak. Hiri komunalak gaur egungo antolaketa admnistratibotik gain daude. Esaterako, udal edo estatu ezberdinetan kokatuta dauden komunak barnebil ditzakete. Hiri komunalek azpiegitura konplexuagoa daukate baita eskumen gehiago ere, milizia batailioi bat izatea, adibidez. Edozein kasutan, egituraketa komunalaren garapenak oso hiri komunal gutxi eratzea ahalbidetu du oraindik. Garapen beste fase batean, hiri komunal guztiak batuta Estatu komunala osatuko litzateke, egitura instituzional berriaz osatuta. Egitura hauen guztien osaketa eta funtzioak 2009-2012. urteetan argitaratutako hainbat legeetan zehaztuta daude: https://www.mpcomunas.gob.ve/2017/01/23/leyes/.

 

Liburutegi komunala Altos de Lidice komunan (Caracas),
2017ko guarimbetan eskuinekoek erasotua.

 

Tartea badago ere (historikoa, geografikoa, sozioekonomikoa…), asmo honek sobieten eredua jasotzen du neurri handi batean. Proiektu erraldoi honek jendarte berri baten antolaketaren osagai ezberdinak barnebiltzen ditu: ekoizpena, ekoizteko baliabideen (lurra barne) jabegoa, erlazio ekonomikoak, parte-hartzea eta erabakitzeko prozedura, segurtasuna, autodefentsa… Planteamentu honek herriaren protagonismoan eta ahalduntzean jartzen du gakoa. Boterearen gaia da gakoa, Leninek Estatua eta Iraultza idazkian oso ondo azaldu zuenez. Estatu komunala osatzeak Estatuaren eredu kapitalista gainditzea suposatuko luke, nazioarteko kapitalismoaren aurkako borrokan jauritiki zuzen bat izanda (edozein kasutan, ezinbestez beste herri batzuekin batera garatu beharreko borroka, inperialismoaren kontrako nazioarteko fronte zabal batean kokatuta).

 

Chavismoaren lehenego hamarkadak (1999-2008) gehiengoaren bizi baldintzak asko hobetu zituen, ideario eta imajinario kolektiboa irauli zuen eta herri antolatzea eta parte-hartzea nabari piztu zuen. Ordea, inertziak, heredatutako bizioak, kontrol-falta eta ustelkeria-kultura aldatzea ez da urte gutxiko kontua. Hauei gehitu behar zaizkie aurretik aipatutako beste faktore "makro" batzuk: dibertsifikatu gabeko ekonomia (petrolioarekiko guztiz dependientea), ekonomia informalaren garrantzia, ezberdintasun sozial handiak baita kanpoko erasoak ere. Horren guztiaren ondorioz, Estatua modernizatzeko eta ekonomia dibertsifikatuago eta efizienteago izateko aukera galdu zen neurri handi batean. Etor zitezkeen garai txarrei berme gehiagorekin aurre egitea ahalbidetuko lukeena, hain zuzen ere. Solasaldietan venezuelar batzuek aitortzen dutenez, gaur egun pairatzen duten blokeo kriminalaren efektuak eramangarriagoak izango lirateke oparotasun urteak hobeto kudeatu izatekotan.

 

Nekazal‐lanetarako tresneria lortzea zaila da, egungo Venezuelan.
El Maizal komunan nekaezintasunez ari dira oztopoei aurre egiten.


2000ko hamarkadaren amaieran sistema komunala eraikitzeko erronkak zama hori gainean izan arren, prozesua indartsu hasi zen, herri sektore handi bat mobilizatuz. Hala ere, laster hasi ziren gauzak okertzen prozesu luze horretan. Chávez 2013an fisikoki desagertzeak agerian utzi zuen Latinoamerikan hain ohikoa den "buruzagikeria"-rekiko dependentzia, bere gauza on eta txarrekin. Venezuelan zegoen Chávezekiko atxikimenduak bideratu zuen aldaketarekiko eta sozialismoarekiko atxikimendua populazioaren sektore zabal batean, eta bere diskurtso zein neurrien bidez herria politikoki formatu zuen; lehen inork egin ez zuen bezala. Ordea, prozesu baten norabidea pertsona baten eskuetan (edo buruan, hobeto esanda) egoteak ahultasun handia erakusten du aldi berean. Bere eztabaidaezinezko liderrik gabe, prozesu bolivartarra ahulduta geratu zen. Maduro presidentearen lehenengo pausoak ez ziren batere errazak izan. Hasteko, bere presidentziaren lehen urteetan egondako petrolioaren prezioaren jaitsiera handiak Estatuaren diru-sarrerak mugatu zituen era oso larrian. 2013tik 2017ra Venezuelako BPG % 36,9 jaitsi zen (http://www.bcv.org.ve/estadisticas/producto-interno-bruto). Aldi berean, prozesuarekin bukatzeko ofentsiba areagotu zen, barrutik zein, bereziki, kanpotik, Venezuelako egoera nabarmenki okerragotuz.

