Martxoaren 8an internazionalistok ere kalera!

Euskal Herriko eta munduko emakume* langileok, beste behin ere, gure nazioarteko eguna antolatzera behartuta gaude. Gaur gaurkoz, gure eskubideak aldarrikatu eta gure ahotsa kaleetara eramaten jarraitu behar dugu halabeharrez, bai martxoaren 8 honetan, eta bai urteko egun guztietan ere, heteropatriarkatuak eta kapitalismoak ez baitute beren oldarraldia eteten, minutu batez ere, munduko txoko bakar batean ere.

 

Oraindik ere, gaur egun, munduko emakumeok* zailtasun handiagoak ditugu heziketarako sarbidea izateko, lan-baldintza duinak izateko, erabakiguneetan egoteko, kalean lasai ibiltzeko, familia, lana eta bizitza soziala uztartzeko, eta abar. Mundu-mailan, pobreziak emakume* aurpegia du eta emakumeonganako* indarkeriak sistematikoa izaten jarraitzen du, bai indarkeria fisikoak, bai sinbolikoak, bai ekonomikoak.

 

Kapitalismoaren eta inperialismoaren eskutik helduta, heteropatriarkatuak dakartzan egiturazko zapalkuntzak eta indarkeriak bizitza duin bat bizitzea galarazten digu emakume* langileoi, eta bereziki arrazializatuei, pobreei, migratuei... are gehiago baldintza horietako bat baino gehiago gorputz berberean elkartzen zaizkigunean.

 

Mundu osoan, pobrezia feminizatua denez, emakumeok* gara krisi ekonomikoak pairatzen lehenak; gutariko asko soldatapeko lanetik kanporatuak izan gara eta lan informaletik bizirauten zuten askok bizimodu hori galdu egin dute. Covid-19 birusak eragindako krisian, herrialde kapitalistak beren ekonomiak salbatzen saiatzen diren bitartean, giza bizitzaren oinarrizko beharrak asetzen dituzten langileek beren bizitza lehen lerroan arriskatu dute. Emakumeok* gara arlo horietan lan egiten dugun gehienak: garbiketan, medikuntzan, erizaintzan, haurren zaintzan, adinekoenean, nutrizioan, hezkuntzan... Gu izan gara gizakiak mantentzeko eta milioika pertsona zaintzeko pandemia-egoeran lan egiten lehenak.

 

Azken urteotan, Euskal Herriko mugimendu feministak, beste hainbat herrialdetako mugimendu feministekin batera, zaintza-lanak duen garrantzia ulertu du eta horren inguruan borroka ugari artikulatzea lortu du. Hala, ulertzen ari gara kapitala eta bizitzaren artean kontraesana dagoela, kapitala eta lanaren artean kontraesana dagoen bezalaxe, eta bizitza eta zaintza erdigunean jarri ezean, egiturazko zapalkuntza batzuk betikotu egiten direla.

 

Norabide horretan, ikusi dugu azken urteotan bai Euskal Herrian eta bai munduko beste herrialde askotan ere feminismoa indarberritu eta eraberritu egin dela. Gero eta militantzia aktiboagoa gara, gero eta emakume gehiago gaude antolatuta eta borrokarako prest eta hori kaleko edozein txokotan ikus dezakegu: bai asanblada feministetan, auzoan, gaztetxeetan, migranteen borroketan, lantokietan, brigadetan... eta, kasuan kasu, borroka molde batekin edo bestearekin aurrera egiten ari gara.

 

Lortutako garaipenen ondorioz, bestalde, erreakzio bortitza sortu da feminismoaren eta emakumeon* aurka, eta, harreman dialektiko horri jarraiki, mugimendu erreakzionario garrantzitsua dago emakumeon* azken garaipenak deuseztatzeko gogor lanean. Euskal Herrian ere, beraz, badago mugimendu feministaren aurka oldartzen denik eta bere mobilizazioak kriminalizatu nahi dituenik, aurtengo M8ko mobilizazioen harira ikusten ari garenez.

 

Eraso horien aurrean, eta zapalkuntzen izaera globala kontuan izanda, agerikoa da borroka feministak internazionalista izan behar duela, halabeharrez. Izan ere, inperialismoa, kapitalismoa eta heteropatriarkatua mugez gaindikoak diren bezala, gure aliantza feministak internazionalistak ere izan behar dira eta modu global eta transbertsalean pentsatu eta antolatu behar dira, marko horretatik soilik gaindituko baititugu zapalkuntzak. Zentzu horretan, borroka internazionalista transbertsala da, eta hala den heinean, feminismoa zeharkatu behar du. Eta, aldi berean, borroka feminista ere transbertsala da eta, neurri horretan, horrek ere internazionalismoa zeharkatu behar du. Ez dago bata bestea gabe ulertzerik.

 

Horren harira, nazioarteko eta Euskal Herriko erreferente garrantzitsu batek, Emakumeen Mundu Martxak alegia, manifestazio nazionala deitu du, biharko, martxoaren 6rako, Irunen, eta Askapenatik Euskal Herriko emakumeok* mugen eta transnazionalen aurkako mobilizazio horretan parte hartzeko deialdia luzatu nahi dugu. Horrez gain, noski, martxoaren 8ko mobilizazioetan parte hartzeko deialdia ere luzatzen dugu.

 

Bizitza erdigunean jartzen ikasi behar dugun heinean, eta internazionalismoa modu transbertsalean ulertu beharra dagoen heinean, beraz, Askapenatik formakuntza jardunaldiak antolatu ditugu Hernanin ekainaren 11, 12 eta 13rako, gai horiek guztiak jorratzeko asmoz. “Bizi elkartasun internazionalista” lelopean, hortaz, Euskal Herri sozialista eta feminista baten eraikuntzan internazionalismoaren giltzarria lantzen jarraituko dugu, eta Euskal Herriko jendarteari bertan parte hartzeko gonbita luzatzen diogu.

 

Martxoaren 8 honetan ere, beraz, atera gaitezen kalera Euskal Herri internazionalista, sozialista eta feminista eraikitzen jarraitzera, eta lanean jarraitu dezagun gure eguna aldarrikatzea beharrezko izango ez den arte.


Gora borroka feminista!
Gora borroka internazionalista!