Faxismoaren aurka, apurtu kapitalaren Europa!
Langileon nazioarteko borroka eguna igaro berri den honetan, beste baten aldarria egin nahi dugu gaurkoan, borroka horrek ez baitu etenik izan behar, ezta une batean ere. Maiatzaren 9a faxismoaren aurkako garaipenaren eguna da, II. Mundu Gerran Alemania nazia sobietarrei errenditu zitzaien eguna, eta garaipen hori ekarri nahi izan dugu lehen lerrora azken urteotan nagusiki, memoria antifaxista berreskuratzeko. Gure memoria ezabatzeko eta distortsionatzeko saiakeran, makinaria kapitalistak Europaren Eguntzat izendatu zuen gaurkoa. 1950ean, Robert Schumanek, garaiko Frantziako Kanpo Arazoetako ministroak, maiatzaren 9a hautatu zuen Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa (gaurko Europar Batasunaren aitzindaria) eratuko zuen adierazpena egiteko. 80ko hamarkadaz geroztik, “Europaren Eguna” izenpean estali nahi digute memoria antifaxista. Gaur, Europaren Eguna eta Europar Batasuna izendapenen ondotik zerrendatuko dizkigute “demokrazia”, “elkartasuna” eta “segurtasuna”. Ukrainako gerrak aukera ederra eman die manipulazioan sakondu eta “batasun eta elkartasun europarraren” beharra aldarrikatzeko. Burgesiaren batasun eta elkartasun europarra, ordea, gerra deklarazioa da; gerra langileon aurka.
Zentzu horretan, egunotan bereziki Europar Batasuna zuritzen saiatuko badira ere, ezin digute ikuspegia lausotu. Europar Batasuna, behin eta berriz azpimarratu dugun moduan, burgesiaren klase interesei erantzuten dien instituzioa da, eta bere baitan darama izaera faxista, behar duenean zorrozten duena herri langileon aurka. Europar Batasuna, “europarron segurtasunaren” eta “balio europarren” defentsan, Ukrainako armada faxistak finantzatzen eta armatzen ari da, eta estatu kideak gastuak areagotzen ari dira defentsan nahiz ikerketan. Badirudi Iparrorratz Estrategikoa zeritzon plan estrategikoa ere oharkabean igaro dela, baina ez dira oharkabean igaroko militarizazio hedatua, base eta entrenamendu eremuetako ariketa militarrak (baita Bardean ere), inteligentzia analisietarako gaitasunen garapena eta informazio-manipulazioaren aurkako tresnak, hezkuntza arloko planak... Eta ez dira inolaz ere ari oharkabean pasatzen “pobreen” aurkako diskurtsoak, etorkinen kontrako politikak, matxismoa, jabetza pribatuaren diktadura bera, iritzi eta prentsarako askatasun eza; ezta, era berean, aipatutako alienazio mediatiko-ideologikoa, gizartearen militarizazioa, Estatu poliziala eta Segurtasun Nazionalerako legeak ere. Kapitalak erail egin behar du, bizi nahi badu, eta krisi garaiotan, faxismoa da bere tresnetako bat.
Beraz, horri guztiari aurre egiteko, berreskura dezagun herri langileon borrokarako potentziala, zapalkuntzarik gabeko mundu bat eraikitzeko. Bide horretan, antola gaitezen eta egin diezaiogun aurre faxismoari, tokian toki, fronte desberdinetatik. Jar gaitezen halako erakunde kriminalei aurre egiteko norabidean, Euskal Herri sozialistara eramango gaituen prozesu iraultzailea antolatuz, instituzio horiek suntsitzeko gai izango den prozesua ereinez.
Maiatzaren 6an eta 9an Gasteizen eta Donostian ikusiko dugu elkar.
Apurtu kapitalaren Europa!