Etorkizunerako manifestua, Borroka Antiinperialistaren Nazioarteko Astean
Guk aurre egiten diegunean, gose goibel, inperialistek beren armak bilatzen dituzte.
Inperialistek aurre egiten digutenean, guk gose goibel, gure besoak elkarlotu eta aurrera egiten dugu.
Azkar zabaltzen den birus ikusezin batek mehatxatzen du gure gizateria; baina aspalditik beste birus batzuei aurre egin behar izan diegu, hala nola langabeziari, goseari, arrazismoari, patriarkatuari, desberdintasunei eta gerrari. Birus horiek modu desberdinean agertzen dira munduko hainbat tokitan, gogor erasotzen diete langile eta nekazarien bizitzei, baita desberdintasun sozialaren eragina jasaten dutenei ere; bitartean, pertsona gutxi batzuek hondamendiarengandik etekinak ateratzen dituzte.
Sistema kapitalistak ez du krisi hauetarako erantzunik; bere politikak hutsak dira. Elikatzeko eta geure burua zaintzeko modu bat bilatu beharrean, kapitalistek suntsitzeko makina ugari eraikitzen dituzte: nazio aberatsetako langile-klasearen bizitza eta herrialde pobreenetako nekazari eta langile-klasea zanpatzen dituzten indar polizial eta militarrak. Herrialde pobre bat altxatzen saiatzen bada, bere burujabetza erabili nahi badu, botere-artsenal oso bat erabiltzen da bere aurka: botere finantzarioa, diplomatikoa eta militarra. Armekin menderatzen gaituzte, baina baita ideiekin ere. Euren ikuspegiak zuzenak direla sinestarazi nahi digute.
Sistema kapitalistaren administratzaileak presaka ari dira armak zorrotik atera eta urruneko aurkariei kontra apuntatzen, tankeak gure lurretara bideratzen eta gure etxeak okupatzen, natura suntsitzen eta gure mundua txikitzen. Haientzat errazagoa da gerrak sortzea gizakien sabelak janariz betetzea baino. Nahiago dute jendearen buruak nazionalismoz eta arrazakeriaz bete, porrot egin duen sistema bat dela onartzea baino. Izan ere, sistema hori geroz eta gehiago emakumeek egiten dituzten aitortu gabeko zaintza lanetan eta meatzariei eta lantegietako langileei ezarritako lan-baldintza gogorretan oinarritzen baita.
Planeta sutan dago, birusek aurrera egiten dute, goseak lurra mehatxatzen du, baina hondamendi honetan ere, guk, planetako biztanleriaren gehiengoak, ez diogu etorkizun bat izateko aukerari uko egin. Egun duguna baino zerbait hobea izatea espero dugu, irabazietatik eta pribilegioetatik haratago doan mundu hobea, kapitalismotik, patriarkatutik eta inperialismotik haratago dagoen mundua, gizateriaren abestia kantatzen duen mundua. Gure bihotzak euren armak baino handiagoak dira, gure maitasunak eta borrokak haien gutizia eta axolagabekeria gaindituko dituzte.
Gure mugimenduak hazi asko landatzen ari dira. Ureztatu behar ditugu, zaindu, loratzen direla ziurtatu. Bizitza irabazien gainetik jarriko dituen etorkizuna eraikiko dugu, arraza-gerren ordez, herrien arteko senidetasunean oinarritutako etorkizuna, gizarte-hierarkiak ezabatuak izango diren etorkizuna eta elkarrekiko duintasunaz elkarrekin gozatuko dugun etorkizuna.
Behar bezain ilun dagoenean bakarrik ikus daitezke izarrak. Orain nahikoa ilun dago.