ATZO ETA GAUR, OTANi EZ! EUSKAL HERRIAri BAI!

Orain 35 urte euskal herritarrok zita berezi baina esanguratsua izan genuen hautestontziekin. 1986ko martxoaren 12 hartan, boto-paperez boto-paper, kalez kale, lantegi, instituzio, herriko plaza zein ikastetxeetan, mitin, manifestazio, kontzertu edota ekimen ezberdinetan aldarrikatutako ideia letra larriko lerro-buru bilakatu genuen; “Ezezko borobila OTANi Hego Euskal Herrian”.


Espainiar Estatua 1982an sartu zen Aliantza Atlantikoan edo OTANen (Organización del Tratado del Atlántico Norte). Erabaki hark espainiar eta euskal eskuin indarraren onespena jaso bazuen ere, jakina zen euskal herritarren gehiengoa ez zetorrela bat erabaki harekin. Hala erakutsi genuen lau urte beranduago, Konstituzio espainiarrarekin egin bezala. Ikasleak, gazteak, feministak, euskalgintza eta kultur mugimenduko kideak, langileak… euskal herritarrok azken batean, beste behin ere gure nortasun eta izatea aldarrikatu genuen, gure lekua eta gure mundu ikuskera. Zapaldutako herri izaki, beste edozein herriren zapalketaren aurka geunden, guretzat herrien arteko harremanak elkartasunean eraiki behar direlako.


Hitz hutsetan geratzen bagara edo boteredunen ahotik entzutera mugatu, munduko segurtasunaren izenean adostutako hitzarmen militarra izan zela irakurriko dugu. Lerroartean baina, argi asko ikus daiteke, batetik indarra hartzen ari zen komunismo sobietarra geldiaraztea zuela xede, eta honen aitzakiapean, benetako helburua euren burgesia eta oligarkia nazionalen defentsa egitea zela, herri langileon interesekin zerikusi gutxi zuena eta duena, hain zuzen.


Orduan ez bazuten lortu, orain ere ez gaitzatela engaina! NATO aliantza politiko militarra da, inperialismoaren adar armatua. Bere historiari begiratu besterik ez dugu urtez urte, herrialdez herrialde NATOren benetako aurpegia ikusteko: Yugoslabia-ohia,, Irak, Afganistan, Libia, Siria... Desestabilizazio mehatxuez eta munduan ordena ezarri beharra dagoela diotenean argi izan dezagun beraien ordenaz ari direla. Indarrez ezarriko den ordena, kapitalismo gordinenarena, inperialismo basatienarena. Hori da NATOren funts bakarra. Horregatik ez du zalantzarik egiten orden horren aurka altxatu eta herri bezala erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen duten mugimenduak isilarazteko. Europar Batasuneko edo aliantzako beste edozein kide den Estatuen zutarriak zalantzan jartzen dituztenentzat askatasunen mugatzea, ideien fiskalizazioa edota errepresioa dituzte tresna, “barneko etsaia deuseztatzea”.

 

Erdigune inperialistak herrialde periferikoetan dituen interesei eusteko sortu zen inperialismoaren tresna gisa, eta hala jarraitzen du izaten, balaztari eman gabe. Gainera, ezin dugu ahaztu NATOren eragina erasotzen dituen herrialdeetatik haratago doala, izan ere, Euskal Herrian ere sare ekonomiko, politiko, ideologiko eta militar oso bat baitu errotuta.


Horregatik, ezinbestekoa da perspektiba internazionalista eta antiinperialistatik honako ekinbidea garatzea. Batetik, noski, eraso inperialistak salatzea, eraso egiten zaion herrialdea edozein dela ere, irmotasun berberaz. Edozein herrialderen burujabetza (kontraesanak kontraesan) maila berean defendatu beharra dago eta horregatik, NATOk egiten duen eraso oro salatuko dugu, gertatzen den lekuan gertatzen dela. Bestetik, eraso inperialista horiek zuzendutako herrialdeetan uzten dituzten ondorioak salatzea ere ezinbestekoa da. Bereziki, errefuxiatuen auzia eta haiekiko tratua, bai bidean bai gure herrietan. Europar Batasuna salatu behar dugu, horma ikusezin bat eraiki duelako Mediterraneo osoan zehar, patruilarien eta Turkiarekin sinatutako akordioen bitartez. Are gehiago, onartezinak dira Europa osoan zehar errefuxiatuen zirkulazio askea geldiarazteko sortu diren aire libreko kartzela guztiak, Moirakoa kasu.


 
Eta noski ez dugu ahaztu behar lehen aipatzen genuen Euskal Herriko sare militar guzti hori ere salatu beharra dugula: industria militarra, instituzioen, unibertsitateen eta bankuen rola... Garrantzitsua da, baita ere, Bilboko portuak armen banaketan duen funtzioa salatzea. Horiek guztiak Euskal Herriko sare militarraren parte dira, NATOren interesak eta, beraz, mendebaldeko inperialismoaren interesak bermatzen laguntzen dutenak. Azkenik, ezin ahaztu Bardeetako tiro-poligonoa. Burujabetza ezaren adibide argia da poligonoa, izan ere, NATOrentzako funtzio militarra betetzen du, eta Euskal Herriak 1986an argi adierazi zuen NATOrekiko arbuio irmoa. Gogor egin behar dugu lan, poligonoa itxi arte.

 

Orain 35 urte, euskal herritarrok Euskal Herriaren subiranotasun nazional eta sozialari baiezkoa eman genion eta papeletaz papeleta Euskal Herri antiinperialista aldarrikatu genuen. Gure askatasun eta burujabetzaren alde egin genuen eta aldi berean, munduko herrien askatasunaren aurka doazen prozesu politiko, ekonomiko eta militarren kontra agertu zen herria izan zen gurea, izan ginen gu.


1986ko martxoaren 12 hartan hitza hartu genuen Hego Euskal Herrian, ez dezala orain haizeak eraman. Heldu diezaiogun gogor aldarri hari eta aska ditzagun kapitalismoaren menera lotzen gaituzten kateak, kanpora ditzagun Euskal Herritik gerra inperialistak babestu eta bakearen izenean negozioa egiten duten enpresak. Egin dezagun Euskal Herriaren burujabetzarazko bidean aurrera, biharko egunez hitzak errealitate bilaka daitezen.


Zentzu horretan, erakunde politikoei, sindikalei eta herri eragileei dei egiten diegu, inperialismoaren aurrean, atzera urratsik egin ez dezaten. Gurekin eta mugimendu internazionalista osoarekin batera lan egin dezaten erakunde terrorista eta kriminala ahultzeko, bai mugen baitan bai kanpoan.


Bukatzeko, NATOren eta inperialismoaren kontra eta internazionalismoan sakontzeko, gonbitea luzatu nahi dizuegu datorren ekainaren 11, 12 eta 13an Hernanin egingo ditugun jardunaldietan parte hartzera. Euskal Herri sozialista eta feminista baten eraikuntzarako internazionalismoa giltzarri dela sinetsita gaudelako. Eta borroka horretan, denon betebeharra delako formakuntza iraultzailez janztea eta gure auzo, lantoki, komunitate eta esparru ezberdinetan inperialismoaren aurka eta herrien askatasunaren alde lan egiten jarraitzea.

 

Gora Euskal Herria internazionalista!
NATOri ez!