Inperialismoaren aurrean, herriok antolakuntza eta borroka!

 

Gaurko egunez duela 36 urte, Estatu espainiarra NATO aliantza militarrean sartu zen. Egun horretan, errefendumaren emaitza herri langilearen aurkakoa izan bazen ere, asko izan ziren NATOren aurka kalera irten eta lanketa politikoa egin zutenak. Aurreko hilabeteetan zehar, Euskal Herriaren alde lan egiten zuten hainbat antolakundek argi ikusi zuten onartezina zela aliantza militarraren parte izatea. Askotariko sektoreen arteko elkarlanari esker, Euskal Herrian, Katalunian eta Kanariar uharteetan ezezkoa nabarmendu zen.

 

Mendebaldeko potentzia militarrek sortu zuten NATO, Bigarren Mundu Gerraren ostean, nagusiki Ameriketako Estatu Batuek bultzatuta. Gerraren bukaerak Sobietar Batasunaren indar militar eta politikoa agerian utzi zuen, baina mendebaldeak ezin zuen sozialismoaren indar hori baimendu;  arriskutsuegia zen  kapitalismoaren  proiektuaren  garapenerako. Gainera, potentzia inperialistek bere gaitasun ekonomiko eta militarra zabaltzeko beharra zuten, mundu  mailako hegemonia lortzeko. Eta ondo dakigu zabaltze horrek zer dakarren: gerra. Burgesiari berezkoa zaio gerra; estrategikoki behar du, beste metaketa-ziklo batzuei ekiteko, eta, hala, merkatu berriak kontrolatu eta gainprodukzioa deusezta dezan. Argi izan behar dugu, beraz, gerrek potentzien mesedetara jokatzen dutela, eta herriok garela gerren ondorio kriminalak sufritzen ditugunak.

 

Aliantza Atlantikoa sortu zenetik asko izan dira batu diren estatuak. Gaur egun 30 dira aliantza horren parte. Defentsarako aliantza dela saltzen digute, baina argi erakutsi du beren burgesien interes ekonomikoak babesteko tresna besterik ez dela. Urte hauetan zehar asko izan dira demokrazia babesteko eta bakea bermatzeko aitzakiapean gauzatutako inbasio militarrak, baita emakumeok, ustez, askatzeko eta salbatzeko egin dituztenak ere: Jugoslavia ohia, Irak, Afganistan, Libia, Siria...

 

Azken adierazlea duela aste batzuetatik hona ikusi dugun Ukrainako egoera da. Komunikabide hegemonikoetan ez ezik, hainbat euskal komunikabideek ere gerra “berri” honen izaera ezkutatu nahi izan dute,  aurrekaririk gabeko egoera balitz bezala eta eragiten dituzten beste gerren aldean garrantzia handiagoa balu bezala. Gerrak, oro har, herrion miseria dira; baina badirudi batzuk kezkatu behar gaituztela. Horrek berak pentsarazi egin behar liguke.  Errusiaren inbasio krudeltzat saltzen digutena, hain zuzen ere, gerra interkapitalista da, krudela, noski, baina bi potentzien artekoa; aspaldi hasia zena eta herriok aspaldidanik ordaintzen ari ginena, izerdiz eta odolez. 2014an, NATOk eta Europar Batasunak bultzatu zuten estatu kolpearen bidez, gobernu faxista ezarri zuten Ukrainan, aliantza atlantikoen menpe gera zedin eta kapitalaren merkatua handitu zezaten.

 

Asko izan dira azken asteetan argitaratu diren irakurketak, txostenak nahiz diskurtsoak  gai  honen inguruan.  Oso larriak dira Euskal Herriko hainbat sektoretatik kaleratzen ari diren diskurtsoak; izan ere, gatazka militar hau  gerra interkapitalistatzat kokatu beharrean, demokratikoen eta autoritarioen artean kokatzen da. Are gehiago, sektore batzuek argi erakutsi dute Europar Batasunaren alde kokatu direla, Europako segurtasuna indartu beharra aldarrikatu baitute. Ezin dugu onartu Euskal Herri langilea zapaltzen duen aparatu inperialista hau babestea, hori baita gure herria zapaltzeaz gain, munduko beste herri langileak zapaltzen dituena.

 

Duela 36 urte ozen aldarrikatu genuen Euskal Herria ez dela inperialismoaren konplize izango, eta gure zeregin internazionalista da, agente inperialistak salatzeaz gain, Europako gainontzeko herri langileekin bat egitea, zapaltzen gaituen Europar Batasuna suntsitzeko.

 

Antolatzeko eta inperialismoari aurre egiteko garaia da.

 

NATO EZ HEMEN EZ INON!