2023KO BRIGADAK: ARGENTINA-URUGUAITIK AZKEN KRONIKA
Bizitzaren sostengurako baliabideak dituen herrialde batean, nola da posible pobrezia gora joatea? Nola ulertu 400 milioi pertsonarentzako elikagaiak ekoizten dituen herrialde bat gosez hiltzen egotea? Ez da zaila erantzuna. Sistema kapitalista da, eta argentinar lurraldeetan logika estraktibisten bidez gauzatzen da.
Logika basati hau, pribatizazioen azelerazioaren kariaz, baliabide naturalak ustiatzen ari da. Adibide larrienetarikoa, azken boladan hautsak harrotu dituen kasua da. Iparraldeko Jujuy probintzian, jatorrizko herriek aspalditik dihardute estraktibismoaren kontrako borrokan.
Zonalde horretan, “litioaren triangelua” dago (Argentinak, Txilek eta Boliviak elkarrekin duten mugan), hots, Lurreko litio erreserben %50 inguru dagoen espazioa da. Oso material preziatua da, adibidez, energia baterietan edo teknologia termosolarrean biltegiratzeko duen erabilgarritasuna dela eta. Beraz, garrantzi estrategiko handiko eremua da, Abya Yala osoan nagusi den erauzketa-logikari erantzuten dio: esaterako Amazonaseko deforestazioa, meatzaritza -minerala, harria...-, akuiferoen pribatizazioak, nekazal guneetako monolaborantza eta produktu kimikoen erabilera etab. Jatorrizko komunitateek kapitalari arrotz egiten zaion bizimodu komuna dute oinarritzat. Bizitza versus kapitala kontraesana agerian uzten du kasu paradigmatiko honek: batzuk bizitzeko eta naturarekin harremanetan jartzeko daude bertan; besteek, berriz, ustiaketa eta kapital metaketarako.
Pasa den ekainean, Gerardo Morales probintziako gobernadoreak, beste batzuen mesedetara, konstituzioaren erreforma bat aurkeztu zuen. Aldaketa honekin bi helburu nagusi bete nahi zituzten. Alde batetik, Argentinak Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) duen zorra kudeatzea estraktibismo transnazionalaren bidez. Horretarako, egoera ekonomikoari aurre egiteko, baliabide naturalen ustiapena da kanpo-zorra ordaintzeko erabiltzen den moduetako bat; kasu honetan ura, litioa eta mineralak ateratzen dira, enpresa handien eta kapitalen mesedetan. Beste aldetik, konstituzio berria baliagarria da protestak mugatzeko eta jatorrizko herriak isilarazita mantentzeko, haientzat kaltegarria den testuinguru honetan. Esaterako, hauek dira Moraselen erreformaren artikulu nabarmen batzuk:
- 67. artikulua: “bake soziala eta bizikidetza demokratiko baketsua izateko eskubidea”. Adibidez, aldaketa honek errepide eta kaleen mozketak, edo eraikin publikoen okupazioa debekatzen dituzte. Beraz, Jujuyko herritarrei manifestatzeko eskubidea mugatzen diete.
- 74. artikulua: “lurra lan- eta ekoizpen-ondasun bat da”. Jujuyko Administrazioak eta legeak lurraren zergak, erabilera eta ekoizpena arautzen ditu probintziaren lurralde-garapena eta interes ekonomikoa sustatzeko.
- 36. eta 50. artikuluak indarrik gabe uzten dituzte. Artikulu horiek jatorrizko herrien eskubide batzuk defendatzen zituzten: lurren jabetza eta nortasun juridikoa. Kontuan hartu behar da jatorrizko herrien mundu-ikuskeran sistema kapitalistaren kontzeptu batzuk ez direla existitzen; Lurrarekiko harremana bestelakoa da. Horregatik, ohikoa da okupatuta dagoen lurraren jabetza erregistratuta ez izatea edo nortasun juridikoa ez edukitzea. Erreforma honekin sistema kapitalistak bere kontzeptuak (jabetza pribatua) indartu ditu, baliabide naturalak ustiatzeko, Jujuyko Konstituzioaren onarpenarekin.
