ABDULLAH ÖCALAN ETA PRESO POLITIKOAK LIBRE!

“Isolamendua, faxismoa eta jazarpena amaitu! Askatasun garaiak dira” lemapean, urteroko Öcalanen askatasunaren aldeko martxa luzea egingo da, aurten Alemanian zehar, baldintza berezipean. Oztopoak oztopo, eta egungo pandemiaren ondorioei aurre eginez, mugimendu kurdu iraultzaileak mobilizazioekin aurrera egitea erabaki du, inoiz baino garrantzitsuagoa ikusten dutelako kaleko borroka eta presentzia, moduren batera edo bestera. Gaur hasita, otsailaren 13ra arte, manifestazioak izango dira, martxa batez lotuak, Alemaniako hainbat txokotan.


Garrantzia esanguratsua izan du Abdullah Ocalan kurduen lider politikoak kurduen askapen borrokarako mugimenduan. Urte luzeetan zehar mugimenduaren erreferente eta bide-argi izan da, beste hainbat borrokalariekin batera. Konfederalismo Demokratikoa mahai gainean jarri zuenetik, hautsak eta eskema asko harrotu dira, bai indar faxisten eta inperialisten, bai ezker mugimenduen artean; eta ez da zalantzarik eragin handia ari dela izaten Ekialde Hurbileko zein nazioarteko hainbat herri, komunitate eta eragileren artean, kapitalismoaren aurkako borrokan planteamendu berriak proposatuz.


Lider kurdua Irmali irlan atxilotuta eta isolatuta dago 1999an harrapatu zutenetik, CIA, Mossad, M15 eta Turkia zein Europar Batasuneko hainbat estatuetako zerbitzu sekretuetako agenteek antolatutako operazioaren ostean. Nazioarteko aliantza interburgesek eraman zuten Öcalan bizi osorako espetxera. 21 urte dira baldintza tamalgarrietan dagoela preso, osasun-egoera gorabeheratsuekin. Turkiak Öcalan preso eta isolaturik izateak haren ideien eta borroken nahiz kurduen askatasunerako blokeoa suposatzen du.


Baina, Öcalanez harago, Turkiako Estatuak milaka preso politiko ditu espetxeetan sartuta, jazarpen eta torturapean. Estatu turkiarraren baitako herrien askatasun sozialen eta nazionalen alde borrokatu duten hainbat izan dira historikoki bahituak, eta horretan jarraitzen dute etenik gabe, intentsitatea areagotuz. Are gehiago, preso politikoek barruan ere borrokan jarraitzen dute, oraingoan, Abdullah Öcalanen isolamenduaren eta espetxeetako baldintza jasanezinen aurka, 70 egun inguruz gose grebetan murgilduta baitaude. Doakiela indarra eta adorea!


Batzuek kanpotik, besteek barrutik, borrokak aurrera darrai. Inperialismoa suntsitu arte eta munduko herri langileok, elkarrekin, boterea hartu arte borrokan jarraituko dugu, han eta hemen. Horretarako eta horregatik, Askapenatik elkartasun internazionalistarik indartsuena espetxeetan borrokan jarraitzen duzuen horiei eta, Euskal Herriko borrokalari guztioi,etenik gabe borrokan jarraitzeko deia nazioarteko kapitalaren birusaren aurka!


Preso politikoak eta Öcalan askatu!
Espetxeak apurtu!
Internazionalismotik, kapitala suntsitu!