2022KO BRIGADAK: GREZIATIK 1. KRONIKA
Greziaren azken urteetako historia datorkigu burura, Atenasera iritsi bezain pronto. Historia hori ezinbestekoa da gaur egungo Greziaren koiuntura politikoa zein ekonomikoa ulertzeko.
Zehazki zazpi urte igaro dira, 2015eko uztailaren 5ean, Greziar herriak ezetz (OXI) esan zienetik erreferendum bidez Europar Batasunak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak ekonomiaren erreskaterako ezarritako baldintzei. Nahiz eta Troikak Greziar herritarren artean beldurra eta mehatxuak sustatu, prest zegoen ezetzak ekar zitzakeen eta sor zitekeen testuinguru berriari aurre egiteko. Baina urte bereko uztailaren 12an, Gobernuak, Alexis Tsipras lehen ministro zuela, Troikaren III. Memoranduma eta bertan adierazitako baldintzak onartu zituen. Eskakizun horiek maila askotako ondorio lazgarriak izan zituzten Greziako herriarengan, eta, brigadan zehar ikusten ari garean moduan, izaten jarraitzen dute.
Baina ez da greziarrek inposizioei eta eraso faxistei aurre egiten dieten lehen aldia. 1940 eta 1941 urteetan, aurre egin zioten nazien, italiar eta bulgariar faxisten inbasioari, baita hura sostengatzen zuten kolaboratzaileei ere. Eredugarria da urteotako erresistentzia. Horrez gain, 1973ko azaroan, era masiboan jardun zuten diktaduraren erregimenaren aurka. Horra hor Atenaseko unibertsitate politekninoan egindako borroka.
Historikoki, inperialismo ingelesak eta estatubatuarrak jazarri egin izan du herri greziarraren erresistentziarako nahia; izan ere, II Mundu Gerraren ostean, gogor zapaldu zituzten ezkerreko gobernua ezartzeko saiakerak. Ekimen horietako bakoitzak greziar nazio askapen mugimendutik oinordetzan hartutako erresistentzia antifaxistaren tradiziotik edaten zuen. Gaurdaino dirau greziar herriaren subiranotasunaren jazarpen-politikak eta bahiketak.
Egun, desmobilizazio-ziklo batean sartu gara, zorraren krisian Troikak hartutako neurri austerizidoei Grezian eta Europar Batasuneko beste herri batzuetan emandako erantzunen ondoren. Erabat hedatu den sinismena da Europar Batasuna eta haren praktika txantajistak (herri-subiranotasunen aurka) garaitezinak direla, eta desmobilizazio-ziklo horren eragile zuzena izan da hori barneratuta izatea. Disidentziarako asmo ororen eredu izan zen Grezia. 2015eko erreferendumaren egun berean, bankuak itxita egon ziren; kutxazainetan ere diru-kopuru mugatua eskura zitekeen. Herrialdea ekonomikoki eta sozialki kolapsatzeko mehatxuen helburua argia zen: argi uztea Greziaren subiranotasun ekonomikoa EBko finantza-eliteen interesen menpe zegoela. Era berean, egokitze-neurriak zalantzan jartzera ausartzen zenari zigorrak ezartzen zitzaizkion. Horretarako, erreferendumaren ebazpenaren ostean ezarritako memorandumak ekonomia greziarraren aurkako baldintza murriztaileak jasotzen zituen, aurrekoan ukatutako memorandum hartan jasotzen zirenak baino are murriztaileagoak.
7 urte geroago, “Troikari Ezezkoa” ausardiaz eta erresistentziaz beteriko ariketatzat gogoratzen da. Hala ere, herrialdeko botere publikoen traizioak eta Europako botak Greziako lepoan, langile-klaseari sekulako kaltea egin diote, bai eskubide material eta sozialen eremuan, bai antolatzeko aukeretan.
Europako eliteek beste ekonomia krisi-ziklo bat datorrela esanez mehatxatzen dute, eta ozen aldarrikatzen dute haren jatorria pandemian eta Ukrainako gerran dagoela. Hala ere, hegoaldeko ekonomia askok, batez ere Greziakoak, ez dute krisia besterik ezagutu duela 15 urtetik hona. Erreskateak ezarritako baldintzek, hain zuzen ere, zorra, prekarietatea eta pobrezia areagotu dute. Lehen memorandumean, Greziako zorra BPGaren %120koa zen; orain, %200etik gorakoa da, eta EBZak ezarritako interes-tasa %3koa da. Greziako ekonomia erabat bahituta dago. Hala, egungo baldintzak kontuan hartuta, 100 urte beharko liratezke zorra ordaintzeko. Are gehiago, ekonomia gehiago tertziarizatu da: EBn sartu aurretik, Greziako nekazaritza-ekoizpena BPGaren %13 zen, orain %3 baino ez da. Erosteko ahalmena jaitsi egin da, % 12,1eko inflazioa eta gutxieneko soldaten eta pentsioen murrizketa sistematikoa direla eta, eta, ondorioz, Grezia, EBn, posizio prekarizatuenetako eta menpekoenetakoan dago.
Greziak argi erakusten du, burgesiaren eta bere kapitalen metatze-zikloa eta irabazi-tasa bermatzeko, kapitalismoak duen erantzun bakarra esplotazio handiagoa, kapital-kontzentrazio handiagoa eta indarkeria eta errepresio handiagoa dela. Hori bera frogatzen dute Alexandros Grigoropulosen, Pavlos Fyssasen eta Vassilis Magoradoren erailketek. Haiek gogoratu nahi ditugu; erresistentzia antifaxistaren adibide, poliziak eta Amanecer Dorado alderdi politiko neonaziak erailak.