HDPren ilegalizazioaren aurrean, elkartasun internazionalista!

Apirilaren 26an HDP (Herrien Alderdi Demokratikoa) alderdia legez kanpo uzteko prozesu judiziala abiatuko da, Turkiako Auzitegi Konstituzionalean, Ankaran. Mugimendu horren bitartez, une honetan Ipar Kurdistango (Bakur) askapen mugimendua eta Turkiako sektore ezkertiar eta iraultzaileak barnebiltzen dituen plataforma politikoaren adierazpide instituzionala isilarazi nahi dute.


Martxoan abiatu zuen Turkiako Fiskaltzak prozedura. Europako hainbat komunikabidek, orduan, prozedura salatzeaz gain, Estatuak eskuin  muturraren eskaerei men egiten ziela adierazi zuten. Baina eskuin muturraren faxismoaz harago doa auzia; izan ere, Turkiako estatuak errepresio basatia bideratu du HDPren aurka, 2012an sortu zenetik, eta bereziki, 2015etik, Estatuak bake-elkarrizketak eten zituenetik.


Urte hartan, HDPk bozken %13 lortu zuen uztaileko hauteskunde orokorretan, eta ondorioz, lehen aldiz iritsi zen kurduen aldeko alderdi bat Turkiako Kongresura. Estatuaren jarrerari erantzun gisa, 100 udaletxek baino gehiagok autonomia aldarriak egin zituzteni eta udaletxeetako aurrekontuak herriaren mesedera jarri, Estatuari muzin eginez. Autonomia haren babespean, Kurdistango Askapen Mugimenduak teorizatutako Konfederalismo Demokratikoaren garapen izugarria eman zen praktikan: kooperatibismoak izugarri biderkatu zen, emakumeen askapenean ere urrats garrantzitsuak eman ziren (tratu txarrak jasandako emakumeen babeserako antolakundeak sortu, Jinealoji akademiak ugaritu...), hizkuntza kurdua eta kultura kurdua hauspotu ziren, gazteen antolakuntzarako espazioak zabaldu... finean, herriaren beharrei erantzuteko mekanismoak ahalbidetu ziren.


Horren aurrean, estatu turkiarraren erantzuna ikaragarria izan zen, milaka eta milaka herritar erail zituen ejertzito eta polizia turkiarrak; herri osoak ia desagerrarazi zituen, setioak, etxeratze-aginduak, sarekadak... Talka gogorrak izan ziren Bakurreko herrietako kaleetan, YPS delako autonomiaren defentsarako herri-gerrillak antolatu zituen gazteriakā€¦ Protesta masiboak izan ziren.


2016an, ordea, Estatuak bere egin zituen udaletxeak, eta Ankaratik zuzenean izendatutako gestoreak ezarri zituzten. 2018rako HDPko 26.000 kide espetxeratu zituzten, eta alderdiaren kontrako, eta oro har, Kurdistango Askapen Mugimenduaren kontrako jazarpena areagotu egin zen.
Orain arte, PKKko kide izatea edo hura laguntzea izan da militante kurduak atxilotu eta espetxeratzeko argudio nagusia, baina, oraingo honetan, HDPren kontra Fiskaltzak erabiltzen duen argudio nagusia, hain zuzen ere, Turkiako batasuna zalantzan jartzea eta ordena konstituzionala erasotzea da. Erabiltzen duen beste argudio bat da protestak antolatu izana Estatu Islamikoak Kobane (Rojava, mendebaldeko Kurdistan) setiatu zuenean; izan ere, estatu turkiarra salatzen baitzen setio horren aurrean ez ezer egiteaz, eta beraz, EIren konplize izateaz.


Turkiako estatuan sekulako dardara eragin zuen, Turkiaren batasunaren aurrean, herri kurduak eta hainbat fakzio ezkertiarrek mugez haraindiko elkartasun adierazpenak egiten baitzituen, eta horrek Turkiaren batasunari sekulako lurrikara suposatu zion. Herri kurdu iraultzailea eta fakzio ezkertiarrak herrikideekiko elkartasunez kalera atera ziren, ondoko anaia-arreba kurduen kontrako eraso bati erantzuna emateko.


HDP legez kanpo uzteko azken saiakera hau, hain zuzen ere, herri kurduaren kontrako erasoen segidan beste bat gehiago da; estatu turkiarrak bere hegemoniari eusteko enegarren urratsa. Turkiak asmo argia du: bere eremu geografikoaren zaindari izatea ii. Eta potentzia inperialistek badakite Turkiak duen indarra handia dela, men egin behar diotela hein handi batean. Asmo hori oinarri, azken urteetan ikusi dugu nola NATOren baitako aliantza zalantzan jarri duen Errusiara gerturatzeko, eta ikusi dugu, gainera, hori guztia egin duela ingurukoei (AEB, Errusia...) koste handiagoa sortuz bere buruari baino. Kapitalismoak Turkia behar du bertako aberastasun eta lehengaien kontrolerako, hori argi dago, eta bitartean herrien zapalkuntzak aurrera darrai nazioartearen isiltasunaren laguntzaz.


Aipatutako testuinguru horretatik isolatuki ulertzea HDPren legez kanporatzea, eta salaketa horretara mugatzea, herri kurduaren zapalkuntzaren konplize izatea da. Kurduen askapen prozesuari egin zaio eraso beste behin ere; kasu honetan, haiek beren askatasuna erdiesteko sorturiko tresnetako bati. Askapenatik argi dugu, beste askotan bezala, herri kurduak asmatuko duela tresna eta bide berriak sortzen askatasunaren aldeko borrokan aurrera egiteko. Orain, HDPren legez kanporatze prozesua salatzen dugun moduan, askapen osorako bide horretan lagun izango gaituzte.