2022KO BRIGADAK: ARGENTINATIK 1. KRONIKA
ARGENTINA: INPERIALISMO ETA NEOLIBERALISMOA vs KOMUNITATE ETA ERRESISTENTZIAK
Argentina. Interneten herrialde honen izena bilatuz gero, klik batean postal eder bat agertuko zaigu. Tangoa. Paraje ikusgarriak. Futbola. Alfajoreak eta haragia. Matea. Hiribide amaitezinak. "Paris Latinoamerikarra". Baina zer dago erakuslehioaren atzean? Zein da 15 miloi biztanle dituen herrialde honen errealitatea?
Gogor kolonializatutako herria izan da, lehenik espainiarrengatik, baina gerora europako herrialde ezberdinengatik, ingelesak kasu. Herri originarioak ia desagerrarazi ostean eskuratu zuten lehen independentzia, baina ez zuten koloniarekiko kate sendorik askatzea lortu. Munduaren orden berriaren izenean AEBren inperialismoaren dependiente bihurtu baitziren.
1976a adibide adierazgarria da, militarrek logika zehatz baten barruan burutu baitzuten estatu kolpea. Diktaduraren atzean “Operación Condor” plana kokatu behar dugu. Plan honen helburu soila ez zen Argentinako herria zapaltzea, handik haratago Latinoamerika osoan ematen ari zen subiranotasun prozesua zapaldu nahi izan zuten diktadura ezberdinen bitartez. Izan ere, garai hartan ugariak ziren sistemaren aurka altxa eta estatu eredu antikapitalista zein subiranoa borrokatzen zuten herri antolakundeak, bigarren independentzia erreal baten alde bizitza ematen zutenak. Hau dela eta, AEBren aginduak txakur on baten legez betez, militarrek eraikuntza hori indarkeriaren bidez eten zuten. Honi esker, Argentinako eta Latinoamerika guztiko oligarkiak herrialdeko aberastasuna lapurtu zezakeen, bien bitartean AEBk haren "patio trasero"a kontrolpean zuela.
Diktadura militarra amaitu ostean asko izan dira gobernuan jarritako presidenteak eta bat berak ere ez, ez du Plan Condorren abiaturiko logika neoliberala bertan behera utzi. Are gehiago, diktadura osteko urteetan zerbitzu zein baliabide naturalen pribatizazioa etengabea izan da. Hain zuzen ere, horrek ekarri du mundu mailako estatu aberatsenetako baten biztanleriaren erdia baino gehiagoren pobretzea.
Hemen, ordea, historiak kontatzen ez dituen istorioak barnebiltzen ditugu. Testu liburuetan agertu ez diren emakume horiek bizirik diraute Argentinako auzo eta herrietan. Erre, erail, bortxatu, torturatu eta desagerrarazi zituzten emakume guzti horien borrokek oinordekoak dituzte eta zalantzarik gabe haien eskuetatik iritsiko da egoera iraultzeko kemena.
***
YOLANDA DIAZ (FLORENCIO VARELA)
Argentina kontrasteen herrialdea da. Hegoalde eta iparraldea. Kostaldea eta barnealdea. Auzo aberatsak eta villak. Zentroa eta periferiak. Buenos Aires kapitala eta probintzia. Azken honetan kokatzen da Florencio Varela, Buenos Abireseko probintzian dagoen auzoa. Hiriburutik irten ahala, paisaia aldatzen doa, errepide eta etxeen kalitatea okertzen doa, hiribideak desagertu egiten dira eta gorbatadun negozio-gizonak eta kamaradun turistak, klase popularretako auzokideengatik dira ordezkatuak. Florencio Varelako lurra kalitate handikoa eta oso emankorra da. Hemengo ortuetatik Buenos Aireseko merkatuetako produktu gehiena eskuratzen da. Baina bertan bizi diren familia askoren kezka nagusia eguneko hiru otorduak jan ahal izatea da.
