Elkartasuna Chadli Aloui kide siziliarrarekiko!
Duela urtebete inguru, Chadli Aloui, ikasle eta artista gazte siziliarrari kontrol bereziko neurriak ezarri zizkion Palermoko justizia auzitegiak. Chadli, Palermo erdiguneko auzo pobretuetako nerabe eta gazteekin egindako heziketa lanagatik ezaguna da eta herri gimnasioan entrenatzaile eta antzerki sozialetako aktorea izanik, ez ditu bere balore antiarrazista eta antifaxistak ezkutatu lan militantea egiterako garaian. Pertsona migranteen eskubideen alde, erraustegien aurkako borroketan, espetxeratutako gazteen alde eta Siziliaren defentsan ere aritu izan da Chadli.
Joan zen urtean "arrisku berezidun subjektu" izendatu zuten autoritateek eta ezarritako neurrien artean ondorengoak daude: bizi den herritik irtetzeko debekua, etxean egon behar du 21.00etatik 07.00ak bitarte (gainera, indar polizialak etxean azaldu daitezke edozein momentutan bere etxean dela segurtatzeko), gida-baimena kentzea, manifestazio, ekintza edota bilkura politikoetan parte hartzeko debekua...
Palermoko Justizia Auzitegiak ondoko arrazoiak erabili zituen Chadliri aipatutako neurriak ezartzeko: istiluetan parte hartu izana, egoitza publikoen okupazioa, indar polizialen aurkako erasoak eta eskuin muturreko mugimendu eta antolakundeetako kideak mehatxatu eta erasotu izana.
Bere aurka hartutako neurriek militantzia politikorako eskubidea larriki urratzeaz gain, aurrekari larri eta arriskutsua suposatzen du Siziliako disidentzia politikoarentzat. Gogoratu beharra dago, neurri berezi hau, gainera, italiar faxismo garaiko kode penaletik oraindik orain mantentzen den neurria dela.
Gainera, duela gutxi polizia goizeko ordu txikitan bere etxera indarrez sartu zen eta Chadliren aita salatu eta Chadli bera atxilotu zuten. Bihar, azaroaren 3an, Chadlik epailearen aurretik pasatzeko bista du eta besteak beste, pasa den urtean ezarritako neurriak berraztertuko dizkiote.
Askapenatik gure elkartasunik beroena luzatu nahi diogu Chadliri eta Sizialiako lagun guztiei. Autoritate faxisten aurrean elkartasun antifaxista eta internazionalista adieraztea ezinbesteko betebeharra da. Konpromiso soziala ez da delitua!
CHADLI LIBERO!
L'IMPEGNO SOCIALE NON È PERICOLO SOCIALE!
NO ALLA SORVEGLIANZA PER CHADLI!