Okupatutako herria
Iritzi artikulua
Xabier Lasa, Askapenako kidea
Okupatutako herria da Euskal Herria. Frantziari dagokionez, Napoleonen garaitik aurrera hartu zuen frantziar armadak Euskal Herri kontinentalaren kontrola. Euskal Herri penintsularraz, berriz, espainiar armada arduratu da, 1876an II. Gerra Karlista bukatu zenetik. Harrezkeroztik, bi estatuen botere militarra izan da Euskal Herriaren burujabetza azpiratu duena. Orduz geroztik, hainbat gerra ere bizi izan ditugu gure herrian, Pirinioen alde batekook zein bestekook, eta haietan parte hartzera ere behartu gaituzte. Erresistentzia ugari egon da okupazioari aurre egiteko, eta asko espetxeratu, torturatu eta erail dituzte horregatik. Gure herriak, hala ere, okupaturik jarraitzen du.
Azken 20 urteotan ez da hain nabaria izan militarren presentzia Euskal Herri penintsularreko herrietan. Ez baitira kuarteletatik hainbeste ateratzen, intsumituek irabazitako la miliaren kontrako bataila hartatik. Hala eta guztiz ere, egun, Bardeak NATOren abioien entrenamendu zelai izaten jarraitzen du eta 1500 efektibo militar daude EAEn eta 690, Nafarroan. Denak ala denak, edozein momentutan, gerra egiteko prestatuak. Horregatik diogu ezkutuan ibiltzeak ez duela esan nahi existitzen ez denik. Noizbehinka, agerian uzten dute hemen daudela, nork agintzen duen ahaztu ez dezagun. Egia esan, gaur egun nahikoa dute kontrairaultzarako eta ordena mantentzeko Grezia klasikoko garaietatik sortu zen poliziaren figura erabiltzea, bihurriak baretzeko. Ildo horretatik ere gure herriko datuak ez dira makalak. 2015eko datuak kontuan hartuz gero, Europar Batasunaren baitan, polizia gehien duen eremua da Euskal Herria. 184 biztanleko polizia bat dago gure lurretan. 7624 ertzain, 1060 foruzain, 6032 polizia nazional nahiz guardia zibil eta 2200 frantziar polizia eta jendarme. Udaltzainak aintzat hartu gabe, nahikoa zifra altuak dira, ideia bat egin dezagun.
Horregatik erabiltzen dugu okupazio hitza; bere esanahiak dioen bezala, leku batera sartu eta instalatzea edo jabetzea esan nahi duelako. Gure lurrak, gure kaleak eta gure instalazioak haien interesen zerbitzura jartzeko gaitasuna dutelako. Baina, ezertan hasi aurretik, defini dezagun “haien” erakuslea; argitu ezean, ez dugulako identifikatuko okupazioaren muina: pertsona eta klase jakinen interesak.
“Haien” horren atzean, klase burgesa eta beren interes kapitalistak daude. Baina, nola ulertu hori, berezko ongizate estatu batean? Konstituzio batek erregulatutako nazio batean, ustez, soberania lurralde horretako pertsona guztien gain dagoenean? Guztion ongia demokratikoki aukeratutako parlamentuan legislatzen denean? Horren kontrolpean exekutatzen denean? Eta independentzia judiziala bermatzen denean? Bada, Estatua inoiz ez delako neutrala, eta Estatuaren administrazio politiko zein militarrak Estatuaren klase interesei erantzuten dietelako; ekoizpen eredu kapitalistan, klase burgesari, zehatzago esateko. Beraz, burgesiaren armadaz hitz egiten ari gara, eta armada horrek burgesiaren interesei erantzuten die, “haien” interesei.
Are gehiago, okupatutako herri bat garela esaten dugunean, era berean, desjabetutako herri batean bizi garela esaten ari gara; eta, ondorioz, desjabetua bada, bortxaz desjabetua izan dela. Gutxienez 200 urtez desjabetua izan den herri batez ari gatzaizkizue.
