NATO ez hemen, ez inon!
Ekainaren 29an eta 30ean NATOren goi-bilera izango da, Madrilen. 1949an sortu zenetik, lehen aldia izango da Estatu espainiarrean halako goi-bilera bat egingo dena eta, bilera hori, aurretik ezarrita bazegoen ere, besteak beste, Ukrainian eragindako gerraren inguruan neurriak hartzeko erabiliko dute. Erakunde militarra sortu zutenetik, Mendebaldeko burgesiak bere interes ekonomikoak defendatzeko armada izan da, eta bestelako bake gudarostetzat saldu nahi badigute ere, argi geratu da Ameriketako Estatu Batuetako nahiz Europar Batasuneko burgesien kapitala babesteko bakarrik balio duela, beharrezkoa dutenean ofentsiba militarrera jo eta behar dituzten herrialdeak inbaditzeko (Irak, Libia, Siria, Yemen,...).
Aurtengo goi-bilera, alde batetik, Donbasseko erresistentzia zapaltzeko erabiliko da; izan ere, 2014an faxismoaren aurka altxatu zirenez geroztik, gai izan dira, neurri batean, Europar Batasunaren hedapen ekonomiko eta militarra gelditzeko. Bestetik, Mendebaldeaz harago, mundu mailako armada bihurtu nahi dute, eta hori zehaztuko da, hain zuzen ere, Madrilgo goi-bileran. Azken urteotan, ez dezagun ahaztu, askotariko mugimendu militarrak egiten ari da NATO, Ukrainiako gudaz gain; badira munduan Mendebaldeko burgesiari interesatzen zaizkion beste hainbat fronte, hala nola Txina, Artikoa, Afrika eta Latinoamerika.
Aurreko inbasio inperialistetan bezala, gizateriaren aldeko gudatzat saltzen digute Ukrainian gertatzen ari dena, baina benetako izaera ezkutatzen digute. Asko izan dira gudaren aitzakiapean langile klaseari egindako erasoak; adibide argiak dira, besteak beste, lehengaien prezio igoera, energiaren prezio ordainezinak, askatasun zibilen ukapena... Baina neurri horiek ez ditu gudak sortu, aurreko bi urteetan Covid pandemiaren aitzakiapean hartutako neurriak birusak sortu ez dituen bezala. Burgesiaren ofentsibaren aurrean gaude, langile klaseak hamarkadetako borrokaren bidez lortutako garaipenak suntsitu eta beren irabazi tasa handitzen ari baitira.
Ofentsibaren aurrean bake abstraktuaz hitz egiten duten eragile eta alderdi politikoek egoera ezkutatzen dute, eta ofentsibaren babesle bihurtzen dira. Zentzu horretan, parlamentuan dauden alderdi politiko guztien erantzukizuna salatu behar dugu, bai gobernu autonomoek, bai zentralak hartutako neurri inperialistak babesteagatik. Burgesiak behar dituen neurri legalak babestean, langileriaren aurka egiten dute eta, hala, herri langileok erresistentziarako daukagun eskubide eta beharra suntsitu.
Beharrezkoa da aliantzak sortzea sistema beraren menpe gaude herrion artean eta, guri dagokigunez, bereziki, Estatu espainiar zein frantsesaren eta Europar Batasunaren aurka elkarrekin antolatzea. Nor bere herritik, baina estrategia konpartituekin. Zentzu horretan, NATOren goi-bilera Madrilen izatea ez da euskal langileriarentzat arrotza, ez da ez dagokigun zerbait; badagokigu. Azken finean, NATO Euskal Herrian dago; aipatu izan ditugu, behin eta berriz, hori erakusten duten hamaika adibide. Areago, internazionalismoa borrokan ari garen herrion behar estrategikoa da. Ez dugu lortuko Euskal Herri sozialista, ez baditugu borrokan ari diren herriekin aliantzak egiten. Kasu honetan, NATOren txotxongiloa den Estatu espainiarrak jazartzen gaituen herriok aritu behar gara elkarrekin. Beraz, internazionalistak garen heinean, gure beharra da, Gaztelan borrokan ari direnekin batera, guztiok zapaltzen gaituen tresna inperialistaren aurka antolatzea.
Horrenbestez, Euskal Herritik, dei egiten dugu NATOren aurka antolatzera. Hartu parte datozen deialdietan, eta salatu inperialismoa eta haren babesleak.
NATO, ez hemen, ez inon!
Hamaika herri, borroka bakarra!