Auzoan, zaila da Yoli ezagutzen ez duen norbaitekin topo egitea. Yolik herrialde honetako hainbat emakumeren historia gorpuzten du. Guk bere jantokian ezagutu dugu, baratzetik jasotako produktuek betetzen dute mahaia eta irribarre eder batekin erakutsi dizkigu "txantxo" zein antxumeak. Suaren beroak baino, bere indarrak goxatzen du sukaldea. Langile familian jaioa, txiki txikitatik ikasi zuen etxe batzuetan lan egitea ez dela aukera bat, behar bat baizik. Bere 60 urterekin miseria gordina ezagutu du eta herrialde honetan egunero hazten den pobrezia tasa horren parte da (2021ean %40koa zen, 2022an %60koa da). Argentinan aldaketa politiko eta sozial handiak bizi izan ziren garaietan bizi izan zituen Yolik haurtzaro eta nerabezaroa. Txikitatik interes handia izan zuen politikan eta lan txikiak egiten zituen bitartean, zulodun zapatilekin karrikak gora eta behera zeharkatzen zituela, kalean eta izkinetan eztabaidetan alaiki ibiltzen zen. 15 urte bete zituenerako, 8 lehendakari ezagutu zituen, haietako sei militarrak.
Errealitate honetan beraz, zer egin daiteke? Nola berrantolatu langile klasea langabezi tasa hain altua duen periferian? Nola piztu klase kontzientzia egunero jatekorik edukiko duenik ez dakien horretan? Yolik argi dauka. Autogestioa, burujabetza eta komunitatea ardatz hartuz. Yolik bere etxeko egongelan hasitako proiektuak, gaur egun San Luiseko lurralde zabala hartzen du. Bertan 40 familiek bazkaltzen dute egunero, eta inguruko hainbat auzokidek lurra landu, animaliak zaindu, janaria ekoiztu eta jakintza teknikoak eskuratzen dituzte. Baina San Luiseko proiektu honen funtsa askoz haratago doa: Convocatoria Segunda Independencia antolakundeak koordinatu eta saretzen dituen beste hainbat komunitaterekin batera formakuntza politikoa jasotzen dute proiektuko kideek, baita herrialde osoan zehar hainbat ekintza eta mobilizazioetan parte hartu ere. Esate baterako, testuinguru politikoa ulertzeko saioak antolatzetik, gobernuaren murrizketen aurrean bide mozketak burutzeraino. Yolik eta Argentinako beste "Yoli" askok oso argi daukatelako aldaketa behetik eta ezkerretik etorriko dela. Auzo eta periferietatik. Aldaketa herrialde honetako desjabetuek burujabe izateko proiektu integral batetik pasatzen dela, non esplotatzaileen kateekin apurtuz, ekoizpen medioak berreskuratu, eta herri boterearen indartzeari atea zabaldu behar zaion. Honen bidez langile borroka berrantolatu eta historian noizbait utopia moduan ikusi zen estatu kapitalista eta hiltzaireakin akabatzea errealitate bihurtuko da.
MARIA NAHUEL (BARILOCHE)
Hegoaldera, Florencio Varelatik 1600kmtara, mendiak ikusten hasten diren tokira jarraituta, behin Maputxeena izan zen lurraldera iritsi gara, Barilochera. Bertan, Mariarekin elkartu gara bide gurutze batean. Hasieran mesfidati begiratu gaitu, baina gure herrialdearen berri izan bezain pronto leundu dira ximurrak eta irribarre konplizea eskaini digu. Janzkera eta hizkera ezberdinak gainditu ditugu eta elkarlanerako estutu dugu eskua.
Maria epaitegien inguruan ibili ohi da, bere herria defendatzen, epaiketa politikoak salatzen edota poliziak eraildako bere iloba zen Rafa Nahuelen heriotza mendekatzen.
