Inperialismo patriarkalari, internazionalismo feminista!

Gaur, kalera.


1910ean Emakume Sozialisten Nazioarteko Biltzarrak sustatu zuen gisan, kalera. Asko zegoen borrokatzeko, eta, testuingurua izugarri aldatu den arren, asko dago borrokatzeko; dena aldatzeko, errotik. Izan ere, dena aldatu nahi izan dugu emakume langile antolatuok. Garaian, Errusiako monarkiaren aurka antolatu ziren, Mundu Gerraren aurka; eta, gaur ere, gerren eta gerra eragileen aurka antolatzen gara. Gerra, noski, ez delako arma tiro pum soila. Gerra indarkeria matxista delako, lanordu amaiezinen kondena, antsietatea, kontrola, bakardadea, desjabetzeak direlako. Orduan antolatu ziren, eta gaur antolatzen gara, antolakuntzarik gabe ez dagoelako gaitasunik itota gauzkan kapitalari aurre egiteko. Eta plano internazionalean ez bada aliantzarik, ere ez.

 

Kontua da nola gauden orain, eta zenbateraino eusten zaion jatorrizko esanahi horri; hau da, emakumeok esplotazio eta zapalkuntza oro gainditu nahi ditugula aldarrikatzen duen aldarri horri.  Emakumeon askapen borrokak zuzenki lotuta egon behar du kapitalismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokari; hori hala izan ezean, ez delako, ez klase jazarriaren, ez genero jazarriaren askapenik eskuratuko. Eta ez dugu zalantzarik horrela izan behar duela: helburua langile guztion askapena dela, eta, guk, emakumeok, borroka bikoitza dugula horretan. Modu berean, bere burua antikapitalistatzat eta antiinperialistatzat duenak, ezin dio antipatriarkala izateari uko egin, zapalkuntza eta esplotaziorik gabeko mundu baten alde borrokatzen duenak ezin duelako populazio erdia zuzenean zanpatzen duen patriarkatuaren aurrean ezikusiarena egin.

 

Are gehiago, ez badira borroka horiek uztartzen, instrumentalizatzeko arriskua dago, eta instrumentalizazio horrek zapalkuntza zuzena dakar. Inperialismoak, adibidez, nahieran erabili du emakumeen aurkako zapalkuntza, instrumentalizatu egin du. Ez benetako kezkagatik edo benetan sinets dezakeelako emakumeon askatasun kolektiboan; baizik eta, funtzionala zaiolako politika interbentzionalistetan eta jazarleetan. Beste herrietan esku hartzeko justifikazioa bilatzeko jendartean; Mendebaldea (eta Mendebaldeko emakumeok) hunkitzeko horren aurrean, eta kapitalaren estrategia espantsionistara batzeko. Emakumeen zapalkuntza instrumentalizatzeaz gain, komeni ez zaizkien erresistentziak inbisibilizatu ere egiten ditu, eta aldi berean, komeni zaizkienak bisibilizatu. Izan ere,  emakume langileen erresistentzia eta borroka eredugarri asko topa ditzakegu, hori ezkutatu nahi diguten arren.

 

Bada dena aldatzeko gai den borrokarik, historian zehar protagonista izan diren hamaika emakume sozialista, komunista eta anarkistek utzitako bidean. Bagaude eta egongo gara, lehen lerroetan, beti. Hori estali egin nahi dute, edo nahieran manipulatu. Baina hor gaude. Hemen gaude.

 

Eta, zentzu horretan, internazionalismoak sekulako garrantzia du emakume langileon askapen borrokan; ezinbestekoa da. Zapalkuntzak mugak gainditzen dituen gisan, erresistentziak eta borrokak ere mugez gaindikoak behar dute izan. Hau da, inperialismo patriarkalari internazionalismo feministaz erantzun behar zaio.


Gaur, beste behin, kalera!