Internazionalismoa ipar eta orratz

 

Hamar urte bete dira indar errepresiboak Askapenako zortzi kide bahitzeko asmoz etorri zirela. 2010eko irailaren 28an, astelehen gauez, espainiar polizia nazionalak euskal militante internazionalisten etxeak bortxatu, ordu luzez miatu eta Madrilgo kalabozoetara eraman zituzten harrapatutako zazpiak. Hiru egunez bahituta mantendu ostean bost lagun bidali zituzten espetxera epailearen aurretik pasa bezain pronto. Bi eta sei hilabete artean igaro zituzten preso prebentibo gisa, etxetik ehundaka kilometrotara noski, inongo epairik gabe. Azkenik, 2016an, Auzitegi Nazionalak berak absolbitu zituen bostak.  


Garai hartan Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren alde lan egiten genuen eragile zein herri mugimendu ezberdinen kontrako sarekadak sarri ematen ziren. Beldurraren pedagogiaz itotzen saiatu ziren herri oso baten askatasun egarria. Gogor kolpatu gintuzten, eskura zituzten mekanismo eta baliabide guztiak erabiliz. Askapenaren kontrako erasoa estrategia errepresibo zabal baten parte zela jakin bagenekien. Ezin ahaztu, ordea, etsaiak zapalduon batasunari dion ikara, herrion arteko elkartasunak duen ahalmen iraultzailea. Hortaz, urtemuga gazi honetan ospatzeko ezer ez badaukagu ere, adierazteko zerbait bai.


Internazionalismoa edozein herri langileren askapen prozesuan ezinbesteko osagaia dela aspaldi ulertu genuen. Historian zehar mundu osoan emandako garaipen eta porrotek irakatsi digute bere premia. Herrion arteko samurtasuna delako gakoa. Iraultzaileok maitasun sentimendu sakonak mugitzen gaituztelako gorroto ditugu zapaltzaileak. Kapitalismoa, inperialismoa, patriarkatua eta faxismoarekin akabatzea dugulako jomuga, Euskal Herri sozialista, feminista eta internazionalista bat eraikitzea dugu ipar.


Orratza aldiz, gure lanerako konpromisoa. 33 urte hauetan izan duguna, aurrerantzean mantendu eta berretsi nahi duguna. Han eta hemengo herri mugimenduekin elkarlanean internazionalismoa praktika bihurtuz. Munduan barrena gertatzen diren prozesu irautzaileak babestuz eta eraso inperialistak salatuz. Herri langileon arteko aliantzak lotzen jarraituko dugu esplotazioa suntsitu bitartean. Josi eta josi, garaipena lortu arte.


Hamaika herri, borroka bakarra!
Askapena, irabazi arte!

 

Askapena -Euskal Herriko erakunde internazionalista-
Euskal Herrian, 2020ko irailaren 28an