Baina okupazioak ez du soilik okupatuaren eta okupatzailearen rola soilik uzten agerian. Okupatutako herrian bertan ere ondorioak eragiten ditu. Horren adibide garbia da kolaboratzailearena. Okupazio bat inoiz ezin da gertatu bertako jendearen laguntzarik gabe, eta, zentzu horretan, gure herria ez da izan salbuespena. Herri honetan, asko izan dira bai Estatu frantses zein espainolarekin kolaboratu duten enpresari, politikari zein borreroak. Horiek denak klase burges menperatzailearen interesetara jarri dira, pastelaren zati bat bereganatzeko; hau da, desjabetuaren jabetza eskuratzeko. Horietako batzuk hain boteretsu bilakatu dira, burgesia okupatzailearen parte direla, zuzenean; horien artean, abizen euskalduneko neguritar batzuk.
Hortaz, aipatutako guzti horiek, fase inperialista honetan, finantza globalizatuaren parte dira, eta horrek nazioartean politika inperialistetan parte hartzera daramatzate. Hala, hainbat estatutako defentsa ministerioak, haien zerbitzura jartzen dituzte. Mendebaldeko Europa hertsiki lotuta egon da AEBen kanpo politiketara, XX. mendeko erdialdeaz geroztik; horrek azaltzen du Estatu espainola eta frantsesa NATOko kide izatea, garai hartatik. Baina biek defendatzen dituzte haien estatuetako burgesien interesak nazioartean, eta ikusi ditugu ondorioak: Serbia, Afganistan, Irak, Libia, Mali, Siria, Yemen, errefuxiatuak, bortxaketak, gatazka sozialen gorakada, salerosketak…
Hori guztia posible bihurtzeko, ezinbestekoa da armen ekoizpena. Eta adibidez, Espainiar estatuaren ekoizpen militarraren zati handi bat euskal lurraldean egiten da. Oso zaila da erabat militarra den ekoizpenaren benetako datuak eskuratzea, baina nahiko datu daude errealitate hori badela inork zalantzan ez jartzeko; Gasteizkoak taldearen Estas gerras son muy nuestras liburuan jasoak daude haietako asko. Era berean, ez dezagun ahaztu zentzu komuna egituratzen duten masa komunikabideek, aditu sortuek edota sistemarekiko lerrokatuta dauden soldatapeko intelektualek jokatzen duten papera, ezta diru publikoz finantzatutako unibertsitate eta azpiegituren erabilera militarra ere; haien intereserako lanean ari diren milaka soldatapeko langilez osatutako armada.
Esandakoak esanda ere, artikulu honek ez du artikulu etsikorra izan nahi. Isilpeko mundu honetan, badelako, noizean behin, makinariaren engranajeak oztopatzeko gai izan den herri bat. Intsumisoen borroka edota 86ko NATOren kontrako ezezko nabarmena honen adibide dira. Beraz, borrokarako deia ere egin nahi da.
Hilabete honetan, Gasteizko Arakako Kuartel Militarrean, Valentziako Béteratik etorritako mila efektibo militar daude, NATOrentzako maniobra militarrak egiten. Ez ditugu, agian, kaletik ikusiko; edo bai, poliziaren presentzia handiagoa nabaritu dezakegulako, akaso. Baina, bertan egongo dira gasteiztarren eta euskal herritarren gehiengoak ez dakien bitartean. Sekretupean, inperioaren alde eta munduko langileriaren kontra, lanean. Horregatik, garrantzitsua izango da mobilizazioetan parte hartzea. Gutxienez, sekretupeko hori ez dugula onartzen lau haizetara zabalduko dugu; haiek ez ditugula onartzen. Desjabetuok, borrokaren bitartez, gure herriaz noizbait jabetzeko urratsak egiten jarraitu behar dugu. Zoritxarrez, haien lanak amaituta, alde egingo dutela pentsa genezake, baina Euskal Herriak okupatuta jarraituko du.
Komunikabideetan:
https://www.argia.eus/albistea/okupatutako-herria
https://www.berria.eus/paperekoa/2084/015/002/2021-12-08/okupatutako-herria.htm