Lege-proposamenak Estatu burgesaren berezko logikari erantzuten dio; legeak kapitalismoa bultzatzeko eta babesteko tresnatzat erabiltzen dira. Adibidez, lurraldearen pribatizazioa, jatorrizko herrien bizimoduaren zapalketa, manifestazioen kriminalizazioa, baliabide naturalen kutsadura, etab. Aldaketa konstituzional honek LANE 169 herri indigenei eta tribilei buruzko lanaren nazioarteko bulegoaren hitzarmenean eragiten du. Nahiz eta Argentinako Estatuak berretsi egin zuen 2000ko uztailean, ez du errespetatu jatorrizko herriari kontsulta egiteko legezko betebeharra. Jujuyko Konstituzio Konbentzioak, goizaldean, proposamena legez kontrakotzat hartu zuen eta herriaren erantzuna hasi zen.
Jujuyn errepideen mozketak protesta tresna erabilgarria dira. Oso estrategikoa bilakatu den praktika izan da. Probintziako merkantzia sareak eteten ditu, turismo handiko gunean ere eragina du, eta praktika eraginkorragoa bihurtzen da. Erreforma onartu ondoren, jatorrizko herriek errepide estrategikoak moztu zituzten -Txilerekin lotzen duen 46. ibilbidea eta Boliviarekin lotzen duen 9. ibilbidea-. Mozketa hauek egiten hasi zirenean, beste batzuk ere sortu ziren probintziako hainbat lekutan (poliziaren sistema ahultzen zutelako, ez zegoelako hainbeste agente protesta guzti horiei erantzuteko). Adierazpen horietako batzuk koordinatuak izan ziren eta beste batzuk espontaneoagoak. Litekeena da hori funtsezko elementua izatea gatazkaren etorkizuneko fase batean kohesioa eta antolakuntza maila handiagoa lortzeko.
Azpimarratu behar da Jujuyko gobernuaren errepresioa gogorra izan zela: egun batean errepidea lau aldiz altxatzen saiatu ziren (armaz aurpegira apuntatzen), infiltratutako poliziak armen bitartez ekintzak indargabetzen ere saiatu ziren, isun neurrigabeak jarri zituzten protesta baten grabazioan agertzeagatik soilik (adibidez, 2.600.000 peso, kontuan izanda oinarrizko soldata 400.000 peso direla), komunikabideen zentsura, etab.
Abuztuaren 13an, igandea, egin ziren hauteskunde primarioak, irekiak, aldiberekoak eta derrigorrezkoak (PASO). Jatorrizko herriek mozketak altxatzea erabaki zuten, kideen boto-eskubidean ez eragiteko. Beraz, ostiralean, hauteskundeak baino lehen, errepidetik alde egin zuten, baina bidearen ondoan geratu ziren. Momentu horretan poliziak kokaleku estrategikoak bereganatu zituen, berriro mozketak antolatzea zailtzeko. Era berean, gorteak eta inguruak erabat militarizatu zituzten, protesta-zantzu guztiak erreprimitzeko.
Esan beharra dago Morales gobernadorea Larretarekin batera aurkeztu zela PASO hauteskundeetara, eskuinaren hautagaitzan. Kanpainan, Jujuyn egindako errepresioa erabili zuten indarra eta irmotasuna erakusteko. Estatu burgesen funtsezko zutabeetako bat indarkeriaren monopolioa da, eta Argentinako eskuinak beti aurkezten du bere burua horren defendatzailetzat. Hauteskundeak igaro eta gero, Moralesen kontrako emaitzak jasota, normaltasun errepresiboa Jujuyra itzuli zen. Horrela, gobernuaren poliziak errepideak moztea saihesteko aprobetxatu zuen, eta hauteskundeak amaitu zain zeuden jatorrizko herrietako kide guztiak kanporatu zituzten.
Indar erakustaldi horrek arestian aipatutako ideia indartzen du; Estatu burgesaren kontra doan edozeinentzako mezu zuzena da.
