A17. Elkartu besoak, ukabilak gora!
Apirilaren 17an, preso politikoen nazioarteko egunean, beste behin ere herri langileok jasaten dugun errepresioa salatu beharrean gaude. Egun honetan, urtero bezala, geure agurrik beroena helarazi nahi diegu munduko preso politiko guztiei eta, bereziki, euskal preso politiko guztiei. Haien herrien zapalkuntzaren aurrean askatasuna erdiesteko borrokatzeko hautua egin, eta haien askatasuna ematen ari diren horiei guztiei.
Urtarrilean argitaratu genuen txostenean genioen moduan, errepresioa sistema gisa ulertzea ezinbestekoa da edozein askapen prozesu garatzeko orduan. Batetik, biolentzia espliziturik gabeko testuingurutan errepresioaren tamainaz jabetzeko; eta bestetik, errepresioa poliziaren eta epaitegien bortxaz harago aztertzeko (hezkuntza sistema, Zuzenbidea, genero zapalkuntza, arrazismoa, erlijioa...). Errepresioa sistema gisa ulertzean, proiektu kapitalista garatzerakoan burgesiaren biolentziak dituen hamaika aurpegiak azaleratzen ditugu. Argi dago dominazio sistema kapitalista gainditu arte ezingo dugula errepresioa gainditu, ezingo dugula bakerik izan.
Preso politikoak izatea bera da horren adierazlea. Zapalkuntzaren kontziente izan eta honen aurrean antolatu eta borrokatzearen ondorioz baitaude preso, izan Palestinan, Kurdistanen, Txilen, Italian, izan Euskal Herrian. Eta hori gertatzen da ez delako demokrazia posiblerik dominazio kapitalista den bitartean; herri langileen zapalkuntzan oinarritzen den sistema batean ez baita askatasunerako tarterik. Eta hauxe da hain modu zitalean inposatzen zaigun ataka: asimilazioa eta bortizkeria jasatea.
Hala, terroristak izango dira ezarritako statu quoari aurre egiten dioten horiek. Diskurtso eta legedia antiterroristak erabiltzen dituzte tresnatzat. Honela, inpunitateari bide eman eta jendartea otzan mantentzeko eredugarri diren salbuespenezko politikak garatzen dira: antolakunde terroristen zerrendak, herrialde terroristak, tortura, paramilitarismoa, gerra zikina, espetxe zigor larriagotuak, bermerik gabeko prozesu judizial eta politikoak...
Borrokaren zilegitasuna berrestea baino ez dagokigu, beraz, behin hau guztia esanda. Herrien heriotzarako kondenaren aurrean, borroka baita biziraupenerako duten berme bakarra; Palestinan edo Kurdistanen dioten moduan, erresistentzia bizitza baita.
Baita Euskal Herrian ere. Batetik, gure herria zapaldu eta zatitzen duten estatuek hala behartuta baikara NATO eta EBko kide, are gehiago, proiektu kapitalistaren garapenerako tresna gisa sortu ziren estatu espainol eta frantsesa. Eta egun ere inperialismoak dituen tresna garrantzitsuenetakoak dira (NATO eta EBrekin batera) bere proiektua garatu ahal izateko. Honekin batera, jendartearen militarizazioa areagotzen ari da (azken urteetan garatutako kontrol eta diziplinamendu soziala dira honen adierazle, Covid 19aren harira hartutako hainbat neurri kasu). Are gehiago, euskararen kontrako erasoak, erretreten adina atzeratzea, sinbologia espainol eta frantsesaren hedatzea eta Euskal Herrikoaren asimilazio edo folklorizazioa...
Internazionalismotik argi dugu borroka dugula aukera bakarra; une honetan kapitalismoak behar duen homogeneizazio, sumisio eta militarizazioaren aurrean, herri langile gisa antolatzea eta borrokatzea.
Bide honetan, Euskal Herria NATO eta EBren atzaparretatik, baita estatu espainol zein frantsesen espetxetik ere, askatuko duten indarrak aspaldi ari dira lanean, askotariko mailetan eta arloetan, bai auzo eta herrietan, baita nazioartean ere. Jakitun dira Euskal Herriaren etorkizuna ez dagoela inolako erreforma konstituzionalen baitan. Kontua ez baita 78ko erregimena moldatzea, gakoa Euskal Herria herri langileak bururaino eramango duen proiektu sozialista gisa eraikitzea baita.
1977ko ustezko amnistiaren aurrean, Euskal Herriak borrokan jarraitu zuen helburu horrexegatik beragatik, eta uko egin zion Estatu espainolak jarritako tranpari, ederki baikenekien bertan ez zegoela demokratizazio posiblerik. Agerian geratu zen estatuaren iruzurra, azken presoa kaleratu eta hilabete gutxira espetxeak euskal herritarrez betetzen hasi zirenean. Harrez gero milaka izan dira espetxe espainol zein frantsesetan gatibu izandakoak. Batzuen esanetan, merezitako zigorra ordaintzen, besteontzat askatasun haizea.
Ez da zaila asmatzen datozen urteetan beste hainbeste gertatuko dela, gatazkak bere horretan baitirau. Gauzak gordin daude sukaldarien herrian, eta historiaren hari gorriari tiraka darraio herri honek. Horregatik da garrantzitsua preso politikoekiko elkartasuna antolatzea, direnengatik eta izango direnengatik.
Gora munduko preso politikoak!
Gora Euskal Herria internazionalista!