Arduragabekeriak eztanda egin du Beiruten

Eztanda


Abuztuaren 4ko 18:10etan 2.750 tona amonio nitratok eztanda egin zuten Beiruteko portuko biltegian. Lehertzeak hiriaren erdiarengan eragin zuzen eta suntsitzailea izan zuen, momentu honetan 171 hildako eta 6.000 zauritu baino gehiagoren berri dago, 300.000 pertsona inguru etxerik gabe geratu dira, eztandak zeharo hondatu dituelako ala bertan bizitzerik ez daukatelako. Koronabirusaren pandemiari estu eta larri erantzuten ari ziren ospitaleek ere galerak pairatu dituzte, izan ere, hiriko lau zentrok eskariari erantzuna emateko gaitasunik gabe daude.


Zazpi urtez egon da neurri berezirik gabe konposatu kimikoa pilatuta, horrenbestez honek suposatzen zuen galzoriari ez ikusia egin die ordezkari politikoek. Sei urte luzez arriskuari buruz ohartarazten saiatu direnak ordea, argi zeukaten erabilera militarraz gain, hiriarentzat neurririk gabeko deuseztapen potentziala suposatzen zuela. Berehala hedatutako irudi eta bideoetako materialaren berehalakotasunak eta ikusgarritasunak behartuta bezala, erabat asaldakorrak diren albisteak ekarri dizkigute egunotan, bati baino gehiagori gerra hotsak iradoki dizkionak.

 

 

Eztandaren osteko lehenengo momentuak


Zaila da hasierako momentuko tentsioa eta beldurra imajinatzea, azken asteetan hegoaldean jazotako gertakariek, Hezballah eta Israelen arteko gatazkak direla eta, erraz iradokitzen zuten bonbardaketaren hasiera izan zitekeela, izan ere, abuztuaren 4an bertan, eztanda baino lehenago, Netanyahu-k Hezballah-ren aurkako mehatxuak plazaratu zituen, Siriako gerraren gainezkatze politiko eta militarra medio.


Hainbatek hegazkinak entzun zituztela aipatuz, nekez onartzen zituzten lehenengo momentutako diagnosiak, beste batzuek “ohiko” hegaldiak zirela esaten zuten bitartean. Orain dela gutxi, Israelgo gerra hegazkinek Beiruteko aireko espaziotik iseka hegaldiak egin dituzte. Lurrikararen ideiak hiriko zein herriaren beste zonalde batzuetan ere ihesaldiak eragin zituen. Errefuxiatu esparruetan ondorio bereziki hilgarriak ekarriko lituzke seismo batek, gune hauetako eraikinen segurtasun bermeen falta nabariak direla eta.

 

Eztandaren ondorio gehigarriak


Eztandarekin batera, Mediterraneo itsasoarekiko lehentasunezko sarbidea galdu du Libanok. Herrian jaten denaren %85a inportazioen baitan zegoen, eta honek ez dio dagoeneko makalduta dagoen ekonomiari eragiten bakarrik, portuan kokatuta zegoen Libanoko gari gordelekurik handienaren suntsipenarekin batera 15.000 tona gari galdu dira, beraz, batez ere eros-salmenta apala dutenentzat, oinarrizko jakiak ekoizteko gai honen suntsipen masiboak suposatzen du larritasun ekonomikoak, inoiz baino gehiago, beharrizan oinarrizkoenei ere eragingo diela. Hau aurreikusita, ogiaren neurriz gabeko bilketari ekin diote horretarako gaitasun ekonomikoa dutenek.


Bitartean, Estatuak izendatutako ikerketa komitearen 20 atxiloketa burutu arren, kaleak protesta bortitzekin kalea astintzen jarraitzen du, presioaren ondorioz, gobernuak batera aurkezten du dimisioa. Hasan Diab, ustezko lehen ministro independiente teknokratak, oso esanguratsuak diren adierazpenak egin zituen: “Ustelkeria sarea Estatua baino handiagoa da”. Estatua baino handiagoa izateaz gain, adierazitako baino gertukoagoa du Diabek bai ustelkeria zein axolagabekeria, bi hilabetez eutsiko dio gobernuaren kudeaketari, bide-orri berria zehazten den bitartean. Bestalde, beste behin hautsak harrotu dituen albistea azaleratu da: azkenengoz uztailaren 20an ohartarazi zieten segurtasun funtzionarioek Diab lehen ministroari eta Michel Aoun presidenteari nitratoaren presentziaren arriskuaz.


Azken honek, 1975-1990 tartean gerrako-jauna eta Free Patriotic Movement alderdiko kidea, presidente bezala bere eskuetan zegoen guztia egin zuela adierazi zuen, alegia, “konpon zezaten” esatearekin batera, arazoa bere kabuz eta inongo jarraipenik gabe konpontzeko itxaropen/arduragabekeriaz jokatu, beste behin ere, hamarkadetan zehar zaborraren bilketaren, elektroindarraren horniketaren, uraren osasungarritasunaren eta errefuxiatuen aferarekin izan duten jarrera berbera.

 

 

Eztandaren jatorri politikoa


Jarrera arduragabe honek erro sakon eta luzeak ditu. Axolagabekeria , ustelkeria eta menpekotasun politiko-ekonomikoak historikoetan dauzka sustraiak aspaldi lotuta libanoarren garatzeko aukerak. 1990ean amaitu zen 15 urtetako gerra zibiletik gaurdaino krisi ekonomiko-politikorik handiena bizi ari zen Libano pandemia maila globalean hedatu zenean. 2019ko urriaren 17tik aurrera jendeak kaleak hartzeari ekin zion, hamarkadetan zehar eliteen kudeaketak eragindako ondorioek bultzatutako haserrea dela medio.


