2022KO BRIGADAK: VENEZUELATIK 1. KRONIKA
VENEZUELAKO COMUNAK, SOZIALISMOA ERDITZEKO BIDEA.
20 urte pasa dira Chavez komandanteak Estatu Kolpea garaitu zuenetik. 20 urte inperialismo norteamerikarrak tutelatutako oligarkia nazionala menderatu zuenetik. 20 urte iraultza bolivartarraren hastapenetatik. 20 urte Venezuelako herriak prozesu sozialista ereiten hasi zuenetik. 20 urte inperialismoari aurre egiten, blokeo, santzio eta edozein oztoporen gainetik eraikitzen.
Miguel Mazzeok esaten zuen moduan “Venezuela bere kontraesanetan eraikitzen den estatua da”. Chavezen arabera, sozialismoa eraikitzeko modu bakarra Venezuelako gizartean dirauten zapalkuntzak eta esplotazioa desegiteko gai zen herri-boterea eraikitzea zen. Era berean, hura lortzeko modu bakarra oinordetzan jasotako Estatu burgesaren formak erabat haustea zela uste zuen. Hortaz, prozesu iraultzailea Estatutik estimulatu, baina oinarritik eraiki behar den prozesua dela uste zuen komandantateak. Botere estatala eta herri boterearen arteko tentsio konstantean aurrera eginez, harreman erabat dialektikoa garatuz.
Ez da bide erreza izan, eta prozesu iraultzaile guztietan bezala tentsioak, kontraesanak, argiak eta itzalak egon dira. Are gehiago blokeoa eta santzioek eragindako krisi testuinguruan. Hala ere, erresistentzia eta duintasun eredua izan da munduko iraultzaile guztiontzat Chavismoa zein iraultza bolivartarra.
Dagoeneko 9 urte pasa dira Chavez komandantearen heriotzatik. Bere legatua, berriz, inoiz baino biziago dago antolatzen eta borrokan jarraitzen duten milaka Venezolarren bihotzetan. Horren adibide Venezuelako txoko guztietan etengabe hazten eta hedatzen doazen milaka Comunak.
Proiektu-komunala sozialismorako bide gisa.
2007tik aurrera, Chavez komandanteak iraultzaren norabide sozialista berretsi ondoren, herri-botereak forma zehatzagoak hartu zituen. Arlo instituzionalari dagokionez, Estatu Burges Liberalaren agorpenari erantzun bat eman behar zitzaiola uste zuen Chavezek. Arlo politikoan, berriz, alderdi biko klintelismoa apurtzea ezinbestekoa zen eta arlo ekonomikoan, metaketa eredu rentista eta monopolistarekin bukatzea premiazkoa zela argi zuen. Hortaz, testuinguru honetan jarri zuen mahai gainean estatu komunalaren proiektua sozialismorako bide gisa.
Pixkanaka, proiektu-komunala eraikitzeko oinarri politikoak finkatzen joan ziren, borroka ezberdinen berotasunean sortzen ari ziren herri-mugimenduen sintesi gisa.
“Gogora dezagun sozialismoa espiritu bat baino ez dela hasiera batean. Hortaz, premiazkoa dugu proiektu sozialistari oinarri materiala ematen hastea. Horretarako Comunen frontean, herri-boterearen estrukturetan, langile mugimentuetan… masiboki sartu behar gara.” Hugo Chavez, 2008an.
Comuna herri-botere eta subiranoaren epizentrotzat hartu zuen Chavezek. Ez zuen nahi estatu-komunalak aurreko estatu burgesa ordezkatzea, baizik eta hura gainditzea, borroka-espazioak berreraikitzea eta bizitzaren egunerokotasuna berriro politizatzea. “Comunak zelula sozialista bihurtu behar dira. Bertan errotu behar dira miseriaren kontra borrokatzeko egiten ditugun esfortzu etiko, moral, politiko, ekonomiko eta sozial guztiak.” Hugo Chavez, 2008.
Chavezek teorizatutako guztia ez ziren haizeak eraman zitzakeen hitzak izan, proiektua zehazteko balio estrategiko handiko lege eta arau garrantzitsuak ezarri zituen. Hauek Herri-Boterearen Legeen eta beste tresna juridiko batzuen inguruan kontzentratzen dira. Horrek oinarri juridiko sendoa ematen dio gaur egun ere proiektu-komunalari.
Union Comunera antolakundea, eraldaketarako hazia.
Horren adibide gisa nazio mailako Union Comunera antolakundea dugu, 2019an eratu zena. Union Comunera tresna politiko integratzailea da, herri mugimendu chavista borroka programa bateratu baten inguruan biltzen duena. Gaur egun 65 komuna daude Union Comuneraren barruan eta etengabe haziz doan potentzial handiko antolakundea dela esan daiteke.
Union Comunera Mugimendu Politiko Nazional gisa definitzen da, eta sozialismoaren, borroka anti-inperialistaren, feminismo komunalaren, ekologismoaren eta Estatu-Bolivartar eta Chavistaren banderak altxatzen ditu. Mugimenduak aniztasunaren batasuna eta etika sozialista defendatzen ditu printzipio nagusi gisa, hausnarketa eta ekintza iraultzaile iraunkorrarekin batera.
Union Comunera, beraz, mugimendu sozialista eta Chavista gisa eratu zen, eta bide komunala estatu burgesaren eta sistema kapitalistaren egiturazko krisiaren aurrean alternatiba nagusitzat hartzen du. Hortaz, estatu komunala gauzatzeko apostu irmoa egin dute, Chavez komandanteak planteatutako Sozialismo Bolivartarra lortzeko bide gisa. “Comunak dira Venezuelako komunitate sozialista ereingo duten hazia. Venezuelako herriak Comunetan erdituko du sozialismoa.” Chavez, 2008an.
¡Comuna o Nada!
¡Independencia, Comuna y Socialismo!