 

Ebidentea da testuinguru hau ez dela sistema komunala eraikitzeko momenturik aproposena. Izan ere, chavismoa hedatze fase batetik erresistentzia fase batera igaro zen, non kontu ideologiko eta sinbolokoez gain, arazoa askoz materialagoa zen, mota guztietako baliabideak lortzeko zailtasun handiekin. Alabaina, krisiek beraiek sortutako beharra eta tentsioa aldaketa kualitatiboak gauzatzeko pizgarriak izan daitezke. Baliabideak Estatutik ia dohainik eta jarraipen eta kontrol gutxirekin lortzen zirenean inefizientzia nahiko orokortua zegoen eremu askotan. Eskasiak, ordea, beste bideak asmatzera eramaten du derrigorrez. Are gehiago, proiektu chavistaren kontrako ofentsibaren erdian, efizientzia eta ekoizte hutsa borroka mota garrantzitsuenetariko bat dira.


Horrela ulertu dute komunero askok eta autogestionatzeko eta ahalduntzeko ahaleginak indartu dituzte. Lara eta Portuguesa estatuen artean dagoen El Maizal komunan argi daukate. Gaur egun Venezuelako emankorrenetakoa den komuna honetan 10 ekoizpen-unitate martxan daude (landare- zein animalia-ekoizpena eta elikagaien eta beste produktuen banaketari lotuta), non 103 komunerok egiten duten lan, hazien, lanabes eta diru faltari ozta-ozta baina aurre eginez. El Panal 2021 komunarekin koordinatuta, Caracaseko 23 de enero auzoraino bidaltzen dute haien ekoizpenaren zati bat, merkatu kapitalistatik at arituz. Erresistitzeko eta aurrera egiteko jarrera islatuta agertzen da, harro, El Maizal-en lursailaren sarrerako panelean, non Chávez komandanteak adierazitako "¡Comuna o nada!" letra handietan irakur daitekeen.

 

Behi-ekoizpena El Maizal komunan, Lara‐Portuguesa estatuetan.

Saiakera batzuk porrotean bukatu arren, landa-oligarkiatik erasoak pairatu arren baita gobernuaren kargu batzuengandik oztopoak baino ez jaso arren, komuna batzuek urteetako eskarmentua daukate eta emaitza positiboak erakusten dituzte. Herria antolatuta eta baliabideak erraztuta, herritik herrira ekoiztea eta bitarteko enpresa pribaturik gabe produktu asko helaraztea posiblea dela erakusten dute. Inurri-lanaren bidez herri boterea eraikitzen ari dira, sozialismo komunitariorako pauso praktikoak emanez eta Venezuelak jasaten duen gerra hibridoaren ondorioei aurre eginez, osasun eta elikadura arloetan nagusiki. Alderdi materialak ez ezik, alderdi mentalak ere eraldatzen ari dira pixkanaka-pixkanaka. Komunero asko kontziente dira beren eguneroko borroka etorkizuneko Estatu komunalaren enbrioia dela.

 

El Maizal komunaren sarrera

8- Komunak, ekidinezinezko kontraesanak areagotzen

 

