72 urte, Nakba gertatu zenetik. Ezta bat gehiago ere!

Maiatzaren 15a Nakba eguna da, “hondamendia” arabieraz. Mugimendu sionistak palestinarren garbiketa etnikoa burutu zueneko eguna oroitzen da. Hondamendi horrek Israelgo Estatuari bide eman zion 1948an, potentzia inperialen konplizitatearekin, aurreko asteetan mugimendu sionistak palestinarrak bortxaz kanporatu, sarraskitu eta hiri nahiz herriak suntsitu ondoren.

 

Nakba Palestinan Estatu esklusiboki judutarra sortzeko proiektu sionistaren emaitza da; hain zuzen ere, XIX. mende amaieran ekin zitzaion proiektu sionistari, Palestinan lehen koloniak ezarriz, garaiko kolonialismo arrazista europarrean oinarria duena. Izan ere, Estatu sionista ezin izango litzateke sortu potentzia inperialen eta eratu berri zen Nazio Batuen Erakundearen babesik gabe. Batetik, Erresuma Batua izan zen judutarrentzat “etxe nazional” baten sorrera hitzeman zuena palestinarren borondatearen aurka, hura baitzen Palestinaren gain potentzia kolonial gisa boterea zuena. Bestetik, NBEa izan zen Palestina bi Estatutan zatitzea eta banatzea erabaki zuena, beste behin ere, palestinarren borondatearen aurka. Halaber, bi agenteetako batek ere ez zuen neurri eraginkorrik hartu: agintaldi britainiarra amaitu baino lehen hasiak ziren palestinarren sarraskia, garbiketa etnikoa eta behartutako desplazamendua gelditzeko; eta, alderantziz, proiektu sionistari hauspoa eman zitzaion, estatu koloniala ezarriz eta Israelek gauzatutako ekintzen politikari argi berdea emanez. Urteetan zehar, teorian, negoziaketa-prozesuetara konprometitua zen bitartean, politika horien bitartez geroz eta lurralde gehiago anexionatu eta kolonizatu ditu, palestinarren eskubideak, eta nazioarteko legedia, bide batez ere, urratuz.

 

Israelgo Estatua sortzeko egin beharreko palestinarren garbiketa etnikoak hainbat ondorio eragin zituen, hala nola, 750.000 eta 800.000 palestinar artean behartuta kanporatu izana, 418 eta 615 herri artean suntsituta, Deir Yasine-ren gisako sarraskiak, palestinarren jabetzen konfiskazioak, hirien eta herrien izen aldaketak, eta baita landare-espezie berrien txertaketa ere, autoktonoekiko desberdinak zirenak. Hura guztia, palestinarrak bizi ziren hiriak, herriak, landa eremuak eta etxeak zeudela estaltzen saiatzeko. Gaur egun, palestinar errefuxiatu kopuruak goraka jarraitzen du; baita, ordea, haien jatorrizko lurretara itzultzeko borrokak ere, nahiz eta eskubide hori ukatzen zaien eta hura salerosten saiatzen diren.

 

Halaber, Nakbaren ondoren, palestinarren aurkako lege-xedapen eta ekintza sorta bati hasiera eman zitzaion, eta ondorioz, apartheid sistema bat sortzen da. Israelgo Estatuaren baitan, palestinarrek eskubide gutxiago dituzte israeldarrek baino. Zisjordanian, Israelek lege militar israeldarra aplikatzen die palestinarrei; kolono israeldarrei, berriz, lege zibila, lehenen bizkarrera. Kolonia sistema bat ezarri du Israelek, harresiak, chekpointak eta kolonoek soilik erabil ditzaketen errepideak eraikiz, eta palestinarren mugimenduak isolatuz eta mugatuz. Gazan, Israelek ia bi milioi pertsona  munduko espetxerik handiena den lurraldean kontzentratzen ditu eta blokeo sistematikoa ezarria dauka 2006az geroztik. Palestinarrak etengabeko erasopean bizirautera kondenatzen ditu, oinarrizko elementuak kendurik.

