Gdeim Izik duintasunaren kanpalekuaren X. urteurrena

Egun hauetan 10 urte betetzen dira herri sahararrak egindako mobilizazio jendetsu eta esanguratsuenetik; 10 urte gendarmeek eta marokoko indar armatuek azkenengo urteotan burututako sarraski krudel eta lazgarrienetik.

 

2010eko urriaren 20an herri sahararra altxatu eta okupazio marokoarrarekin amaitzeko zein giza eskubideen alde borrokatzeko Gdeim Izik kanpalekua eraiki zuen. Mendebaldeko Saharan kultura sahararrarekin zerikusia daukan guztia debekatuta dago, baita jaimak ere. Horregatik, egun horretan sahararrek soinean makilak eta melfak ezkutatu eta beraien herriko hiriburua den El AaiĆ¼netik 16 km-tara kokatutako basamortura abiatu ziren, bertan milaka jaima eraikiz eta duintasun kanpaleku desobediente erraldoia antolatuz. 20.000 sahararretik gora bildu zituen ekimen adoretsuak, bereziki emakumeak, umeak eta gazteak. Askorentzat udaberri arabiarraren pizgarria suposatu zuen Saharako hareetan ereindako askatasun aldarri honek. Herri sahararrak bere ohitura eta sustraiak berreskuratu zituen lurralde okupatuetako basamortu hartan eta egunak eman zituen Marokoko indar armatuen zein gendarmeen mehatxuei eutsiz.

 

 

Marokoren eta bere aliatuen erantzuna, lurralde horretan ondo ezagutzen duten basakeri eta bortizkeri gordinena izan zen. Urriaren 24an ejertzito marokoarrak 19 urteko su etena hautsi eta 14 urteko sahararra tirokatu zuen kanpalekura sartzera zihoala. Nayem Elgarhi gaztea Gdeim Izik-eko lehenengo eraila izan zen. Behin su etena hautsita, azaroaren 8an, Marokok milaka polizia eta militar mobilizatu zituen eta, gendarmeen laguntzaz, hamarnaka furgoi, tanketa eta helikoptero erabili zituen Gdeim Izik modu basatienean suntsitzeko. Jaimak okupatzaileek iziotutako suteetan kiskaldu ziren, poliziaren ke poteen eta tiro hotsen artean. Istiluak Mendebaldeko Saharako beste herri eta hirietara ere zabaldu ziren. Desalojoan 2.400 atxilotutik gora egon zen, horietako asko espetxe beltzetara eraman zituzten, ezkutuan torturatuak eta bortxatuak izateko. Oraindik ez da desagertu eta hildakoen kopurua argitu, baina bertokoen esanetan, poliziak sahararren gorpuak hiriburuko kaleetara eraman zituzten herri osoa mehatxatzeko.

 

Euskal Herrian Hassana Aalia daukagu egun horietan bideratutako sorgin ehizaren lekuko zuzenena. Gdeim Izik-eko gertakizunen harira bizitza osorako espetxe zigorra inposatu  zioten eta, Euskal Herrian zegoela, nazioarteko atxiloketa agindua ezarri zioten. Espainiako monarkiak Hassana Aalia errefuxiatu politiko gisa aitortzeari uko egin zion hasieran, baina 5 urtetako herri borrokek eta elkartasun ekimenek aitorpen hori onartzea ekarri zuten.

 

Gaur egun, Gdeim Izik kanpalekuagatik atxilotutako 19 saharar espetxean jarraitzen dute epaitegi militar marokoar batek ezarritako kondenekin (guztiak 20 urte eta bizi osorako zigorren bitartekoak). Herri sahararrak okupatuta jarraitzen du eta kontrola, errepresioa eta giza eskubideen urraketa eguneroko ogia da bertokoen bizitzetan. Askok beraien lurra uztera eta errefuxiatuen kanpalekuetara ihes egitera behartuta ikusi dute beraien burua, basamortuko bizitza gogorretara kondenaturik. Gainera, MINURSOk (Mendebaleko Saharan Erreferenduma bermatzeko Nazio Batuen Erakundearen misioa) urratsik eman gabe jarraitzen du, duela 30 urte sortu zenetik. Modu berean, Espainiako erreinuak, dagokion ardura hartu gabe darrai, oraindik saharako agintari administratibo zuzena izanik. Izan ere, Mendebaldeko Saharak oraindik deskolonizatu gabe jarraitzen du espainiako erreinuaren hatzaparretan, Afrikako deskolonizatu gabeko azkenengo herria izanik.

 

Egoera guzti honetan, marokoko erreinuak eta bere aliatuek desinformazioaz eta blokeoaz baliatzen jarraitzen dute, herri sahararrak sufritzen duen zapalkuntza eta Gdeim Izik-en egindako sarraski bezalakoak ezkutatuz eta nazioarte mailan beraien aurpegiak zurituz. Saharako herriak, ordea, zutik dirau, blokeo eta errepresio honen aurrean duin borrokatuz eta beraien herria adorez defendatuz. Apurtu dezagun Marokoko blokeoa eta eraiki ditzagun Saharar Herriarekiko elkartasun eta internazionalismo zubiak!

 

Gora Gdeim Izik!    Gora Sahararren borroka!    Sahara hurra!