Venezuelako Errepublika bolivarianoan bi konfrontazio nagusi bizi ari dira azken bi hamarkadetan. Lehena, Venezuelako herriaren eta inperialismo yankiaren artekoa; alde batean bide propioa egin nahi duen herri bat eta, aurrean, eredu eraldatzaile batekin bukatu eta, Monroe doktrinari eutsiz, "atzeko patioa"-ren baliabide naturalak bereganatu nahi duen  inperialismo yankia. Menpean hartua izatearen aurrean, Venezuelako independentzia nazionala defendatzeko saiakera. Bigarren konfrontazioa, gainditu beharreko Estatu eredu baten eta eraikitzeko dagoen estatu berri baten arteko lehia izango litzateke. Lehenengo talkari dagokionez, chavismoaren indarrak batuta aritzen dira inperioaren kontra eta kanpoko interbentzioa txalotzen duten eskuineko indarren kontra (eskuina baino, ultraeskuina izendatzea aproposagoa izango litzateke; aipatu behar da eskuineko sektore batzuek kanpoko interbentzioa ez dutela babesten). Prozesuaren garapenari buruz ezkerreko eragileek (gobernutik erakunde-aniztasuneraino) irakurketa ezberdinak izan arren, desadostasun ideologikoak nabarmenak izan arren, eta gobernu eta erakundeetako kargu batzuen kontra ustelkeri eta klientelismo salaketak oso presente egon arren, chavistak oso kontziente dira batasunaren garrantziaz eta era neurtuan jokatzen dute. Izan ere, esan eta egin beharrekoak esaten eta egiten dira, baina eremu publikoan eztabaida mugatzen saiatuz. Gobernuaren eta instituzioen kargu batzuei, baita PSUV alderdiaren kide batzuei ere, kritikak eta salaketak egiten zaizkie (ez hainbeste Maduro presidenteari, chavisten artean sostengu oso zabala daukana), baina klase-etsaiak bere probetxurako ez erabiltzeko kontu handia izanez. Chavismoaren sektore eta eragile ezberdinek badakite gobernua mantendu behar dela prozesua salbatzeko. Gobernu chavista jarraitzea ezinbestekoa da sozialismoaren eraikuntzarekin aurrera egin ahal izateko baita eragile iraultzaileek Estatuaren errepresioa jaso gabe lan egiten jarraitzeko. Hein handi batean, esan daiteke kanpoko eraso bortitza dela momentu honetan chavismoaren batasuna mantentzen duena. Era berean, esan daiteke Maduro dela chavismoa baturik mantentzen duena.

 

Hots, bigarren talka hori, chavismoaren barruan gauzatzen dena, benetako klase borroka da ere, jendarte sozialista eraiki nahi duten iraultzaileak alde batean eta erreformistak eta burguesak beste aldean. Chávez presidentearen lehenengo urteetan hasi zen jada boliburgesiaz hitz egiten: gobernuan bertan eta Estatu aparatuan inkrustatuta zeuden pseudochavistak. Burokrata hauek, diskurtso chavista ahoan eta franela (kamiseta) gorriaz jantzita, beren botere-posizioetaz baliatzen dira etekin pertsonalak ateratzeko, proiektu bolivartarrean eta sistema eraldatzean sinestsi gabe. Are gehiago, sistema eraldatzeak beldurra ematen die, beren pribilegio egoera galduko luketeelako. Beste prozesu eraldatzaile batzuetan gertatu den moduan, chavismoaren gorakada geldiezina ikusita, proiektura gehitu ziren goranahiek eta oportunistek karguak okupatzen dituzte gobernu azpiegituretan, Estatu mailan, departamentuetan, alkatetzetan eta beste administrazio-gune askotan. Horietako batzuk beren negozioak egiteko aritu dira botere guneetatik, beren influentzia erabiliz, eta burgesia berri bat osatu dute. Hauekin nahastuta, mugimendu soziopolitikoaren militante ohi batzuk daude ere, boterea kudeatzean eroso sentitzen direnak, gaizki ulertutako pragmatismo batetik jarrera kontserbadorearekin arituz, prozesua erradikalizatzeko oztopo bilakatuta. Sektore eta jokabide hauek ahultzen dute prozesuaren garapena, baita kargu politiko eta administratiboetan dauden beste militante iraultzaile askoren lan zintzo eta saiatua ere. Chavismo garaiaren hasieratik presente egon badira ere, Chávezen figuraren desagerpen fisikoarekin eta azken urteetako egoera zailarekin indartu egin dira gobernuaren barruan jarrera desbideratzaileak eta erreformistak. Izan ere, Madurok aurre egin beharreko testuingurua benetan zaila izan da. Chávezen desagerpenari lotutako etsipen emozionalari, krisi ekonomiko larriari, eskuin faxistaren eraso eta guarinbei, atentatu saiakerei, desitxuraketa mediatikoari eta mota guztietako eraso inperialistei aurre egin behar izan die presidenteak, denbora eta arreta handia horri emanda. Gainera, segurtasun arrazoiak direla medio, bere mugikortasuna Venezuelan zehar mugatua izan da azkenaldian. "Desde que ha llegado no le han dejado descansar; le han dado duro al tipo" (“Heldu denetik, ez diote atsedenaldia hartzen utzi; gogor eman diote”) esaldiak, militante chavisten ahotan, aitortzen du Maduroren paper zaila eta aurrera jarraitzearen meritua, baita kritikoen artean Madurorekiko atxikimendu zabala.

