Kamaradak sareak euskal neoliberalen praktika inperialistak salatzen jarraituko du

kamaradak

Euskal Herria ez da zapaldua soilik, zapaltzailea ere bada!

Euskal Herria herri zapaldu bat da; gure hizkuntza erasotua da, gure gazteak frantziar eta espainiar historia ikastera behartuak dira, gure langileek hautatu ez duten sistema kapitalista pairatzen dute, gure ama-lurra txikitua da ustezko garapenaren izenean, patriarkatuak gure rol eta jarrerak mugatzen ditu… Eta hau guztia gutxi ez balitz, gure herri honetan badira ere zapaltzaileen morroi diren ustezko euskaldunak, arrotzen esanetara dauden PNV eta NaBai, gure herriaren kontrako estrategian buru belarri daude murgildurik.

 

Gure herriaren zapalkuntzan laguntzearekin ez dute nahiko, euren diru-gosea asetzeko ez dute nahikoa gure herrian burutzen duten negozio ustel andana, eta munduko beste hainbat txokotan euren atzaparrak ipini dituzte, garapenaren izenean, errentagarritasunaren bila, kokapen estrategikoak lortu nahian, gure herrian darabilten politika ustela jasanarazi diete munduko beste hainbat herriei.

Francisco Pizarro edo Hernan Cortés bezalako kolonizatzaileen beharrik ez dute, egun enpresen deslokalizazioa eta Atzerriko Inbertsio Zuzena dituzte erreminta nagusi, kolonialismoa ekonomikoa praktikatzen dute euskal “jatorria” duten enpresa nazkagarriek.

Adibide argia dugu Iberdrola multinazionalarena, munduko herrien aberastasunak lapurtzen ditu energia sektorearen pribatizazioaren bidez, Oaxacan, Guatemalan, Sahara okupatuan, Brasilen, Bolivian eta Txilen beste askoren artean. Azken honetan ematen da euskal inperialismoaren adibiderik larrienetakoa,bertako berezko herritar diren Maputxeek behin baino gehiagotan egotzi diote ESSAL enpresari (Iberdrolak kontrolatzen du honen % 51) ur zerbitzuaren eskasia edo falta ere, eta, uraren eta Maputxeen lurren kutsatzea.

Hau da euskal burgesiaren etika eta negozioa, herri zapaldu batek zapalketa esportatzen du munduan zehar, gure burgesiak zapaltzaileen interesekin bat egin eta gure herrian bertan COKE planta bat eraikiko du. PNVrekin lotura ezin argiagoa duen Josu Jon Imazek munduko herrien kontrako krimen zenbatezinak burutu dituen REPSOLen txotxongilo vascongadoa baino ez da eta wahoranien jatorrizko herriaren kontrako erasoen konplizea. (Petronorren akzioen %95aren inguru du Repsolek beste akzioak BBKren esku daudelarik).

Baina zapalkuntza telebistan agertzen zaigunean azkar asko agertuko zaizkigu krokodilo malkoz eta kondena ahoan. Hor ikusi genituen PNV, NaBai, PSOE eta bestelako enparauak Gazan burututako sarraski sionistaren aurrean kokatzen, zapalduaren eta zapaltzailearen artean distantzia berdinean. Baina denbora gutxi behar izan dute, NOA sionista Donostian kontzertua eskainiko duela, SENER enpresa bizkaitarrak misiletarako gailu elektronikoak salduko dizkio armada sionistari, Maccabiko jokalariak Gasteizen jokatuko dute partida, Bilboko udaletxeak ez du sionismoaren lagun den VEOLIArekin duen kontratua bertan behera utziko…

Euskal Herrian inperialismoak PNV/NaBai du izena, eta hauen aurrean euskal gazteriak aukera bakarra du, antolakuntza, borroka eta internazionalismoa!

 

 


Kamaradak, Gazte Internazionalisten Sarea