Artsakh Errepublikan ere herrien kontrako beste eraso bat
Hedabideetan oihartzun nahiko txikia izan arren, irailaren amaieratik azaroaren hasierara bitarte 5.000 lagun baino gehiagoren heriotza utzi duen beste gerra bat gauzatu da. Izan ere, Azerbayango indar armatuek irailaren 27an hasiera eman zioten Artsakh Errepublikaren (Nagorno Karabaj) kontrako erasoari. Oraingo gerra gatazka historiko baten azken isla da. Konpontzetik urrun dagoen gatazka.
Bertakoek Artsahk deitutako lurraldean eta inguruetan, armeniarrak zein azeriarrak bizi izan dira mendeetan zehar, Artsahk-en armeniarrak historikoki gehiengoa izan badira ere. XX. mendearen hasieran armeniar eta azerbaijandarren arteko gatazkak egon ziren, 1922an bi lurraldeak Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren (SESB) barruan geratu arte. Kaukasorako bulego sobietarrak Artsakh Azerbaijan barruan oblast edo eskualde autonomo bezala geratzea erabaki zuen, bertako populazioaren gehiengoaren iritziaren kontra. SESBen barruan egonda, lurraldea kontrolatzeko Armenia eta Azerbaijanen arteko liskar historikoa asko baretu bazen ere, 1987an, SESB desegite prozesua jada abian zela, gatazka berpiztu zen. Independentzia eskuratzea helburu zuten mugimenduen aurrean, 1991an Azerbaijango Errepublikako parlamentuak Artsakh lurraldeari autonomia kendu zion eta zonaldeko populazioaren gehiengoak independentzia aldarrikatu zuen, Artsakh-eko Errepublika sortuz. Errepublika honek beren antzeko egoeran dauden inguruko Estatu gutxi batzuen aitortza lortu zuen (Abjasia, Hego Osetia eta Transnistria). Armeniak berak Estatu bezala aitortu ez bazuen ere, praktikan Armeniako beste eremu baten gisara hartzen du (Artsakh-eko harremanak Armeniarekin dira nagusiki, guztiak armeniarrak izanda).
Independentzia aldarrikatu eta armeniar eta azerbaijandarren arteko guda hasi zen, 1994an bukatu zena. Armeniarrek gerra irabazi zuten eta Artsakh-eko zonaldearen kontrola eskuratu zuten, baita Artsakh inguratzen duten zonaldeena, “segurtasun-gerriko” modura, non biztanleria nagusiki azerbaijandarra zen eta horietako gehienek Azerbaijanera ihes egin zuten.
Azken 2 hamarkada t’erdiak ezegonkorrak izan dira eta gerra-enfrentamendu puntualak gertatu dira mugen inguruan. Azken urte hauetan Azerbaijango gobernua, Ilham Aliyev buru, gerrarako prestatu da inbertsio oso handia eginez gerra-material berrietan (bereziki dronetan), Estatu turkiarra eta Estatu sionista beren hornitzaile nagusiak izanda. Armeniako gobernuaren nazioarteko sostengu falta ikusita (Errusiarekiko harremanak ahulak ziren Nikol Pashinyan lehen ministroa denetik) eta Turkiako sostengu irekia izanda, Azerbaijango gobernuak Artsakh eta inguruko zonaldeak militarki hartzeko erasoari ekin zion, indar militarra irtenbide bakarra zela argudiatuta. Horretarako, bere armadaz gain, sionisten eta turkiarren sostengu eta aholkularitza izan du, baita Turkiak Siriatik eramandako mertzenario askoren parte-hartzea ere.
Turkiaren nahia, armeniarren kontrako beren gorroto historikoaz gain (ez dezagun ahaztu milioi bat armeniar baino gehiagoren genozidioa), Kaukason bere presentzia eta eragiteko gaitasuna handitzea da, Erdoganen kanpoko politika erasokorrean kokatuta (interbentzioak Sirian, Rojavan, Libian... yihadistak elikatuz bere etsaien kontra erabiltzeko). Errusiaren jarrera bitartekari lana izatearena izan da (interesak ditu bai Armenian baita Azerbaijanen ere; adibidez, bi Estatu hauei armak saltzen dizkie…). Momentu zehatz batean, azerbaijandarrak Stepanakert hiriburua eta lurralde osoko kontrola hartzetik gertu zeudenean (bertan Turkiaren presentzia ziurtatuko lukeena), Kremlinak akordio batera heltzeko presionatu zituen bi aldeak, Hego Kaukason bere presentzia militarra eta eragiteko gaitasuna indartzea lortuz. Izan ere, Errusiak nabarmenki handitu du bere protagonismoa zonaldean (2000 soldatu dauzka jada Artsakh-en, bi aldeen artean kokatuta).
Artsakh-en gertatutakoak agerian utzi ditu hainbat elementu. Alde batetik, potentzien arteko xake partidaren beste pieza bat izan direla bertako biztanleak. Utzitako herri baten porrotaren kronika, bakar bakarrik borrokatu duena askoz ere hilgarriagoa den etsai baten kontra.
Beste alde batetik, herrien autodeterminazio eskubidea beste biktima argi bat izan da. Herriek bere nahia adierazteko eta gauzatzeko bideak ez dira errespetatu. Baina ez hori bakarrik, aukera hori ez da ezta mahai gainean jarri ere egin. Izan ere, armeniarren kontrolpean geratu den Artsahk-en zonaldearen estatusa airean dago oraindik. Munduko herriontzat berri txarra, potentzien indar militarra herrien borondatearen gainetik ezartzen baita.
Erdoganen Turkiaren izaera faxista eta inperialista agerikoagoa da azken esku hartze honen ostean. Inperio otomandarraren garaiak burura ekarrita, Turkia potentzia handien arteko lehian kokatu nahi da, zonalde zabal batean bere eragite-eremua hedatzen saiatzen, Afrikako iparraldetik Ekialde hurbileraino. Autoritarismoan, belizismoan, fanatismo erlijiosoan eta herrien zapalkuntzan oinarrituta, yihadismoa gerra tresna gisa erabiliz.
Ezin dugu aipatu gabe utzi Euskal Herritik munduko gainontzeko herrien suntsiketan daukagun erantzukizuna ere. Izan ere, hemen garatutako eta ekoiztutako armaz eta gailuz hornitzen dira beste herriak suntsitzen dituzten armadak, turkiarra kasu.
Herrien autodeterminazio eskubidearen alde, eraso inperialistarik ez!