Bestalde, gobernadorearen desinformazio eta zentsura politikak aipatu behar dira. Beste Argentinako probintzietan ez zekiten ezer Jujuyko arazoari buruz. Izan ere, hedabide nazionalek zioten gobernadorea Jujuyren bakearen alde ari zela borrokan, eta jatorrizko komunitateak zirela gatazkaren jatorria, beraiek zirelako errepideak mozten zebiltzanak eta, ondorioz, turismoa, merkataritza etab. oztopatzen ari zirelako. Noski, ez zen ageri inolako informaziorik errepresio polizialak eragindako zaurituei buruz, eta agertutakoa erabat manipulatua zen.
Komunikabide hegemoniko kapitalistek paper oso garrantzitsua jokatzen zuten. Haien erruz, jatorrizko komunitateen benetazko borrokaren arrazoiak (bizilekuen galerak, lurraren suntsiketa, kutsadura etab.) desagerrarazi egin zituzten, biztanle askoren begietarako. Horrek, jakina, eragin politiko, sozial eta ekonomikoak sortzen ditu. Alde batetik, jatorrizko komunitateekiko irudi txarra zabaltzen da, arrazismorako joera handitzen da, borroka politikorako beharrarekiko irudi txarra ematen da eta jendartea desmobilizatzera jotzen da. Bestetik, kapitalismoak dakartzan eragin politiko, sozial eta ekonomikoak desagerrarazten saiatzen da; hala, izkutatu egiten da zapaldutako generoak, komunitateak, arrazak eta klaseak duen beharra kapitalismoaren, patriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei aurre egiteko. Azkenik, desinformazioren bitartez, borroka politikoak isolatu egiten dituzte, hots, Lurreko toki askotako suntsiketa eta zapalkuntza guztien informazioa oztopatzean, borrokan dauden taldeak isolamendura daramatzate. Beraz, inperialismoaren mundu mailako zapalkuntzak elkar lotuta daudela ikustea galarazten da; ondorioz, borroka politikorako ezinbesteko artikulazioak garatzea eragozten da.
Gainera, borroka politikoa transmititzean, gobernadorearen iritziz, mozketen atzean “peronistak” (hauteskundeetara aurkezten ziren aurkari batzuei erreferentzia egiteko erabiltzen zuen kontzeptu hau) omen zeuden, eta probintziako gobernadorearen aurka estatu-kolpea antolatzen ari omen ziren. Beraz, gobernadoreak, “bakearen defendatzaile” irudia erabiltzeaz eta peronisten ekintzak zirela esateaz batera, interes politiko elektoralistak zituen, hauteskundeetara aurkezten zelako.
Jujuyko lurraldean ematen ari den prozesu hau adibide oso interesgarria da kapitalismoak eta inperialismoak funtzionatzeko duten modua ulertzeko. Estatu burgesek nola erabiltzen dituzten administrazioak, polizia eta legedia beraien interes politiko eta ekonomikoak babesteko, sustatzeko eta indartzeko. Beti burgesiaren kapital eta botere politikoaren metaketaren bidean. Era berean, inolako ardurarik erakutsi gabe beraien irabazien atzean uzten duten arrasto sozial, politiko edota ekonomikoaz. Izan ere, Lurreko zenbat eremu geratu dira suntsituak baliabide naturalak lortzeko? Zenbat pertsonek (jatorrizko herriak edo ez) galdu dute bizilekua uraren kutsaduragatik edo agortzeagatik? Zenbat pertsonek galdu dute bizia edo izan dira zaurituak poliziaren erasoengatik? Zenbat langileri lapurtu zaie beraien lanaren emaitza? Zenbat gatazka ez ditugu ezagutu komunikabideen desinformazioagatik? Galdera guzti horien emaitzen erantzulea bakarra da: burgesia. Egoera politiko honen aurrean, argi eta garbi geratzen da zeinen garrantzitsua den Lurreko borroka politikoen arteko harremanak sortzea eta saretzea, informazioa trukatzeko, elkarrengandik ikasteko, elkar laguntzeko. Internazionalismoa delako burgesiaren sistema kapitalista eta inperialista suntsitzeko bide politikoa.