Urriaren 12an, inperialismoaren aurrean, herriok erresistentzia!

Beste urte batez, potentzia kolonialek Latinoamerikan egindako genozidioa gogorarazi behar dugu, ezinbestean. Beste urte batez, Mendebaldeko burgesiak langile klasearengan egindako basakeria salatu behar dugu. Hala ere, aurten, ez dugu Latinoamerikako bizitza nola suntsitu duten aztertzea soilik nahi; areago, Europako gizartean, eta, noski, Euskal Herrian, gero eta sustraituago dagoen kontzientzia inperialista jarri nahi dugu mahai gainean.

 

Euskal Herriaren historiaz hitz egitean, herri honen izaera borrokalaria goraipatu izan da. Baina badira euskal historian zehar aurre egin diegun etsaiek bezainbesteko zitalkeria erakutsi duten pertsonaiak.

 

Aurten, duela 500 urte Juan Sebastian Elkanok “munduari itzulia” eman ziola ospatu da. Nahiz eta zibilizazioaren historia geografikoaren kapitulu bat gehiagotzat saldu diguten, festa eta ospakizunerako gertaeratzat, euskal instituzioek goraipatzen duten gizonak ateak ireki zizkion burgesiaren interesei erantzun zien beste inbasio kolonial bati. Hainbat erakundek goraipatu dute Elkanoren izena, historia unibertsalaren izenean, eta albo batera utzi dute, apropos, haren jardunaren benetako muina: mundu osoko ateak irekitzea Europako kolonialismoari. Beren burua ezkertiartzat eta antikolonialtzat aldarrikatzen duten hainbat erakunde eta alderdik defendatu egin dute bai Elkano, bai Eusko Jaurlaritzak ezarritako irailak 6 jaieguna.

 

Gaur hainbat adierazpenek salatuko dituzte Estatu Batuen eta Europar Batasunaren inperialismoaren eraginak munduko hainbat txokotan. Are gehiago, 1492ko urriaren 12 hartatik aurrera inperio espainiarraren soldaduek egindako krimenak ere kondenatuko dituzte. Baina adierazpen horiek ez dute ezer esango Euskal Herritik garatutako inperialismoaren inguruan, ezta historiako euskal pertsonaia ospetsuak identifikatzearen eta salatzearen beharraz ere. Euskal instituzioak defendatzen jarraituko dute, baita espainiarrak eta frantsesak ere; NATOren banderapean egiten dituzten sarraskiak defendatzen jarraituko dute.

 

Ez du ezertarako balio iraganera begiratzeak eta hura kondenatzeak soilik. Harengandik ikasi behar dugu, eta inperialismoaren aurka borrokan jarraitu, gure lurretatik egiten den horretatik hasita. Antolatu egin behar gara aski indartsua izango den masa soziala eratzeko bai Euskal Herri mailan, bai nazioartean, inperialismo historikoari eta egungo burgesia atlantistek martxan jarritako ofentsiba inperialistari aurre egiteko. Horregatik, urriaren 12 honetan, dei egin nahi dugu NATOren inperialismoaren aurka eta Europar Batasunak langile klasea otzantzeko ezarritako murrizketa neurrien aurka antolatzera.

 


HAMAIKA HERRI, BORROKA BAKARRA!

 

Askapena, Euskal Herriko erakunde internazionalista

2022ko urriaren 12an