2022KO BRIGADAK: BOLIVIATIK 1. KRONIKA

PAROAK ESTATU KOLPEAREN AURREKARI

 

Gaur, uztailaren 25ean, Santa Cruzek berriz ere paro cívico bat bizi izan du, oraingoan, egun bakar batekoa. 2019koa, ordea, estatu kolpearen aurrekaria, 21 egunez luzatu zen.

 

Paro cívikoak Comité Cívico Pro Santa Cruzek deitzen ditu. Komite hau departamenduko oligarka eta enpresariek osatzen dute, eta paroak herri ekimenak direnaren ideia zabaldu nahi izan duten arren, indar kontserbatzaileek zuzenduriko estrategia aurrez pentsatuaren parte dira guztiz. Paroak deitzerakoan, helburua jarduera ekonomikoa etetea bada ere, galera ekonomikoak langileek pairatzen dituzte soilik. Izan ere,  enpresaburuek langileak behartzen dituzte haien lanpostuetara agertzera eguneko soldata edo lanpostua bera ere ez galtzeko.

 

Gainera, egun hauetan,  langileek lanpostuetara heltzeko eta lan egiteko zailtasunak izaten dituzte, comite cívikoak eta bertako eliteek ordaindutako taldeek kale eta errepideak blokeatzean baitituzte deialdiaren jarraitzaileekin batera. Halaber, irekitzen dituzten saltokiak ere erasotzen dituzte.

 

 

Hortaz, ikus dezakegu enpresak berak direla aldi berean paroa konbokatzen dutenak eta haien langileak bertaratzera behartzen dituztenak. Era berean, lan autonomoa dutenek, %70ak, hain zuzen, egunez egun bizi dira, eta hemen gehiengo batek eguneroko soldata beharrezkoa du bizirauteko. Beraz, langileriaren zati handi baten borondatearen kontrako lan uzteak izaten dira paro cívikoak.

 

Honen aurrean, gobernuaren aldeko ezkerreko indarrek langileen eskubideak defendatzen eta blokeoei aurre egiten saiatzen dira. Honek tentsio handia sortzen du, gertaera biolentoak eta zaurituak eraginez.

 

Santa Cruz Boliviako departamendu aberatsena eta kontserbadoreena da, identitate "cruceño" propioa aldarrikatzen duena, eta honako paroak gobernu zentrala presionatzeko erabiltzen ditu. Horren lekuko dugu, esaterako, 2019ko estatu kolpea.

 

 Hauteskundeen aurretik, indar kontserbadoreak dagoeneko gobernu zentralaren zilegitasunaren aurkako hainbat tresna bateratzen hasi ziren. Batetik, Santa Cruzeko departamentuko Chiquitania eskualdeko suteen kudeaketa desegokia egotzi zioten La Pazeko gobernuari, komunikabideen propaganda masiboaren bidez, hain eurena zuten Chiquitaniako natura hiltzen uzten ari zela zabalduz. Bestetik, Santa Cruzeko identitatearen inguruko diskurtsoaren garapenari indarra eman zioten, gobernu estatalak haien departamendua kontutan hartzen ez zuela eta gutxiesten zuela hedatuz.  Gainera, MASek hauteskundeak irabaztekotan halabeharrez iruzurra izango zela hedatzen hasi ziren ordurako.

 

Hauteskunde garaia heldu zenerako, giroa landua zuen eskuinak jada. Bozken kontaketa azkarrak adierazi zuen MASek oso ezberdintasun gutxirekin irabaziko zituela hauteskundeak, eta beraz, bigarren buelta egongo zela. Baina lehen kontaketa hauek hiriburuetan egiten dira batez ere, alegia, leku kontserbadoragoetan. Beraz, bozka guztiak zenbatu eta landa eremukoak batu ostean, MASek garaitu zuen bigarren bueltarako beharrik gabe. Baina dagoeneko eskuinak egina zuen bere lana eta hedatua zuen aspaldi iruzurraren ideia. Jendearen iruditegian ondorengo dikotomia txertatu zuten: oposizioa demokratikoa eta askatasunaren aldekoa zela, eta gobernua, aldiz, diktatoriala eta errepresiboa. Ondorioz,  paro cívicoa martxan jarri zuten eta protesta hauek Santa Cruzetik estatu osora zabaldu ziren. Estatu kolpeak MASen gobernuaren dimisioa eta Evo Moralesen erbesteratzea eragin zituen, Jeanine Áñezen lehendakaritza ezarriz.

 

Gerora, MASek hauteskundeak irabazi zituen berriz ere, eta Jeanine Áñez epaitegiek 10 urtera kondenatu dute. Hala ere, ikus dezakegu eskuineko indarrek oraindik ere paroaren metodoa erabiltzen jarraitzen dutela ezkerreko gobernua desegonkortzeko eta haien nahiak inposatzeko.

 

Beraz, Boliviako eskuinak paro antidemokratikoak herri ekimen bezala mozorratzen segitzen du, herriak aurrera jarraitzen duen bitartean.