 

Gobernuko sektore batzuetatik ikustarazten da enpresa pribatuak efizienteagoak direla eta, ekoizpena handitzea lehentasuna den garai honetan, apostua egiten da enpresa pribatuei bidea zabaltzeko, esku pribatuetatik berreskuratutako lurrak bueltatuz, finantzazioa erraztuz edota negozio batzuen kudeaketa bideratuz (kanpoko produktuen inportazioa kasu). Estatuak bereganatutako enpresa batzuekin egondako esperientzia txarrek neurri hauek hartzea errazten dute. Kapitalistei egindako kontzesio hauen zati garrantzitsu bat boliburgesiaren eskuetara doa. Modu honetan, gobernuan bertan txertatuta dauden sektore sasichavista boteretsu hauek (asko Indar Armatuei lotuta ere) atzerapausoak ematen ari dira ekonomiaren sozializatzean, burgesiari kendutatu hainbat esparru ekonomikoak burgesiari bueltatuz.

 

El Maizal komunaren negutegietarako haziak lortzeko zailtasunak dituzte.

 

Testuingu horretan kokatu behar dira Wilmar Castro Soteldok, Nakazaritza eta Lurren Ministroak, erabilitako kontzeptu berria, kontraesana bera barruan daukana: “burgesia iraultzailea”; barne ekoizpena handitzeko prest dagoen burgesia, hain zuzen ere. Mota askotako produktuak eta zerbitzuak lortzeko estutasun egoeraren aurrean, enpresa kapitalisten bidez ekoizpena eta Venezuelan ekoizten ez diren produktuen inportazioa handitzeak hornikuntza arazoa leuntzen lagunduko luke, behintzat gobernutik ondo kudeatzen bada, era planifikatuan, saltzeko prezioak kontrolatuta eta herriaren beharrei erantzuteko bideratuta (berez, gaur egungo Venezuelan oso zaila hautematen dena). Ikuspegi honetatik, prozesuaren erradikalizazioan ez luke lagunduko baina, erasoaldiaren testuinguru honetan, prozesua babesteko lagungarria izango litzateke, gobernuari arnasa emanez eta herriaren sektore apal zabalen egoera zaila arinduz. Erresistentzia fase honetan, tresna kapitalisten erabilera kontzesio bezala uler zitekeen, prozesua bizirauteko asmoarekin. Pauso bat atzera, etorkizunean bi pauso aurrera eman ahal izateko. Hala ere, hori onartzetik irabazi tasa handitzeko eta kapitala biltzeko logika kapitalistan aritzen den burgesia bati "iraultzailea" deitzera tarte bat dago, venezuelar iraultzaile askok adar-jotze hutsaz hartu dutena.

 

Gobernuaren barruko sektore burgesak egitura komunala ahultzen ere saiatzen dira, modu kolektiboan aritzen direlako lurrak lantzen, elikagaiak eraldatzen eta banatzen edota zerbitzu batzuk eskaintzen (gas-bonbonen betetzea eta banatzea, kasu). Izan ere, beste eredu bat posiblea dela erakusten dute, Chávezek markatutako bidea era praktikoan aldarrikatzen. Asmoa, beraz, komunen efizientzia eta zabaltzea oztopatzea da, nahiz eta publikoki ezin aitortu. Paradoxa erreala da. Gobernuko ministerio batzuetatik sostengu materiala eta ideologikoa jasotzen den bitartean, beste ministerio eta instantzia batzuetatik komunen kontrako jarrera gauzatzen da, gobernuaren barruko interes eta asmo kontrajarrien borroka isila plazaratuz.

 

Honen aurrean, komunetan antolatuta dauden sektore chavisten erronka garrantzitsuenetarikoak dira koordinatzea, komunean aritzea eta sektore gehiagotara heltzea, Venezuelako jendartean gero eta presentzia eta botere handiago izateko. Modu honetan, beste eragile eta sektore kontzienteenekin batera, aurre egin ahal izango diote burgesia tradizionalak eta boliburgesiak gobernuan duten eraginari. Horrela soilik geldituko dute chavismoaren proiektuan egon den atzera-martxa graduala, eta prozesua erradikalizatuko dute. Horretarako nazio mailako komunen egitura sortzen saiatzen ari dira, esperientzia eta borroka isolatuetatik proiektu orokor batera pasatzeko, Chávezek irudikatutako Estatu komunalaren egitura osatzeko.
 

Sozialismoaren eraikuntza iparrorratz, komunetan.