Maiatzaren lehenean, jarraitu internazionalismoan antolatzen
Maiatzaren lehena munduko langileriaren eguna bada ere, berez, langileen borrokarako egun izendatu zen 1889an. II. Internazionalak ezarri zuen egun hura aldarrikapen eguntzat, 3 urte lehenago Chicagon gertatutako sarraskiaren ondoren. Garai hartan, askotarikoak ziren langileriaren alde lan egiten zuten antolakunde eta mugimenduak, baina internazionalismoaren oinarria hartuta, munduko langile guztiok etsai berdina dugula, alegia, nazioarteko aliantzen beharrezkoatasuna aldarrikatzeaz haratago, Internazionalak sortu zituzten.
Asko izan dira azken berrehun urteetan sortutako nazioarteko aliantza eta estrategiak. Internazionalak izan arren ezagunenak eta nazioarteko borroka komuna abiatu zutenak, gerora ere egon dira aztertu beharreko egitura politikoak. II. Mundu Gerra amaitu eta Europa Gerra Hotzean murgilduta zegoen bitartean, kolonizatuta zeuden herri langileen askapena hasi zen. Afrikako eta Asiako herriek jarraipena eman zieten Abya Yalako askapen borrokei, baina, azken horretako neokolonizazio prozesua saihesteko, Bandungko konferentzia (1955) sortu zuten, independentzia lortu berri zuten herrialdeen arteko aliantza bideratzeko asmoz. Hamaika urte beranduago, 1966an, Afrika, Asia eta Abya Yalako hainbat Estatu, mugimendu eta alderdik Tricontinentala sortu zuten Habanan. Kolonialismoaren, neokolonialismoaren eta inperialismoaren aurkako aliantza sinbolikoetatik harago, herrion arteko elkartasun praktikoaren beharrezkotasuna aldarrikatu zuten. Betebehartzat definitu zuten, hain zuzen ere, Konferentziaren parte ziren mugimenduek babesa eta laguntza (ekonomikoa, politikoa nahiz militarra) ematea borrokan ari ziren herri langileei.
Gaur egun halako egiturarik ez daukagun arren, badira munduan zehar sortu diren eta sortzen ari diren aliantza estrategikoak, Abya Yalan, Hego Afrikan, Ekialde Hurbilean... Europako herri langileoi gure lurraldean antolatzea dagokigu, beti ere herri bakoitzaren izaera errespetatuz; izan ere, aliantzak ez dira soilik estatuen artekoak izan behar, nazio zapalduak eta askapen mugimenduak ere aliantzen parte izan behar dira.
Mundu osoko langileria antolatua egon behar bada ere, Euskal Herriko langileriari, zehazki, hemen antolatzea dagokigu; alde batetik, Euskal Herria nazionalki eta sozialki askatuko duen langile mugimendu iraultzailea antolatuz, komunismoa ipar izango duena, eta bestetik, Europan gaudenez, eta frantziar eta espainiar estatuen zapalkuntzaren menpe gauden heinean, bi estatu horien eta Europar Batasunaren aurka borrokan jarraituz. Horretarako, ezinbestean, Europako herri langileekin bat egin eta estrategia nahiz egitura komunak bultzatu beharko ditugu.
Askapenatik, Euskal Herria sozialista eraikitzeko lan egiten jarraitzera dei egiten dugu, burgesiaren eta beren kolaboratzaileen aurkako borroka izango baita Euskal Herriak estatu propioa izateko bidea, Euskal Herri langilea askatzea baita gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik handiena.
Hamaika herri, borroka bakarra!
Gora munduko langileria!
Gora Euskal Herria Sozialista!
2022ko maiatzaren 1ean
Askapena, Euskal Herriko Erakunde Internazionalista