Maria Nahuel Lok Lacken Winkul Mapu komunitateko erreferentea da. Familia maputxe jatorrikoa izanda, lehenengo pertsonan jasan izan du estatuaren errepresioa. 12 urterekin kartzelan egon zen, oraindik ez daki zergatik. Zein da Maputxeen delitua? 1878. urtetik eman zen "Desertuko kanpainian" eta horren ostean etorri diren herri honen lurren lapurretak salatu eta haiek berreskuratzea.
Argentinako hegoaldean, Benettonek, Lewisek eta beste zenbait filantropo zein multinazionalek Maputxeen lurrak pribatizatu dituzte, bertako biztanleak desertura bidaliz eta gune naturalak kapitalaren zerbitzura jarriz.
Maputxe herria herri borrokalaria izan da historikoki eta gaurko borrokak, lurrak berreskuratzetik haratago, haien bizimodua, hizkuntza eta kultura berreskuratzean datza. Winkul komunitatean sortu da bi belaunalditan galdutako lehenengo Machia, hain kultura anzestralean dagoen botere eta jakinduria figura bat da honakoa. Mariaren alaba da kasu honetan. Honek berebiziko garrantzia du, Txilerekin (Gulu Mapu) alderatuta, hau guztia galduta zegoelako Argentinan (Puel Mapu).
Winkul komunitatearen gaur egungo territorioa 2017. urtean berreskuratu zuten Parke Naturalen eskuetatik. Lurra hauen eta Jesuiten artean banatuta zegoen. Hain zuzen ere, Mascardi jesuita kolonizatzaile eta bortzatxaile bat izan zen. Urte honetan lurraren usurpazioaz akusatuak izan ziren eta ordutik epaitegietan dago kausa. Hau idazten dugun bitartean, Jesuitek jarritako salaketari aurre egiten ari dira. Baina Winkulek argi eduki dute beti, ez dute ezer lapurtu, lege zaharrak zor diena berreskuratu baizik. Estatua tankeekin datorrenean, haiek harriekin erantzuten dute.
Errepresioa oso bortitza da herri honen kontra, ez soilik estatu burgesak aplikatzen dituen legeengatik, baizik eta Maputxeen existentziak berak kolokan jartzen duelako sistema kapitalistaren beharra. Maputxeek haien bizimodua eta kultura berreskuratuz gero, sistema kapitalistaren porrota eta beste bizimodu batzuen adibide izango lirateke eta estatuak ezin du hau onartu. Guda mendian dago: multinazionalak, instituzioak, estatua eta kapitala Vs Komunitatea, herri originarioak, natura eta elkarzaintza.
Adierazgarria da, beraz estatua Maputxe herriarekin akabatzeko dauzkan baliabide guztiak erabiltzeko prest dagoela. Herrian presente dituzte Rafa Nahuel eta Santiago Maldonadoren erailketak. Rafa Nahuel Winkul komunitateko kidea zen, Mariaren iloba. Rafa beste hainbat gazte maputxeren moduan, hirian bizi zen gaztea zen, bere identitatea topatu eta ulertzeko prozesuan murgilduta zegoena. Honen erdian, bere jatorrizko komunitatera itzultzea erabaki zuen, baita lurraren defentsa egin ere, zoritxarrez polizia federalak tirokatu egin zuen. Poliziaren deklarazioen arabera, aurrez aurreko borroka izan zen, baina testigu zein frogek egiaztatu dute korrika ihes egiten ari zela bizkarretik tirokatu zutela.
Herri originarioen ahotik dator Argentina itotzen duen krisi sistemikorako beste konponbide bat. Mendeetan zapalduak izan direnen ahotsek asko dute etorkizunari eskaintzeko, izan ere, haiek dakarte sistema kapitalista iraultzeko beste modu bat.