Orduz geroztik, protestarien eskaeretako bat betez, gobernu berria izendatu zuten, printzipioz independenteak ziren hautagaien artean. Errealitateak ordea,  modu zahar setatiek bere horretan jarraitu dutela adierazten du. Kalearen iritziz soberan dauden gerra garaiko eragileak eta oinordekotzak badute oraindik erabakien gainean eragiteko gaitasunik, eztabaida mugatuz eta garapena oztopatuz.


Libanoko Estatua osatu baino lehenagotik ere atzerriko interesek izan dute bertako errealitate sozio-ekonomiko eta politikoan eragiteko gaitasuna. XIX. mendean Mendebaldea (Frantzia bereziki) izan zen, linguistikari begira ere, Europarentzat “ekialde” eta “hurbila” zen bertako errealitate zehazteko potentzia. Orduan, serikulturaren negozioan zentratu zen, gerora “Libano” deituko zen lurraldean monokultiboa bultzatuz, ekialderago aukera merkeagoak agertzean bertako ekonomia baztertuz.


1916an, Lehen Mundu gerra amaitu baino lehen, beraien buruak garaile aurreikusiz, britainiarren eta frantziarren arteko Sykes-Picot akordioaren bitartez, bertakoentzat Sham deritzon zonaldea partekatu eta gaur ezagutzen ditugun Ekialde Hurbileko mugak zehazten dituzte. Frantziak bere buruari iparraldea egokitzen dio, Libano barrualdeko lurretarako sarbidearen nortasuna ezarriz, eta gune estrategiko eta finantzario bezala egokituz.


Urteak pasa ahala, oraindik frantziarren mandatupean zeudela, eta 20ko hamarkadetako independentzia saiakera “herrikoiak” oztopatu ostean, 1926an konstituzioa adostu eta 1943an independentzia formala aitortzen diote Libanoko errepublikari. Errealitatea ordea, bestelakoa da. Ordukoak dira landa lurren garapena oztopatzeko sabotaiak burutu zituzten lehenengo garaiak, bertako ekonomia produktiboa eta industrializazioa oztopatuz, kapitalaren balorizaziorako mesedegarria ez izateagatik. Eta gaurdaino heltzen dira orduko politiken ondorioak, lurraren emankortasunari eta herri langilearen garapenerako aukerei muzin eginez, eta Libano kapitalismo berantiarraren etengabeko berrantolaketaren ondorio lazgarrienetan hondoratuz.

 

Eztandaren osteko etorkizuna


Atentzioa metatzen duen eztandak, biztanleriarentzat, gidaritza politikoaren ezgaitasunaren adierazgarririk handiena sortu du. Azken 30 urteetan behin eta berriro gabezia izugarria adierazi duen sistema politikoak hondoa jo du, honezkero esan daiteke Libanoko Estatuaren birfundazioa saihestezina dela, biztanleriaren konfiantza maila inoiz baino baxuagoa den honetan. Baina honek hartuko duen norabidea zehazterik ez dago oraindik.


Barne-produktu gordinaren %170eko zorrarekin, biztanleriaren %50 txirotasun atalasearen pean bizi dela, ekonomia errealean oinarritzeko aukera handirik gabe, dimisioak dimisio, eta erantzukizuna beraien eragin esparrutik at kokatzen duten ordezkari politikoek botere-guneak uzteko asmo izpirik adierazten ez dutela, Nawaf Salam diplomatiko libanoarraren izendapena entzuten da. AEB, Frantzia, Saudi Arabia eta baita Iranen oniritziarekin batera dator, statu quo-aren berredizioaren zigiluarekin beraz.


Bestetik, Beirut bisitatzen lehenetarikoa izan zen Macron Frantziako presidenteak, laguntzaren promesak eginez eta bertako agintariek jasotzen ez duten gertutasuna eskuratuz, mandatuaren aukera irudikatu du, Libanoko sektore zehatz batetan morroitzaren desira piztuz. Libanoko menpekotasun politiko estrukturala sortu zuen herriaren ordezkariaren hitzen atzean eskuzabaltasuna eta elkartasuna besterik ez daudela nekez sinis daiteke.


Nazioarteko komunitateak, alegia, mendeetan zehar herri langilearen aberastasuna ustiatu duen herri eta botere faktikoen multzo horrek, aski argi utzi du, gehienez jota bideratu dezaken ikuspegi asistentzialistatik haratago joateko gaitasun eza. Zentzu honetan, Libanon diren errefuxiatuen afera bereziki mingarria da. Batetik, 880.000 errefuxiatu siriarrek, eta bestetik, 1948az geroztik geroz eta baldintza txarragoetan bizi diren 475.000 errefuxiatu palestinarrek, ondo dakite zer espero dezaketen euren biziraupen biologikoa besterik bermatzen ez dion sistema horretatik.


Herriak ez dio Libanoko kaleak astintzeari utziko, baina proiektu politiko herrikoia eraiki ezean, denbora luzea izango da, iraganetik eratorritako akatsak eta kapitalaren menpekotasunak ezartzen dituen aldaketa errepikatuko ez dituen garaia heldu arte.

 

 

Lehentasunak


Gure artean, pandemia baino lehenagotik ere, "bizitza erdigunean jartzearen" ideia geroz eta ozenago entzuten den honetan, eta, nahiz eta urruti gertatu izan (gertuagoko adibiderik ere badago), kapitalaren erlazio sozial deuseztatzailearen ondorioen adibide hau oso kontuan izan beharko genuke; erdigunean dagoen kapitalaren balorizazioa bota gabe, bizitza erdigunean jartzerik ez dago eta.