Endavant-en irakurketa, egungo egoeraren aurrean
BERRESKURATU DITZAGUN KALEAK! BIZITZA KAPITALAREN GAINETIK
COVID-19ak sortutako osasun krisia hasi zenetik asteak pasatu direnean, duela hilabeteak kapitalismoak arrastaka zekarren krisi ekonomiko eta soziala are indartsuago ageri zaigu, eta koronabirusaren efektuaren ondorioz krisia espero zitekeena baino sakonagoa izango da.
Aste hauetan zehar, Estatu espainiar zein frantseseko gobernuek botere ekonomikoaren interesak herriaren eta herritarron osasunaren gainetik jarri dituzte beste behin. Jarduera ekonomikoen etetearen atzerapena pairatu dugu eta lanera babes neurririk gabe joatera derrigortuak izan gara. Azken hamarkadotako osasungintzako murrizketa eta pribatizazioen ondorioak pairatu ditugu. Zaharren egoitzetan ematen den muturreko prekarietate egoera pairatu dugu. Babes-materiala ekoizteko ezintasuna pairatu dugu, osasun pribatuko enpresek aldi baterako erregulazio espedienteak aurkeztu eta COVID-19a detektatzeko probekin eta babes-neurriekin espekulatzen zuten bitartean. Finean, kapitalismoaren porrota bizitu eta pairatu dugu, bizitza babesteko sistema gisa. Eta krisi testuinguru honetan, gobernu autonomikoek burujabetza oroz hutsik daudela agerian gelditu da. Are gehiago, bizitza eta osasuna jokoan zeudenean, keinuak egitera mugatu dira, eta boto paperetan hazteko baliatu dute egoera.
Arlo ekonomiko eta politikoan, ez da neurririk aplikatu herritar klaseek pairatzen dugun krisia arintzeko, hala nola, alokairuen edota horniduren ordainketen etetea, edota kaleratzeen debekua. Aitzitik, krisiaren kudeaketak beste behin eliteen interesei erantzun dio eta porrot egin duen sistema ekonomikoa salbatzean oinarritzen da, instituzio publikoak eta herritar-klaseak esklabotza egoera batean utziko dituen zorpetze-prozesu masibo bati bide emanez.
Era berean, konfinamenduak eta beldurrak estatuen izaera patriarkal eta klasista areagotu egin du eta milaka emakume beraien erasotzaileekin etxe ñimiñoetan eguneko 24 orduak partekatzera behartu dituzte. Gainera, ezin ahaztu, emakume langileen bizkar ere gelditu dela haurren, adinekoen eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza; egungo zerbitzu publikoek babestu ezin dituztela argi gelditu da, beraz.
Herritarron ongizatean zentratutako gobernu batek salbuespen egoera hau etekin ekonomikoa bizitzaren aurrean lehenesten duten egiturazko elementu guztiak aldatzeko baliatuko zukeen, osasungintza pribatuaren nazionalizaziotik hasita. Aitzitik, estatu espainolak salbuespen egoera instituzioen, diskurtso eta kaleen zentralizazioa eta militarizazioa indartzeko baliatu du; testuinguru belizista bat sorraraziz eta naziotasun espainolista goraipatuz, kritika zaildu eta disidentzia politikoa isiltzeko helburua izanik. Eguneroko prentsaurrekoak, okupazio-indarren ordezkariekin, aldarrikapen patriotikoak eginez eta eguneroko zigorrak zerrendatuz; eta indar militar zein polizialek gure kaleak fisikoki okupatuz, jendartearen kontrol-sozial izugarriaren irudia sortzen dute, izaera autoritario sendoaren irudia emanez. Estatua osasun krisiaren kudeaketak sortutako atsekabearen aurrean oligarkien interesak defendatzeko prestatzen ari da.
Orain normaltasuneranzko itzulera progresibo batetaz hitz egiten digute. Aberastasuna pilatzen jarraitzeko oligarkiaren zerbitzura eraikitako normaltasuna, herritar klaseok prekarietatea, behin-behinekotasuna, desjabetzeak eta eskubide sozial, politiko eta zibilen murrizketak pilatzen ditugun bitartean. Herritar klaseontzako, normaltasuna zen arazoa. Normaltasuna gure lurraldearen etengabeko suntsiketa da eta uraren eta airearen kutsadura. Normaltasuna hilabete amaierara ailegatuko ote zaren ez jakitea da, alokairua ordaindu ahal izango ote duzun ez jakitea, neguan berogailua piztu ahal izango ote duzun jakitea edo hilean asteren batean lan egingo ote duzun jakitea. Normaltasuna, matxismoa sistemikoa izatea da eta gure jendarteko alor guztietan oztoporik gabe aritzea. Denek pairatzen duten biolentzia sistemikoa eta terrorismo patriarkalak eraildako ehunka emakumeak dira.
Berreraikuntzaz hitz egiten digute eta ahaztu egiten zaie aipatzea berreraiki nahi dutena guk suntsitu nahi dugun erregimena dela. Bake sozialaz hitz egiten digute jakin badakitelako ahultasun eta krisi momentu honek aukera bat eskaintzen digula guri, herritar klaseoi, gure etorkizunaren jabe egin eta altxatzen bagara. Guk jakin badakigulako etorkizuna gure esku dagoela, herritar klaseongan eta antolatu, altxatu eta borrokatzeko dugun gaitasunarengan. Baliatu dezagun momentu larri hau erregimena eraitsiko duen herri matxinada bat pizteko, eta erabil ditzagun autodeterminazio eskubidea eta independentzia prozesu eraldatzaile sozialista eta feminista baten alde.
Amorrua, atsekabea eta mobilizazioak hausturaren aldeko posizioetara bideratzea eta Herritar Batasunaren aldeko blokearen artikulazioa dira Herrialde Katalanen osotasunean lehentasun bilakatu behar ditugun elementuak. Erregimenaren aurkako erasoa piztu ahal izateko, merezi dugun bizitza lortu arte.
• Kaleak berreskuratzeko eta gaurdanik kapitalismoaren krisiari erantzuna antolatzeko deia egiten dugu.
• Gure auzo, herri eta hirietan mobilizazioak antolatzeko deia egiten dugu.
• Gobernuen gehiegikeriei, okupazio polizialari eta gure kaleen militarizazioari erantzuteko deia egiten dugu.
• Gure prekarietatearen arduradun eta errudun direnak seinalatzeko deia egiten dugu.
• Patriarkatua eta bere biolentzia sistemikoa ikusgai egiteko deia egiten dugu, ahotsa altxatu dezagun, bizirik egon eta bizitza duinen jabe izan nahi dugulako.
Orain, inoiz baino gehiago, hitz egin dezagun auzokideekin eta kideekin, elkar zaindu dezagun eta indartu ditzagun lotura komunitarioak. Elkarbanatu ditzagun beldurrak eta itxaropenak, elkarbanatu ditzagun amorrua eta borroka, eta horrela alternatiba izango gara.
Endavant-etik kaleak berreskuratzeko eta borrokaren txingarra berpizteko deia egiten dugu. Negua amaitzen ari da eta udaberria nonahi loratuko da!
Endavant, Organització Socialista d’Alliberament Nacional
2020ko maiatzaren 11an
Jatorrizko testua: https://www.endavant.org/recuperemelscarrers/