NORA CORTINAS (BUENOS AIRES)
Buenos Airesera bueltan, edozein martxa edo aldarrikapen ekintzatan, ikus daiteke Nora. Gu zehazki Plaza de Mayon elkartu gara berarekin, ostegunero lez desagertuak oroituz. Herrialde honetako ama eta amamen islada da Nora, herriak goxotasunez esaten die "Madres de la plaza, el pueblo las abraza", izan ere, herriaren mina, haserrea eta kemenaren gorpuztea dira. Indarrez politizatu ziren, soilik maitasunetik atera daitekeen indarra erabiliz.
Argentinak diktadura ugari bizi izan ditu, baina azkenak (1976-1983) erakutsi zuen estatu terrorismoaren aurpegirik gordinena. Estatu eredu zein mundu berri baten alde zeuden iraultzaileak bahitu, torturatu eta desagerrarazi egin zituen sistematikoki.
Gaur egun 30.000 desagertu aldarrikatzen ditu herriak; memoria, justizia eta egia lelopean.
Lanketa horretara iristeko ezinbestekoa da diktadurapean zapi zuria buruan plazara atera ziren dozenaka ama horiek gogoratzea. Horien artean zegoen Nora Cortiñas, bere seme Gustavoren desagerpena estatuari leporatuz eta beldurrik gabe militarrei aurre egin zien ama kementsua.
Haien aldarrikapen lan etengabeari esker dozena bat izatetik milaka izatera iritsi ziren eta gaur egun oraindik ere, haien gorputzek ostegunero betetzen dute Plaza de Mayo. Lan nekaezin honi esker diktadura osteko gobernuak estatu krimenak salatzen eta kondenatzen hasi ziren. Herriak ere justizia eskatzen zuen eta sarraski horren arduradunak epaitzeko beharra kaleratu zen.
Nestor Kirchner presidenteak eman zion bereziki bide prozesu honi, baina arrisku handia zekarren bere egitekoak. Kirchner presidenteak torturatzaile eta hiltzaileak kondenatu zituen, baina aldi berean gerra parametroetan planteatu zuen gatazka, honen ondorioz bizirik zirauten iraultzaile asko ere kondenatuak izan ziren.
Gerora memoriaren inguruko lanketa garatu zen eta 30.000 desagertu hauei egindakoa azaldu zen, beraiek defendatzen zuten proiektu politikoa, ordea, ezkutatu nahi izan zuen gobernuak.
Honetan ere, Nora eta beste hamaika ama oldartuta atera ziren kalera. Haien seme alabak ez zituzten edozergatik erail, haien seme alabak iraultzaileak ziren, proiektu politiko garbia zuten: Argentina subirano eta sozialista baten eraikuntza, eta horregatik hil zituzten. Are gehiago, haien memoria eta justizia aldarrikatzen den bitartean, haien borrokak plazaratzea ere ezinbestekoa dela azpimarratu dute behin eta berriz.
Gainera, internazionalismoak dakarren goxotasunari jarraiki, Norak semearen aldarrikapenetik haratago, Argentinako eta mundu mailako borroka ugaritan hartu du parte. Haren semeak mundu hobe bat nahi zuen eta berak ere bide bera jarraitu du.
Memoria, Justizia eta Egia. Ez dezagun ahaztu zergatik akabatu zituzten, ez dezagun haien proiektu politikoa malkoen atzean ezkutatu. Banderak besoan eta haien memoriaren omenez proiektu politikoa defendatzeko garaia da.
***
Emakume eredugarri hauen itzaletan daude bizi duten krisi egoera iraultzeko bideak. Sistematikoki zatitua izan den herriak tresna ugari ditu eskura, baita borrokarako prest dauden emakume kementsuak ere. Bada diktadura, inperialismo eta kolonialismoaren kate pisutsuak hautsi eta iraultza egiteko garaia. Bada benetako independentzia bat eskuratu eta herri boterea berreskuratzeko garaia.
"Somos las mujeres las que bancamos las ollas"