APIRILAK 17: PRESO POLITIKOEN NAZIOARTEKO EGUNA
Apirilaren 17an, preso politikoen nazioarteko egunean, beste behin ere herri zapalduok jasaten dugun errepresioa salatu beharrean gaude. Egun honetan, urtero bezala, geure agurrik beroena helarazi nahi diegu munduko preso politiko guztiei eta bereziki euskal preso politiko guztiei.
Preso politikoak baldin badira, herriek zapalkuntzaren aurrean bere askatasuna erdiesteko borrokatzeko hautua egin dutelako da. Horrexegatik beragatik preso politikoak zapalketaren adierazle gordina dira, herriaren borrokarena diren neurri berean. Iazko apirilaren 17tik hona ere zapalkuntza eta borroka horren adibide ugari dugu.
Dimitris Koufontinas preso politiko greziarrak gose eta egarri grebari ekin behar izan zion Atenasetik urrunduta eta dispertsatuta bere kontrako mendekua burutu zuelako greziar gobernuak. Herriaren nahi eta beharretatik oso urrun ez ezik, interes kontrajarrien defentsan, Troikak 2015an inolako lotsa eta disimulurik gabe ezarritako gobernu horrek berak.
Preso politiko kurduak txandakako gose greban daude hilabete askotan zehar Abdullah Öcalani eta gainontzekoei ezarritako isolamendua amaitu eta gatazka gainditze bidean jartzeko. Gogorarazi nahi dugu Abdullah Öcalan Turquía, Italia, Grezia eta mendebaldeko beste estatu batzuen elkarlanaren erruz atxilotu zutela eta MI5, CIA eta Mossadek parte hartu zutela bere atxiloketan, besteren artean. Eta salatu nahi dugu, egun, Europar Batasunak diruz hornitzen duela preso politiko kurduak eta turkiarrak isolamenduan eta torturapean mantentzen dituen estatu turkiar hori bera, hain zuzen ere, gerra inperialisten ondorioz euren herrietatik ihes egitera behartu dituzten errefuxiatuei Europar Batasunera sarbidea ixtearen ordainetan.
Estatu frantsesak 1984tik espetxean bahiturik du Georges Ibrahim Abdallah libaniar iraultzaile internazionalista (Palestinako askapen mugimenduarekin batera ere aritu zen borrokan urte luzez). 70 urte beteko ditu datorren astean eta, 1999an aske geratzeko aukera legala izanik ere, estatu frantsesak muzin egin die eskaera guztiei.
Khalida Jarrar palestinar feminista borrokalaria ere espetxean dago hamaikagarrenez, oraingoan aurreko epaiketa batean epaitzen zuen israeldar epaitegiari zilegitasunik ez onartzeagatik. Khitam Saafin iraultzaile feministari lau hilabete gehiagoz luzatu diote behin behineko espetxealdia. Hau guztia nazioarteko estatuen begiradapean eta isiltasun konplizearen laguntzaz. Etengabeak dira halako gehiegikeriak palestinar herriaren kontra interes kapitalista eta inperialistak medio, mendebaldeko potentziek (Frantzia eta Erresuma Batua tarteko) 1948an Israelgo estatua sortu zutenetik. Herri baten zapalkuntza interes kapitalisten mesedetara jartzearen adibide argia.
Carmen Villalba preso politiko paraguayarraren bi iloba erail zituzten duela sei hilabete estatu aparatuek eta bere alaba Carmen “Lichita” desagertuta dago duela hiru hilabete jada. Bitartean nazioarteko begiradak Venezuela eta Boliviari so ari dira giza eskubideen aitzakian kapitalismoaren interesei mesede egingo dien edozein interbentzio justifikatzeko.
Simón Huenchullan Millanao preso politiko maputxeak 10 hilabete daramatza behin behineko espetxean bere komunitatearen defentsa egiteagatik, eta duela egun gutxi izan zuen epaiketa prestatzeko ikustaldia. Maputxe herriaren kontra Txileko estatuak bideratzen duen zapalkuntzaren enegarren adibidea. Herriei eta herriari askatasuna ukatu eta herriarenak behar luketen ondasun eta aberastasunak osteko kapitalari bidea egiten dion estatu honek, mila lagun baino gehiago ditu oraindik ere preso 2019ko eta iazko erreboltatan parte hartzeagatik.
Euskal Herriari dagokionez ere, ehunka preso politikok espetxean jarraitzen dute; haietako asko, 20 urte baino gehiagok espetxean bahiturik eman ostean (ia 30 askoren kasuan), kondena osoa beteta ari dira kaleratzen, estatuen aldetik gatazkaren erroak gainditzeko asmorik gabe. Jarrera horren ondorio, Igor Gonzalez Solaren heriotzak gogor astindu gintuen; besarkada bero bana bere senide eta lagunei euskal internazionaliston partez. Eta hori gutxi balitz, euskal herritarrak atxilotzen eta espetxeratzen jarraitzen dute, Audientzia Nazionalaren itzal luzeak oraindik ere egunsentia iluntzen jarraitzen du, erakutsiz herri honek oraindik bide luze eta gogorra duela egiteko bere askatasunaren alde.
Esan bezala, hamaika adibide ditugu munduan zehar erakusten dutenak kapitalismoak herrien zapalkuntza beharrezko duela bizirauteko eta, horretarako, estatuak eta hauen gainetik dauden bestelako tresnak lanabes garrantzitsu direla bere helburuen alde. Baina askatasuna garesti ordaintzen dela jakinik zapalkuntzaren aurrean altxa eta borrokatzen diren herriak dira geure ipar. Horregatik, gaurko egunez, estatuen errepresioa salatzetik harago, munduko preso politiko guztiei eta herri borrokalariei geure elkartasun eta arnasa helarazi nahi dizkiegu. Zuen borroka geurea da eta bide horretan egingo dugu topo.
Gora munduko preso politikoak!
Gora munduko herri borrokalariak!
Gora Euskal Herria internazionalista!