Gdeim Izik-en oroimenez, eutsi Sahara!

2010eko urriaren 20an, herri sahararra altxatu egin zen eta Gdeim Izik kanpalekua eraiki zuen, Marokoren okupazioari aurre egiteko zein haien eskubideen alde borrokatzeko. Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan, debekatuta dago kultura sahararrarekin zerikusia daukan oro, baita jaimak ere. Horregatik, egun hartan, sahararrek soinean makilak eta melfak ezkutatu, eta El AaiĆ¼n hiriburutik 16 km-tara dagoen basamortura abiatu ziren. Milaka jaima eraiki zituzten bertan; are gehiago, duintasun kanpaleku desobediente erraldoia antolatu zuten. 20.000 sahararretik gora bildu zituen ekimen adoretsuak. Herri sahararrak bere ohitura eta sustraiak berreskuratu zituen lurralde okupatuetako basamortu hartan eta egunak eman zituen Marokoko indar armatuen zein gendarmeen mehatxuei eusten.

 

Marokoren eta bere aliatuen erantzuna, hain zuzen ere, herri sahararrak ondo ezagutzen duen basakeria eta bortizkeria gordinena izan zen. Urriaren 24an, ejertzito marokoarrak 19 urteko su etena hautsi eta 14 urteko sahararra tirokatu zuen, kanpalekura sartzera zihoala. Nayem Elgarhi gaztea Gdeim Izikeko lehenengo eraila izan zen. Behin su etena hautsita, azaroaren 8an, Marokok milaka polizia eta militar mobilizatu zituen eta, gendarmeen laguntzaz, hamarnaka furgoi, tanketa eta helikoptero erabili zituen Gdeim Izik modu basatienean suntsitzeko. Istiluak Mendebaldeko Saharako beste herri eta hirietara ere zabaldu ziren. Desalojoan 2.400dik gora atxilotu zituzten; horietako asko espetxe beltzetara eraman zituzten, ezkutuan torturatzeko eta bortxatzeko. Oraindik ez da desagertu eta hildako kopurua argitu, baina bertokoen esanetan, poliziak sahararren gorpuak hiriburuko kaleetara eraman zituzten, herri osoa mehatxatzeko.

 

Aurtengoan, data horiek esanahi berezia dute; izan ere, 2020ko azaroaren 13an, Marokoko armadak 1991tik sinatuta zegoen su etena apurtu eta Saharar herriaren aurkako gudari ekin zion. Eraso horren aurrean, Saharako Frente Polisarioak herria antolatzera deitu zuen eta Marokoar Armadaren erasoen aurkako miliziak antolatu zituen. Asko izan dira urte honetan Marokok eragindako heriotzak, baita suntsitutako akanpalekuak ere. Eraso horietan azken berria, Euskal Herrian ibilitako Moji sahararraren eta beste kide baten erailketak izan dira. Lan boluntarioetan zebilela, Makoko Armadako hegazkin batetik tiro egin eta bertan erail zituzten. Lurralde okupatuetako erasoen eta jazarpenen albisteek ez dute etenik. Marokoren okupaziopean jarraitzen du; eraso eta errepresio bortitzei aurre egiten dion herri sahararra erabat jazarrita dauka Lurralde Okupatuetan. Hori horrela izanda ere, Marokori krimen horiek egiten utzi diote nazioarteko instituzioek; ezikusiarena egiten dute. Baina herri sahararrak irmo jarraitzen du autodeterminazio eskubidearen defentsan.


Gdeim Izik, duintasunaren akanpalekutzat ezaguna, borroka eta erresistentziaren adibidea dugu; saharar herriak jasaten duen zapalkuntzaren aurkako adibidea. Azken urteotan sahararrek behin eta berriz errepikatu diguten gisan, Sahararen deskolonizazioagatiko gatazka ez da auzi humanitarioa, gatazka politiko bat baizik, eta, horren aurrean, gure konpromiso eta elkartasun internazionalista agertu behar dugu. Gainera, herrialde inperialistek kooperazio-lana darabilte haien aurpegiak zuritzeko eta horrek sekulako kaltea eragin du Saharan. Kooperazio lan hori elkartasuntzat saltzen digute. Gatazka betikotu dute, konponbiderik jarri gabe mahai gainean eta, ondorioz, amaierarik gabeko gatazka bihurtu dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, besteak beste, kooperazio proiektu horiek erabiltzen dituzte Marokoren okupazioarekiko konplizitatea estaltzeko; bitartean, ordea, sahararren lurrak ustiatzen dituzten enpresak diruz hornitzen dituzte.

 

Are gehiago, azken urte honetan, asko dira Estatu espainolean nahiz Euskal Herrian dauden enpresek Saharan eragindako basakeriak. Beste hainbat herrik egin duten gisan, palestinarrak adibidez, Gobernuen eta enpresen esku hartze inperialistaren aurka egiteko, Siemens Gamesa enpresaren aurkako boikot kanpaina abiatu dute. Enpresa horrek lantokiak ditu Euskal Herrian. Hori dela eta, internazionalismotik jazarpenaren konplize diren instituzio eta enpresak salatzeko dei egiten dugu , herri sahararri babesa emateko. Internazionalismotik halako dinamika kolonialistak salatzea dagokigu, baita elkartasuna aldarrikatzea ere.

 

Eten dezagun Marokoren blokeoa eta eraiki ditzagun saharar herriarekiko elkartasun eta internazionalismo zubiak!

 

Gora Gdeim Izik!
 Gora Sahararren borroka!
 Sahara hurra!