ATZO GAUR ETA BETI, EUSKAL HERRIAK NATORI EZ!

Gaur, martxoak 12, 38 urte bete dira Hego Euskal Herriak Espainiako Estatuak NATOn duen partehartzeari buruzko errefenduma erabat errefusatu zuenetik. Bestetik, datorren apirilaren 4an AEBren eta Europako hainbat estaturen artean erakunde kriminala sortu zuen Washingtongo Itunaren 75. urteurrena izango da. Aliantza "defentsibo" gisa aurkeztua, errealitateak helburu hauei erantzuten zion: alde batetik, SESBen eta haren aliantzen aurkako batasun militarra sortzea, eta, bestetik, Europa AEBetako kapitalaren mende jartzea eta komunismoaren aurrerapena saihestea. Laburbilduz, burgesia atlantistaren interesak gauzatzeko tresna nagusia eraikitzea.

Funtzio hori historian zehar garatzen joan da lurralde-hedapenarekin eta aliantzaren funtzioak indartzearekin, goi-bilera bakoitzean nazioarteko koiunturari erantzunez. Lurralde-hedapenari dagokionez, NATOk 32 kide ditu gaur egun (Suedia eta Finlandia izan dira azkenak sartzen), eta horrek Europa osora hedatzea ekarri du, batez ere, Europa ekialdera . Horri guztiari beste bazkide batzuekin egindako akordioak gehitu behar zaizkio, erakunde kriminalaren irismena handitzen dutenak. Adibidez, Bosnia eta Herzegovina, Georgia, Moldavia eta Ukraina, estatu kide ofizialak izan gabe, erakundearen Vilnako goi-bilerara joan ziren 2023ko ekainean, eta lehen lerroko papera betetzen dute Errusiaren aurkako gerran. Ukrainaren kasuan, 2008ko goi-bileran hura sartzea planteatu zen, Errusiaren hesitzea areagotuz eta herrialdea atlantiar inperialismoaren kontrolpean mantentzen saiatuz; 2014ko estatu-kolpearen eta Donbasseko herri-errepubliken aurkako gerraren arrazoietako bat izan zen, baita 2022ko Errusiaren operazioarena ere.

NATOren 2010eko Lisboako Goi-bileran erakundearen hedapena Europako kontinentetik haratago zabaltzea erabaki zenetik, munduan zehar bazkideekin dituen harremanak indartu eta areagotu egin ditu. Ondorioz, 32 estatu kideez gain, harremanak ditu kide ez diren beste 40 estatu eta nazioarteko erakundeekin. Horren adibide dira Kolonbia (bazkide formala 2019tik), edo Indo Pazifikoko zenbait estatu (Australia, Japonia, Hego Korea eta Zeelanda Berria). Inperialismo atlantistaren eta Txinaren arteko gatazkan duten garrantziagatik, estatu horiekiko lankidetza indartu egin da, eta denak egon dira NATOren azken bi goi-bileretan: 2022an eta 2023an.

NATOren hedapenak eta AEBk beste eragile batzuekin egindako beste akordioek, hala nola estatu sionistarekin, munduko gastu militarraren % 74,3a kontrolatzera eraman du. Hori bereziki nabarmena da Europaren kasuan, izan ere, Estatu Batuen hegemoniaren krisi-testuinguruan, Europar Batasuna erabat lerratu da atlantiar inperialismoaren interesekin. Horren adierazle da 2023an sinatutako "Defentsarako Iparrorratz Estrategikoa" eta Europar Batasunaren eta NATOren lankidetza-deklarazio bateratua.

75 urte hauetako ibilbideak argi erakutsi du NATOren hedapen estrategiak handitzen jarraituko duela, Jugoslavia, Libia edota Sirian izandako esku-hartzeek frogatzen duten bezala. Halaber, garrantzitsua da gaur egungo gatazketako batzuetan izaten ari den papera gogoraraztea, hala nola lehen aipatutako Ukrainako gerran, Sahelen (Frantziar estatuak esku hartzeko mehatxuetan) eta Israelgo estatu sionistaren alde Palestinar herriaren aurkako genozidioan. Kasu honetan, Yemen erasotzera iritsi da, Palestinar herriari elkartasuna adierazteko egindako ekintzengatik.

Begirada Europan jartzen badugu, gastu militarra indartzeaz gain, indartu egin dira diskurtso hegemonikoaren aurka egiten dutenen kontrako politikak: estatuen errepresio mekanismoak indartzea, gerra-diskurtsoa zabaltzea eta bloke inperialista atlantistarekin lerrokatzea, zentsura, kazetari eta erakundeen jazarpena, faxismoaren legitimazioa eta zuritzea, etab. Ildo horretan, garrantzitsua da herri langileen erresistentziaren eta antolaketaren deslegitimazioa eta kriminalizazioa azpimarratzea. Erresistentzia palestinarrari, eta lehenago Donbasseko errepublikari, zilegitasuna kentzearekin batera, borroka horiekiko elkartasun-adierazpenak debekatu eta erreprimitu egin dira. Azken aste hauetan, gainera, Europako politikoei entzun diegu gerrarako prestatu behar garela. Berriro ere, langileria bidali nahi dute burgesiaren interesak gerran defendatzera, dagoeneko gerran ez bageunde bezala; kapitalak langile-klasearen esplotazioa handitu behar duen bakoitzean gogortu egiten den gerra horretan baikaude, bakeaz eta giza eskubideez hitz eginez ezkutatzen saiatzen direna.


Euskal Herrian indar politiko guztiak, inplizituki edo esplizituki, Europar Batasuna eta NATO erakundeak onartzen eta zilegiztatzen dauden honetan, beharrezkoa da 1986ko erreferendumaren espirituari berriro heltzea, bertan Hego Euskal Herriak ezetz esan baitzion NATOri. Beharrezkoa da, eta gure erantzukizuna da, gerra inperialistaren edozein aurrerapen eta legitimazio geldiaraztea (bai Europatik kanpo, bai barruan). Palestinar herriaren aurkako genozidioaren testuinguruan, eta inperialismo atlantistak herri langileen aurka egiten duen erasoaldiaren testuinguru orokorrean, inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu sozialdemokraziaren irtenbiderik gabeko bideen aurka egitea, sistema kapitalistaren basakeria eta bere genozidioak, NATO, Europar Batasuna, Espainiako eta Frantziako estatuak onartzera kondenatzen gaituztenak.

Horren guztiaren aurrean, Askapenatik klase borroka indartzera dei egiten dugu, Euskal Herrian eta gainerako herri langileekin batera, ofentsiba inperialistari aurre egin ahal izateko modu bakar gisa.