Salbuespen egoeraren aurrean, herriok tinko!
Kapitalismoaren pandemiak atxilo gauzka, eta krisi honek utziko dizkigun ondorio zehatzak argi izan gabe, hasiak gara albo-kalteak geure azaletan bizitzen, munduko herrialde guztietan. Ez da pandemia berria munduan, sistemaren birusak aspaldi baitzituen kutsatuta gure bizitzak. Baina, ez da zalantzarik egoera are gogorragoa izango dela, COVID-19a aitzakiatzat hartuta, herri langileon bizitzak pobretzen eta kontrola areagotzen ari baita.
Ezinbestean aurre egin behar diogu kapitalaren azken eraso honi, eta borroka eta antolakuntzak berebiziko garrantzia izango du datorren garai honetan. Ofentsibarako eta eraikuntzarako garaia da, eta borroka internazionalista izan behar da herrion garaipenaren bermea. Munduko herri langileon batasunak eta elkarrekiko elkartasunak soilik lortuko baitu herriok salbatzea.
Beharrezko dugu jakitea, beraz, munduko beste herri batzuk zer-nolako egoerak bizitzen ari diren, pandemiak zer eragin eta ondorio utzi dituen eta utziko dituen, boterea nola berrantolatuko den edota internazionalismotik zer ekarpen egin diezaiokegun elkarri eta norbere herriari. Horregatik, datozen asteotan larunbatero hausnarketa internazionalistak izango ditugu hizpide munduko txoko ezberdinetako gonbidatuen eskutik: Italia, Venezuela eta Palestinatik, besteak beste. Hitzaldiak Askapenaren Youtubeko kanalean izango dituzue ikusgai datozen asteotan, beraz, adi egon seinaleari!
Salbuespen egoeraren aurrean, herriok tinko!