Biji berxwedana Kurdistan!

43 urte igaro dira 1978ko azaroaren 27an Kurdistaneko Langileen Alderdia (Partiya KarkerĂȘn Kurdistan, PKK) sortu zenetik. Gertakari horrekin batera herri kurduak bere duintasuna berreskuratu eta Turkiarengandik jasaten zuen jazarpenari aurre egiteko tresna ezinbestekoa eskuratu zuen.


Kurdistaneko kasua, inperialismoak zapaldutako herri baten historia da. Kurdistanen aberastasun naturalek eta kokapen geografikoak kapitalismoaren garapenerako ezinbesteko gune bihurtzen dute eskualdea. Inperio otomandarraren erorketaren ondoren, XX. mende hasierako kolonialismoaren segida izan zen AEBen sarrera bertan NATOren bitartez. Eta egun, Turkia (NATOko potentzia garrantzitsuenetako bat) da bertako zaindari lanetan dabilena.


Errepresioa, tortura, erailketa, herri osoen suntsiketa, hizkuntza eta kulturaren jazarpena, bortxaketak, espetxea, zentsura, militantzia politikoaren debekua... izan dira eta oraindik ere badira herri kurduak jasan beharreko zapalkuntzaren parte. Sistema kapitalista eta patriarkalak herri bati ordainarazitakoa sistemaren biziraupenerako.


Horren aurrean, herri kurduak gaitasun handia erakutsi du, erresistentziarako ez ezik, bestelako jendarte eredua eraikitzeko. Konfederalismo Demokratikoaren paradigmaren baitan jendarte demokratiko eta ekologikoa eraikitzeko pausoak ematen ari dira emakumeen askapena oinarri eta gazteen aitzindaritzapean.


Bakurreko autonomia aldarriak, Rojavako iraultza eta Basurren yazidiek garatu duten sistema, munduko herrientzat eredu bihurtu dira askapenaren bidean. Haiekin batera berretsi ahal izan dugu askatasunaren bidean errepresioa latza dela, erresistentzia beharrezkoa eta borroka ezinbestekoa, bide bakarra.


Euskal Herrian, kapitalismoak eta patriarkatuak zapaldutako herrian, Kurdistanen borroka eredu da, erreferentzia garrantzitsua geure askapen bidean. Eta Euskal Herria internazionalista eraikitzeko bidean ezinbesteko zaigu bertako burgesiak herri kurduaren zapalkuntzan dituen erantzukizunak salatzea, izan Turkiako botere militarra hornituz, izan erregimen faxista hori ekonomikoki sustengatuz. SAPA, ITP, BBVA, Iberdrola... dira horietako izen batzuk, herri kurduarekin batera Euskal Herria zapaltzen dutenak.


Horregatik diogu haien borroka geurea ere badela, haiena geurea den modu berean.


Biji berxwedana Kurdistan!
Gora Euskal Herria internazionalista!
Jo ta ke!

 

Euskal Herrian, 2021eko azaroaren 27an