 

Israelek etengabean jazartzen du herri palestinarra eta proiektu kolonialarekiko erresistentzia. Luzea da jazarpenen zerrenda: 1948 ondorengo urteetan, palestinarrak kontzentratu dituzten kontzentrazio eremuak edota behartutako lanak; eta egun, presoen familientzako zigor kolektiboak, etxebizitzen suntsiketak, torturak, kargurik eta juiziorik gabeko atxiloketa arbitrarioak, eta palestinarren exekuzio estrajudizialak, besteak beste. Gaur egun, 5.000 preso politiko daude Israelgo kartzeletan, horien artean, 183 adin txikikoak, eta 430 atxilotu, kargurik eta epaiketarik gabe. Errepresio sionista gutxi balitz koronabirusaren pandemiaren mehatxuari eta geroz eta okerragoak diren bizi baldintzei ere aurre egin behar diete.

 

Hala ere, Israelen errepresioaz eta nazioarteko komunitatearen konplizitateaz harago, herri palestinarraren erresistentziak eta autodeterminazioa nahiz burujabetza lortzeko borrokak aurrera jarraitzen dute. Gure herrien askatasunagatik borrokatzen dugun internazionalista gisa, gure betebeharra da kide palestinarren ondoan kokatzea.

 

Esan bezala, Israelgo estatuaren sorrera ez zen posible izango Nazio Batuen, Erresuma Batuaren, eta potentzia inperial nagusien zuzeneko edo zeharkako babesik gabe. Gaur egun, AEB eta EB potentzia inperialista nagusien konplizitate esplizituaren menpe jarraitzen du Estatu sionistak. Negoziaketa prozesuek, oker deituriko Osloko bake akordioek kasu, proiektu sionista hedatzeko soilik balio izan dute; izan ere, jada gauzatutako ekintzen politikaren bitartez pixkanaka Palestinaren lurralde eta kontrol gehiago hartzen doa, inpunitate osoz. Beste urrats bat ere eman dute, Israelgo autoritateek uztailean Zisjordaniako zebait lurralde okupatu anexionatuko dituela iragarri baitute. Ez da soilik nazioarteko komunitateak mugarik ez diola jartzen, are gehiago, saritu ere egiten dute, adibidez, herritarrak zelatatzeko eta kontrolatzeko teknologiak eta armamentua erosiz Israeli, hain zuzen ere, palestinarren aurka probatu izanagatiko “konparaziozko abantailaren” aitzakiapean salduz. Horrek, beste behin ere, erakusten du herriak bakarrik salba dezakeela herria.

 

Euskal Herrian, ondo ezagutzen dugu EAEko instituzioen zein Estatu espainiar zein frantsesaren konplizitatea Estatu sionistarekiko. Ikusi izan ditugu Ertzaintza eta Nafarroako Foruzaingoa, besteak beste, Israelen formazioak jasotzen; Eusko Jaurlaritza Israel bere lehentasunezko sozioen zerrendan sartzen; edota Estatu genozida horren ordezkariekiko harremanak naturalizatzen.

 

Konplizitate horiez harago, korporazio eta enpresek ere, beren langileak esplotatzeaz gain, Israelgo Estatuari zerbitzuak eskaintzen dizkiote, baita haren politikei hauspoa eman ere. Aurreko udatik, badakigu Beasainen egoitza duen eta akzionistatzat EAEko Gobernua duen CAF enpresari Jerusalemgo tren arina zabaltzeko kontratu bat esleitu zitzaiola. Tren horren helburua da, hain zuzen ere, Jerusalem eta Zisjordaniako kolonia israeldarrak konektatzea, eta ondorioz, palestinarren eremuaren anexioari ekarpena egitea. Internazionalista gisa, erantzun sendo bat eman behar diogu gertaera horri eta Euskal Herrian herri palestinarraren zapalketa sustengatzen duten konplizitate guztien aurka egin behar dugu.

 

Gertakari honekin lotuta, Nakbari eta Libanoko errefuxiatu palestinarren egoerari buruz bihar, hilak 16, 18:00etan antolatu dugun hitzaldian parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. Askapenako Youtube-ko kanalean izango duzue ikusgai “Salbuespen egoeren aurrean: herriok tinko!” formazio-zikloen baitan.

 

Herri palestinarraren askapenerako borroka, zalantzarik gabe, herrion askapenerako borroka da; inperialismoaren eta sistema kapitalista patriarkarraren aurkakoa. Palestinarrak zapaltzen dituztenak, hemen, inolako segurtasunik gabe bizitza prekarioetara kondenatzen gaituzten berberak dira. Beti esan izan dugu, eta esaten jarraituko dugu: hamaika herri borroka bakarra.

 

Israeli Boikot!
Gora Palestina askatuta!