Munduko preso politikoak kalera!
2004an izendatu zen apirilaren 17a nazioarteko preso politikoen eguntzat, Euskal Herrian egindako ekimen batean, munduko beste herri borrokalarietako kideekin elkarlanean. Elkartasun internazionalistaren adibide garbia izan zen orduko aldarrikapen hura. Gaur, mundu osoko hainbat txokotan milaka ohe hutsik dauden bitartean, oihu bera entzungo da kale, plaza eta basoetan: munduko preso politikoak kalera!
Mezu horren atzean, ordea, errealitate gordina dugu, komunikabideek etengabean manipulatzen duten errealitatea: zapaltzaileen indarkeria. Errepresioaren jopuntuan izango gara sistema kapitalista patriarkala desagerrarazi nahi dugunak. Herriok askatzeko eta zapalkuntzak deuseztatzeko borrokan gabiltzanak. Amalurra zaindu edota miseria salatzen dugunak. Aliatuak gara munduko langileok; guztiok gara zapaltzaileen etsaiak. Horrexegatik joko dute behin eta berriz gure aurka, sistema bidegabe eta kriminal batean bizitzera kondenatu nahi gaituztelako, zapalketa bide sotil edo gordinagoak erabiliz.
Gaurko egunez, Askapenatik munduko preso politikoen askatasuna aldarrikatzen dugu. Noski, ez dago esan beharrik oligarkiaren mesedetara diharduten mertzenarioak ez ditugula preso politikotzat.
Aurten, batez ere, gure begiak Europari begira ditugunez, kontinenteko preso politikoei zuzenduko gara, baina bereziki Korsikaren askatasunaren alde borrokan dabilen herriari nahi diogu elkartasuna helarazi. Europako herrion erresistentzia agerian uzten ari dira korsikar burkideak. Elkartasun internazionalistarik beroena Estatu frantziarrak erail berri duen Ivann Colonnaren senideei. Agur eta ohore! Ukrainako zalapartarekin ere ez genituzke albo batera utzi behar espetxeratuta dauden borrokalari antifaxistak, hain isilpean igarotzen ari direnak.
Dena den, argi utzi behar dugu ez ditugula munduko gainerako eskualdeetako preso politikoak ahanzten. Inperialismorik basatienaren hatzaparretan dauden burkideak dira, eta haien askatasuna geurea ere bada. Sionismo kriminalari aurre egiten ari diren palestinarrak, Irango kartzeletan dauden borrokalari komunistak eta emakume iraultzaileak, Kolonbian borrokari darraienak, maputxeak, sahararrak...
Hurbilagora itzuliaz, azpimarratu beharra dugu, giza eskubideen babesle mozorroa duen Europar Batasunak preso politikoak sorrarazten dituela eta sorrarazten jarraituko duela. Dominazio egitura den heinean, ezinezko zaie bestelako jendarte eredurik onartzea. Faxismoaren aurkako borrokan dabiltzanak eta baita hainbat askapen mugimendu ere horren lekuko ditugu. Baita adierazpen askatasun ezaren ondorioak sufritzen dabiltzan hainbat eta hainbat pertsona ere. Nork bere borroketan duen konpromiso politikoa da errepresioaren begi-puntuan egotearen giltzarria. Eta guzti hori demokraziaren eredu omen den Europa honetan.
Preso politikoz beterik daude Europako espetxeak eta denak nahi ditugu kalean, herrian. Espainiar eta frantziar hilketa-zentroetan dauden euskal preso politikoengandik hasita. Duela 18 urtetik hona sinbolo bilakatu den egun honetan, munduko preso politikoei egin diezaiekegun ekarpenik iraultzaileena geure borroketan berrestea da. Argi izanik, aldi berean, preso politikoak existitze hutsa geure helburuak lortzeko dugun konpromisoaren erakusle ere badela, eta etsaiek ez dutela etsiko gure aurkako borrokan.
Honenbestez, apirilaren 17 honetan, Europar Batasunari egiten diogun salaketaz harago, presoen izaera politikoa aldarrikatzearekin batera, guztien askatasuna exijitzen dugu Askapenatik.
Munduko preso politikoak kalera!